Chivitek eta PSOEk euskaldunoi barre berriz ere


2026ko uztailaren 1ean - 10:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nafarroako lehendakariak Lorafna legean euskararen “berezkotasuna” jasotzeko prest dagoela esan du (Aralarren “menditasuna” ere onar zezakeen, bide batez…).

Biba eta txaloka hartu dute berria EH Bilduk, Gara-k eta Noticiasek. “Ziklo aldaketa” ei dator... euskararen “berezkotasuna” Nafarroako Euskararen Legean jasota bazegoen arren, eta horrek, UPN lagun, PSNren politika euskarafoboak aldarazi ez baditu ere.

Berezkotasunak berezkotasun, ekain honetan bertan Lekarozko ikastetxeko klaustroak salatu du Hezkuntza Departamentuak irakasle erdaldunak inposatu nahi dizkiela, euskararen eta euskaldunen kaltetan, orain arte erdarazko klaseak D ereduko irakasleek eman dituztenean. Maiatzean Orkoiengo Udalak (PSN) euskararen ordenantza berria onetsi zuenetik hizkuntza-eskubideak murriztu direla salatu zuten bertako euskaltzaleek. Lehentxeago, Nafarroako ikastolak kalera atera ziren PSNren gobernuak zazpi ikasgela itxiko dituela iragarri ondoren (D eredu publikoko zortzi gela ere itxiko dituzte). Apirilean, Foruzaingoaren 1.200 lanpostutik lautan soilik eskatu zuen euskara Chiviteren gobernuak. Urtarrilean, Corellako ikastetxe publikoetan euskarazko ereduei ezarritako trabak salatu zituen guraso talde batek…

Chiviteren PSNk orain arteko jokabide euskarafoboa zuzentzeko prest dagoela erakustea erraza dauka: ekimen euskarafoboak errotik eten, PAI bertan behera utzi, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaldu...

UPNk ezarritako PAI egitaraua gotortu eta hedarazi du PSNk euskarazko ikaskuntzaren kaltetan. Hezkuntza publikoan D eredua heda ez dadin zangotrabaka dihardu etengabe, euskararen berreskurapena geldiarazteko zonifikazioa betikotzearen aldekoak dira… UPNrekin bezala, PSNrekin ere Erriberan lanpostu publikoak eskuratzeko euskarari ez diote baliorik aitortzen, baina frantsesari, alemanari edota ingelesari bai, Merituen Dekretuak euskararen balioa errotik murriztu du eremu mistoko udaletan…

Nafar euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako neurri andana ezarri du PSNk gobernuan denetik, baita aurretik UPNk hartutakoak erabili eta zorroztu ere, mendetako zapalkuntzaren ondoriozko “errealitate soziolinguistikoari men eginez”, zinikoki adierazi ohi duten gisan. Chivitek euskararen “berezkotasuna” berresteko asmoaren iragarpena bat dator PSNren ohiko jokabide euskarafobo lotsagabearekin. Baina, berritasuna ez da hori. Berritasuna da EH Bilduk eta Gara-k edo Noticias de Navarra-k zein gogotsu eta esker onez jaso dituzten ezer berririk agintzen ez duten bere hitzak.

Chiviteren PSNk orain arteko jokabide euskarafoboa zuzentzeko prest dagoela erakustea erraza dauka: ekimen euskarafoboak errotik eten, PAI bertan behera utzi, Merituen Dekretua zuzendu, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaldu, ikastolak eta D eredu publikoa zaindu, lan deialdi publikoetan euskara, berezko hizkuntza bati dagokion bezala, eskatu… Hala balitz, txalo egiteko prest geundeke gu ere. Bien bitartean, “sozialisten” ohiko jokabide anker eta zinikoaren beste atal baten aurrean gaudela pentsatu behar dugu.

Jon Aleman Astitz, Euskaltzaleen Foroko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...