PPk, VOXek eta UPNk egin dituzte elkarretaratzeak asteazken arratsaldean, eta Ceuta ez dagoela "salgai" aldarrikatu dute, baita Espainiako Gobernuaren jokamoldea gaitzetsi ere. Metro gutxira izan dituzte, ordea, Euskal Herriko hainbat eragile sozialek deitutako deialdi antiarrazistak, Ez nahastu etsaiz lelopean.
FEMP Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren deiari men eginez –PPk zuzentzen du–, "Ceutako herriaren alde" elkarretaratzeak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, baita Getxon (Bizkaia) eta Tuteran (Nafarroa) ere. "Ceuta ez dago salgai, defendatu egin behar da" bezalako edota Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko buruaren aurkako leloak entzun dira deialdi horietan, horien antolatzaile nagusiak PP eta UPN –VOX batu zaie ondoren– izan direlarik.
Zenbait eragile sozialek, ordea, salatu dute deialdi horiek Ceutako krisi humanitarioaren harira azken asteetan hedatzen ari den eskuin muturraren diskurtsoarekin bat egiten dutela, eta "ideia faxistak" normalizatu nahi dituztela. Horrela, eurek ere elkarretaratzeak deituta aurre egin die lau hiriburuetan –Getxon ere bai–: besteak beste, Mugimendu Sozialistak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Manteroekin Bat eta SOS Arrazakeria taldeek bat egin dute deialdiekin.
Halere, segurtasuna ezin dela bermatu argudiatuta, bi elkarretaratzeak kokapen eta ordu berean egitekoak zirenez Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak neurriak hartu ditu, eta arrazakeriaren aurkako deialdien kokapenak aldatu dituzte, Gasteizen izan ezik: horrela, azken horretan Plaza Berrian elkartu dira; Bilbon, Areatzan; Donostian, Bulebarrean; eta Iruñean, San Frantzisko plazan.
Bi elkarretaratze eta bi diskurtso
PPk deitutako elkarretaratzeen artean, Gasteizen eginikoa izan da jendetsuena: hain zuzen, deialdi horren ondoren Javier de Andres EAEko PPren buruak adierazi du Ceutako muga babestea "denon ardura" dela; elkarretaratze antiarrazistek, ordea, leporatu diete Ceutako egoera baliatu nahi dutela "arrazakeria eta etorkinen aurkako ehiza" zabaltzeko.
Horrez gain, uztailaren 30ean eta 31n Ceutara iritsi ziren eta oraindik hiri horretan jarraitzen duten etorkinen egoera salatu dute: "Ehundik gora pertsona hil ziren uztailaren amaierako gertakarietan, eta milaka pertsonek, horietako asko adingabeak, babes gabe jarraitzen dute, onartu ezin ditugun zaurgarritasun baldintzetan".
Poliziak Espainiako Gobernua gezurtatu du
Milaka etorkin Ceutara iritsi zirenetik egin zituen lehen adierazpenetan, Sanchezek gertakaria "giza trafikoko mafiekin" lotu zuen: Espainiako Poliziaren txosten batek, ordea, akusazio hori gezurtatzen du, esaten baitu antolakunde kriminalek Ceutako krisi humanitarioa ez zutela bultzatu. Hain zuzen, Espainiako presidentea Kongresuan mintzatu da gaiaz ostegun goizean, eta azpimarratu du Gobernuak ez zuela jaso Ceutako gertakaria aurreikusten zuen "ohartarazpen larririk", ohikoetatik haratago.
Milaka etorkinen sarrera bultzatu zuten egileei dagokionez, gainera, Sanchezek esan du antolakuntza planifikatu bat baino, hainbat baldintza batzeak eragin zutela: "Argi dago mafiak egoeraz baliatu zirela mugan zenbait material eta laguntza zerbitzu saltzeko".