EAEko enpresari elkarteak erantzun egin die ELAren eta LABen negoziazioak euskara hutsean egiteko asmoari. Esan du euskara "gaztelania bezain garrantzitsua" dela, eta "zaindu beharreko ondarea" dela, beti ere "inposatu" gabe.
"Euskara denon artean zaindu beharreko ondare komuna da, beti ere inposatu gabe eta hesirik gabe". Hala adierazi du Tamara Yague Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresari elkarteko presidenteak. Adierazi duenez, Confebaskek ez du arazorik hitzarmen mahaietan euskaraz egitearekin eta hori egin ahal izateko baliabideak eskatu ditu.
ELA sindikatuak orain bi aste jakinarazi zuen euskara hutsean negoziatuko dituela lan hitzarmen kolektiboak, eta LABek begi onez ikusi zuen. Bada, aste batzuk geroago, Confebaskek erantzun egin die urtero egiten duten bilera orokorraren inguruko prentsaurrekoan. Yaguek esan du Confebaskek, Adegik, CEBEKek eta SEAk "argiki babesten" dutela euskara. Are gehiago, azpimarratu du Lanbideko, EGABeko eta Osalaneko mahaietan euskaraz ari direla jarduten "inolako arazorik gabe".
Gaineratu du Confebaskek euskara "gaztelania bezain garrantzitsua" sentitzen duela, eta hortaz, baliabideak eskatu ditu hizkuntza horretan jardun ahal izateko, hau da, itzultzaileak. Dena dela, zehaztu du arazoa ez dela hizkuntza, baizik eta mahaia bera sortzea, azken akordioetarako bi urte behar izan dituztelako, dioenez.
Herri itunerako deia
Bestalde, prentsaurrekoan jakinarazi du EAEko probintzien ekonomia %1,9 haziko dela aurten, "esperotako hazkunderik txikiena", nahiz eta argitu duen enplegu sorrera bere horretan dagoela. Ildo beretik, euskal ekonomiaren barruan industriaren sektorearekiko kezkati azaldu da: "Ez dago atzerantz egiten, baina geldirik dago".
Barrurantz begira, eta kazetariei erantzunez, absentismoaren inguruan ere hitz egin du. Esan du kontuz landu beharreko gaia dela, "errudunik bilatu gabe" eta auzia ondo aztertuta. Baja osagarriak ere aipatu ditu. Sindikatuek esan izan dute ez dutela baja osagarriak kolokan jartzen dituen hitzarmenik sinatuko. Yaguek erantzun du ez dituela kenduko, baina "berrikusi" beharreko gaia dela.
Bukatzeko, Confebaskeko presidenteak adierazi du egungo egoerak "guztiz eraldatzen" ari duela euskal ekonomia, besteak beste, teknologiaren industriarekin eta adimen artifizialarekin. Horregatik, dei egin die gizarte eragileei "lehiakortasunaren aldeko herri ituna" adosteko, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetako "sentimendua" gogoratu du, industriaren krisia eta gero hartutako adostasunei erreferentzia eginez.