Chromebookarekin ikasteak duen eragin kognitibo eta akademikoa aztertzeko ikerketa aitzindaria abiatuko dute EAEn

  • Bi berri potente eman ditu Altxa Buruak: batetik, ikasgelan teknologia digitalaren erabilera murrizteko adituek gidaturiko bidelaguntzan parte hartuko du hainbat ikastetxek. Bestetik, bi urte iraungo dituen ikerketa iragarri dute EAEko ikastetxe ugaritan, alderatzeko ikasleengan zein eragin duen ordenagailu eramangarriekin orain arte bezala funtzionatzeak vs Chromebookaren erabilera egituratua egiteak.

Altxa Burua

2026ko urriaren 5ean - 07:00
Azken eguneraketa: 09:34
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hezkuntza eta osasun munduko eragileek hartuko dute parte ikerketan, EHUtik hasi eta Euskal Herriko Pediatria Elkartea edota Osakidetzaren osasun-ikerketako institutu nagusiak barne. “Atzean dagoen taldea oso potentea eta anitza da; azken finean, halako proiekturik ez da nazioartean egin: metodologikoki ez da erraza eta finantzazio handia behar da”, azaldu dio ARGIAri Telmo Lazkano Altxa Buruako kideak. Berak koordinatuko du proiektua, Sonia Ruiz de Azua eta Joana Jauregizarrekin batera. Aitzindaria izango da, besteak beste orain arte beharbada erakundeek ez dutelako halako proiektu bat egiteko interes handiegirik izan, gehitu du Lazkanok, baina garbi du: gisa honetako azterketa hezkuntzan digitalizazio prozesua abiatu aurretik egin behar zuen administrazioak.

Eta zer da zehazki egingo dutena? Euskal hezkuntza sistema bere osotasunean ordezkatu nahi duen lagina hartuta (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publiko eta kontzertatuak, handi eta txiki, sozioekonomikoki anitzak), 15-20 bat ikastetxe eta 80 ikasgela ingurutan jarriko dute martxan ikerketa kuasiesperimental longitudinala deritzona, printzipioz Lehen Hezkuntzako 5. eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1go mailako geletan. Demagun lau lerroko ikastetxea dela, bada bi gelatan orain arte bezala funtzionatzen jarraituko dute, 1x1 eredua edo ikasle bakoitzeko Chromebook bana eredua oinarri, eta beste bietan Chromebookaren erabilera egituratua egingo dute. Ikasturte hasieran eta bukaeran, eta hurrengo ikasturtearen hasieran eta bukaeran, zientifikoki neurtuko dute eredu batek eta besteak zein ondorio dituen ikasle horien errendimendu akademikoan, gaitasun kognitiboetan eta ongizate psikoemozionalean. Hala, eredu bat eta bestea jarraitu duten ikasgelak konparatuta, helburua da jakitea, “ebidentzietan oinarrituta eta ehuneko ziurtasun oso handiarekin”, ordenagailu indibidualak edo Chromebookak ikasketa prozesuan bitartekari gisa erabiltzeak zein eragin duen aipaturiko arloetan.

Ikasturte hasieran eta bukaeran, eta hurrengo ikasturtearen hasieran eta bukaeran, zientifikoki neurtuko dute eredu batek eta besteak zein ondorio dituen ikasle horien errendimendu akademikoan, gaitasun kognitiboetan eta ongizate psikoemozionalean

Parte hartuko duten eskolentzat aukera ezin hobea dela eta onura handiena beraiek jasoko dutela nabarmendu du Lazkanok, ikastetxe horretan egindako neurketen eta emaitzen datu espezifikoak izango dituztelako. Hala, deialdia egin dute, interesa duten ikastetxeak ikerketan parte hartzera animatu daitezen (honako emailetara idatzi dezakete: joana.jauregizar@ehu.eus, telmoinfo@ni.eus edo soniaruizdeazua@ehu.eus). Asmoa da 2027-28 ikasturtean abiatzea ikerketa.

Bidelaguntza bestelako digitalizazio batera trantsitatzeko

Urriaren 3an egin duten Euskadiko II. Topaketetan, beste berri bat ere eman du Altxa Buruak. Digitalizazioaren inguruan bestelako bide bat proposatzen duen Doitu markoa beren ikastetxean inplementatzea eskatu duten eskolak asko direla aipatu du Telmo Lazkanok, baina denei ezin erantzun eta ikasturte honetan hamabi aukeratu dituztela (publiko nahiz itunpeko). Datorren ikasturtean, beste hamabirekin egingo dute bidelaguntza. Doitu oinarritzen da Altxa Buruak berak kaleraturiko Reset ikerketa zientifikoan, eta bost ardatzetan laburbildu daiteke: mugikorrik ez da onartzen ikastetxean eta Chromebookak ez dira etxera eramaten; pantailaren kontsumoak agenda behar du; arlo pedagogikoan, analogikoa lehenesten da (irakurri eta idatzi paperean) eta balio erantsia duenean baino ez da erabiltzen teknologia; ordenagailuen erabilera indibiduala soilik erabiltzen da konpetentzia digital ikasgairako eta aniztasunari erantzuteko; eta ikastetxean software librea erabiltzen da.

Doitu markoa beren ikastetxeetan inplementatzeko, adituek bidelaguntza emango diete hamabi ikastetxeei: hiru formazio saio eta aholkularitza ikasturtean zehar

Urrats horiek emateko, Reset txostenean parte hartu zuten adituetako batzuek bidelaguntza emango diete ikastetxeei: hiru formazio saio eta aholkularitza ikasturtean zehar. “Helburua da ikasleen garapen neurokognitiboa errespetatuko duen eta ebidentzian oinarritutako digitalizazio osasuntsu eta libre batean oinarritzen den eredu pedagogiko baterako trantsizio-esparru bat eskaintzea”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.