ChatGPTri zein muga ezarriko dizkio Europak?

  • Sare sozialei lotutako debeku eta mugen inguruko eztabaidetara ohituta gaude, baina adimen artifizialera egin du salto arautzeko beharrak, ChatGPTk desinformatzeko duen arriskua aintzat hartuta. Nondik norakoak azaldu dizkio ARGIAri Telmo Lazkano osasun digitalaren arloko aholkulariak.


2026ko irailaren 1ean - 12:17
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Berdin dio adimen artifizial sortzailea izan, haurrentzako metabertsoa izan edo sare sozial izan; Europak arautzen du plataforma horren inpaktu sozial, erabiltzaile bolumen eta arrisku sistemikoaren arabera”, dio Telmo Lazkanok, eta alde horretatik, “oso positiboki” baloratu du erabakia: “Interneteko eremu hauetan urte askoan egon den lege-hutsuneari aurre egitera dator”.

Adimen artifizial sortzaile izatetik harago, ChatGPT bilatzaile globaltzat hartu du Bruselak, eta hortik datorkio arautzea: “Adimen artifizialak haluzinatu egiten duela esaten zen, akatsa egiten duela, baina araudi berria esatera dator ez direla akats teknikoak, datu faltsuak aurkezten ditu benetakoak bailiran, eta hori oso arriskutsua da, esaterako osasunari edo hauteskundeei lotutako gaietan”.

Beste puntu inportante bat ere azpimarratu du Lazkanok: adimen artifizial irekiak ematen dituen erantzunak eta lehenesten dituen edukiak auditatuko dituzte, eta hala, besteak beste pistak jasoko ditugu atzean dauden joera eta irizpideak ezagutzeko.

"Araudi berria esatera dator ez direla akats teknikoak, ChatGPTk datu faltsuak aurkezten ditu benetakoak bailiran, eta hori oso arriskutsua da"

ChatGPT bakarrik ez, Roblox eta Reddit ere zorrotzago arautuko ditu Europako Batasunak. Roblox-en kasuan (bideo-jokoak biltzen dituen plataforma), haurrak eta orokorrean erabiltzaileak bertan ahalik eta denbora gehien mantentzeko erabiltzen diren teknika teknologiko-psikologikoak ezabatzen saiatuko dira eta auditoriak egingo dituzte, kontrolatzeko teknika horiek, erabiltzaileen artean egiten diren transakzio ekonomikoak eta pederastia arriskua.

Komunitate handi bat biltzen duen Reddit foroan berriz, eduki desegoki eta ilegalak kontrolatzen dituzten moderatzaile boluntarioak ez dira denera iristen, eta moderazio hori profesionalizatzeko neurriak hartu nahi ditu Bruselak.

Irabazi garbien %6-9 arteko isunak iragarri dituzte, eta hori ere ontzat jo du Lazkanok, zigorra sinbolikoa ez den heinean.

“Produktu lehiakorrak bakarrik ez, etikoak izatea ere beharrezkoa da, eta horregatik dira albiste ona halako arautzeak”, adierazi du adituak. Erregulatzeaz gain, hori bai, “burujabetza digitalean bidea egitea eta berau sustatzea dagokio Europari, behingoz kolonia digitala izateari uzteko”.

“Egia lurperatu dute”

Joan den astean, Instagram eta Facebooki jarritako mugen berri izan genuen. ARGIAn kontatu genuenez, sare sozial horiek manipulatu eta adin txikikoengan adikzioa sustatzea egotzita epaitzen ari ziren Meta konpainia, baina auziari iskin egiteko 17.100 milioi dolar ordaindu zituen. Horri lotuta, konpainiak konpromisoa hartu zuen adin txikikoei sare sozial horien eguneko erabilera bi ordura murriztekoa (de facto, muga hori izango dute instalatuta Instagram eta Facebookek adin txikikoen kasuan, eta hori aldatzeko, gurasoek ezarpenetan sartu beharko lukete eskua). Erabiltzailea plataformatik atera gabe mantentzeko aipaturiko teknikak ere murriztuko dira, teorian.

"Konpainiaren barne-txostenak argitara aterako ziren, bertako langileen ekarpenak entzungo genituen… eta honi guztia iraultzeko abagunea izango zatekeen"

Telmo Lazkanok dio albiste ona dela, baina gazi-gozoa, “zeren Metak paktua lortu ez balu, testuinguru positiboagoan geundeke: haur eta nerabeen osasunaren aurrean enpresaren onurak lehenetsi zituztela azaleratuko zen, konpainiaren barne-txostenak argitara aterako ziren, bertako langileen ekarpenak entzungo genituen… eta honi guztia iraultzeko abagunea izango zatekeen, munduak benetan ikusiko zuelako zer dagoen atzean, baina ordainduta egia lurperatu dute”. Gainera, “epaileak horrekin guztiarekin koherentea den ebazpena emango zukeen”, dio Lazkanok, paktuaren bidez lortu diren mugak baino handiagoak ezarriko liratekeela iritzita.

Kontuak kontu, etorkizunean epaiketa gehiago etorriko direla aurreikusi du adituak.


Adimen artifiziala kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...