Noam Chomskyrekin bi liburu egin dituen Vijay Prashad idazlea “ikaratuta eta haserre” agertu da, munduko aberats eta boteredunentzako adin txikikoen prostituzio sarea antolatu zuen Jeffrey Epsteinekin, intelektual estatubatuarrak zeukan erlazioaren harira: “Ezerk ezin du azaldu basakeria hori”, adierazi du CounterPunch atarian argitaraturiko gutun batean.
Noam Chomsky linguista eta intelektual estatubatuarrak Jeffrey Epsteinekin zuen harreman estuaren inguruko paper gehiago ezagutu dira, AEBetako Gobernuko Justizia Departamentuak egunotan publiko jarri dituen milioika dokumentuen artean.
Horren harira, Vijay Prashad idazleak bere atsekabea adierazteko gutuna argitaratu du CounterPunch-en. Prashadek bi liburu idatzi ditu Chomskyrekin batera, horien artean intelektualak idatzi duen azkena. Gaur egun Chomskyk 97 urte ditu, eta Massachusettseko Institutu Teknologikoko irakasle emeritua da, baina bajan dago aspaldian osasun kontuengatik, iktus baten ondoren hitz egiteko zailtasunekin.
“Ezinezkoa zen nire lagun eta kolaboratzaile Noam Chomskyren eta Epsteinen arteko posta elektronikoen aurrean beste aldera begiratzea”
(Vijay Prashad)
Prashadek aitortu du Chomsky bere mentore izan dela. Azaldu duenez, berak haurtzaroan sexu gehiegikeriak jasan zituen, eta bereziki eragin izan dio horrek bere bizitzan: “Ezinezkoa zen nire lagun eta kolaboratzaile Noam Chomskyren eta Epsteinen arteko posta elektronikoen aurrean beste aldera begiratzea”, dio artikuluan. “Ikaratuta eta haserre” agertu da, liburuak elkarrekin idazten ari ziren unean, adin txikikoei abusuak egin eta prostituzio sarea osatu zuen milioidunarekin harreman estua izan zuelako bere lagunak.
“Ezikusiarena egin”
The Guardian egunkari britainiarrak argitaratu duenaren arabera, publiko egindako dokumentuen artean, Epsteinek bere abokatu bati eta publizista bati bidalitako e-posta bat dago, “Noam” izenez sinaturikoa, eta ustez Chomskyrena den mezu horretan, Epsteini gomendioa ematen dio: “Ikusi dut zein modu izugarrian ari diren zutaz prentsan eta iritzi publikoan. Min ematen dit esateak, baino uste dut jarduteko modu hoberena ezikusiarena egitea dela”.
Mezua 2019ko otsailekoa da, Epstein New Yorkeko fiskal federalek urte hartako uztailean prozesatu baino bost hilabete lehenagokoa. Epstein 2008an zigortu zuten lehen aldiz prostituzio kasu batengatik eta pedofiloa 2019ko abuztuan hilda agertu zen espetxeko bere ziegan, dirudienez bere buruaz beste eginda, 66 urterekin.
Publiko egindako dokumentuen artean, Epsteinek bere abokatu bati eta publizista bati bidalitako e-posta bat dago, “Noam” izenez sinaturikoa, eta ustez Chomskyrena den mezu horretan, Epsteini gomendioa ematen dio
Beste dokumentu batzuek, ustez, Chomsky eta Epstein elkarrekin Karibera edo New Yorkera oporretara joateko gonbidapenak eta mezuak ere jasotzen omen dituzte, eta harreman hori “izen ezagunez” inguratzeko baliatu zutela dio The Guardian-ek.
“Ezin da halakorik defendatu, nire ustez, ezerk ezin du basakeria hori azaldu”, dio Prashadek gutunaren une batean. Gogorarazi du Epstein eskuin muturrekoa eta sionista zela, boterea eta indarra pilatzeko baliatu zuela adin txikikoen prostituzio eta sexu-abusuen sarea: “Zergatik izan harremana hain libreki jite horretako pertsona batekin? Zergatik eman babesa eta aholkua pedofilo bati bere krimenengatik?”.