Konpainiak katalanak aurkeztu du Edesa Industrialentzako bideragarritasun plana: produkzioa doitu, Garagartzako planta itxi eta langileen erdia kalera.
Prentsa ohar bidez jakinarazi zuen Edesa Industrialen zuzendaritzak zein den etorkizunerako bere asmoa: Euskal Herrian termoak eta lapikoak baizik ez ditu ekoitziko eta lanpostuen gehiengoa desagerraraziko du. Fagor Etxetresna Elektrikoen oinordekoak bankuekin duen 70 milioi euroko zorra birfinantzatzeko bideak aurkitu nahi ditu; horretarako, desindustrializaziotik gehiago duen doitze gogorrari ekingo dio.
Azken asteetan langileek behin baina gehiagotan eskatu diote bideragarritasun plan bat aurkeztea enpresari, garbigailuen lineako 30 lagun kaleratzeko espedientea ireki eta beste hainbat postu kolokan zeudela ikusita.
Ostegunean langileekin egindako bileran, negoziazio mahaia zabaldu eta kaleratze espedientea bertan behera utziko zuela hitz eman zieten zuzendaritzako ordezkariek, enpresa batzordean dagoen LAB sindikatuak Twitterrez zabaldu zuenez.
FagorCNAko enpresa batzordearen oharra: gaurko bileran EREa kendu eta etorkizuna aztertzeko mahai bat eratzea erabaki da. pic.twitter.com/NB2m6zUQd1
— LAB INDUSTRIA (@LAB_INDUSTRIA) 2017(e)ko uztailak 20
Aitzitik, horren ostean CNAk iragarri zuen Garagartzan duen lantegia itxi –Basaurikoan eta Eskoriatzakoan ere murrizketak egingo ditu– eta Euskal Herrian duen 350 laguneko lantaldetik 190 eta 220 artean kaleratuko dituela.
Testuinguru horretan, ostiral honetan dute egiteko negoziazio mahaiko lehen bilera langileek, enpresak, Eusko Jaurlaritzak eta Fagor kooperatibak –markaren jabea da oraindik–. Hala, CNAk negoziaziorako muga oso goian jarri nahi izan du proposatutako kaleratze-kopuru eta itxierekin.