Urte eta erdi baino gutxiago falta da hurrengo Nafarroako Foru hauteskundeetarako, ohikoan 2027ko maiatzean egingo baitira, eta egoera estuan dira PSN eta María Chiviteren gobernua. Egoerari aurre egiteko, Javier Remirez izendatu du lehen lehendakariorde eta Inma Jurio Barne, Funtzio Publikoko eta Justizia departamentuko kontseilari.
Bidean erori direnak, aldiz, honakoak dira: Felix Taberna orain arteko lehen lehendakariordea, eta Amparo López Barne Kontseilaria eta gobernuko bozeramailea. Asteazken gauean gertatu ziren aldaketak, eta ostegun honetan eman ditu azalpenak María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak: aldaketak ez datoz barne mailako desadostasunetatik, eta batez ere gobernuak behar duen bultzada politiko berriari erantzuten diote. Hori izan da emandako azalpen nagusia.
Espekulazio ugari izan dira, baina lehendakariak ez du askoz gehiago zehaztu, hori bai, bere azalpenetatik argi gelditu da ez zegoela oso pozik Lópezen eledun lanarekin, edo hobetu beharra ikusten duela. Lan hori Remirezi emanda, lehendakariak uste du egokiago eta modu pedagogikoagoan komunikatuko direla gobernuaren politika aurrerakoiak.
Remirez Chiviteren aurreko gobernuan Barne kontseilaria izan zen, baina 2023an Espainiako senatari hautatu zuten; orain Madrilen dimititu eta berriz Iruñera dator. Felix Tabernari baino perfil zorrotzagoa egozten diote, hauteskunde giroan hark baino zorrotzago jardungo duena.
Taberna Nafarroako Ezker Batuko (NEB) zuzendaritzakoa eta parlamentaria izan da urte luzez. Gero NEBetik aldendu eta aurreko legealdian Chiviteren aholkulari aritu zen eta oraingoan lehen lehendakariorde moduan. Ez da PSNko militantea eta horrek aire irekiagoa ematen zion gobernuari, baina, aldi berean, leku askotan irakurri izan da orain ez zegoela eroso PSNren ustezko ustelkeriekin. UPNko lehendakari Cristina Ibarrolak argi adierazi du: “Badaki ustelkeria kasu gehiago aterako direla eta alde egin du”.
Jurio, aldiz, Nafarroako foru parlamentaria izan da 2015etik, baina azken legealdian funtzio publikoko bere lanera itzulia zen. Zeregin parlamentarioetan batez ere barne gaiez aritu zen eta orain departamentu horren ardura eman dio Chivitek. Euskararen gaietan ere aritu izan da eta, esate batera, 2017an Euskararen Legea aldatu zenean 40 herri gehiago eremu mistoan sartu ahal izateko, oso zorrotz mintzatu zen horren aurka: “Legezkoa da bai, Legebiltzarraren gehiengoak hala nahi du, baina inposizio bat da, zuen gehiengoak inposatu nahi dituzuelako, gaur onartzen denak errealitateari bizkar ematen diolako, udalerri hauetan ez dagoelako aldaketa hau egiteko herritarren eskaririk”. Orain, Barne kontseilaria izango da.
Ustelkeria eta hauteskundeak, PSNk gobernua arriskuan
Chivitek horren argi azaldu ez badu ere, inork ez du zalantzarik datorren hauteskunde kanpaina luze eta gogorrari gobernu ahalik eta sendoenarekin erantzun nahi diola lehendakariak. Cerdán eta Koldo auziaren ustezko ustelkeriek, batetik, eta Belateko tunelaren irregulartasunek bestetik, ataka estuan jarri dute PSN. Argi dago arazoek PSOE Espainian eta PSN Nafarroan higatu dutela, lehenean gehiago, bigarrenean baino. Datorren hilabeteetan hobeto ikusiko da aferon norabidea, baina Koldo auziak bero jarraituko duela iragarri liteke, eta oso posible litzateke datozen hilabeteetan ere beste amarrurik ateratzea.
Orain arteko zazpi urteko agintaldian nahiko lasai eta sendotasunez eutsi dio gobernuari Chivitek. Gobernu barrutik Geroa Baik eta Contigo Zurekinek eman dioten sostengua garrantzitsua izan da horretarako, baina are eta garrantzitsuagoa EH Bilduk gobernutik kanpo, legealdi akordioen bidez eman dion segurtasuna. Azken hori, garrantzitsuaz gain, ezinbestekoa izan da. Itxuraz, eskuineko oposizioa eta gobernua sostengatzen duen bloke horren arteko borroka gogorra ikusiko dugu hurrengo foru hauteskundeetan.