Eraso eta istilu larriak Ceutan, Negu Gorriak erakundeko kideen iritsiera ekiditen saiatzeko

  • Erakunde nafarrak jakinarazi zuen hirira joango zirela migratzaileei laguntza ematera, baina "ETAzaleak" eta "erradikalak" izatea leporatuta Ceutako 200 herritar inguru portura bertaratu dira eta istiluak eragin dituzte Espainiako Poliziarekin. Negu Gorriak plataformako kideak zihoazelakoan, manifestariek portura heldu den auto bati arrautzak eta harriak jaurti eta atzeko eta aurreko kristalak hautsi dizkiote: Julia Ferreras Ceuta Ya! alderdi politikoko diputatua eta Rafael Borrego Flotillako aktibista zihoazen bertan.


2026ko irailaren 21ean - 10:55
Azken eguneraketa: 15:10
Manifestariek hautsitako autoa eta Espainiako Polizia, manifestarien aurrean. EFE
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gurutze Gorria GKE gobernuz kanpoko erakundearen ibilgailuei eraso egin zieten Ceutako (Espainia) El Trampolin hondartzan zeuden zien ehunka manifestarik abuztuaren amaieran, errepidea blokeatuta. Igande honetan, berriz, Negu Gorriak erakunde nafarrak jakinarazi ostean migratzaileei laguntza ematera bertaratuko zela, 200 manifestari inguru elkartu dira Ceutako portuko ibilgailuen irteeran, erakundeko kideak iristeko zain: besteak beste, "ETAzaleak" eta "erradikalak" izatea leporatuta.

Iluntzeko 20:00ak aldera, "horietako bat ["ETAzalea"]" zelakoan, hainbat pertsonek portura iritsi den ibilgailu bat geldiarazi, astindu eta arrautzak jaurti dizkiote. Ordea, auto horretan Julia Ferreras Ceuta Ya! alderdi politikoko diputatua, Sofía Acevedo NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen abokatua eta Rafael Borrego Flotillako aktibista zihoazen, eta ibilgailuaren aurreko eta atzeko kristalak hautsi dituzte manifestariek.

Gertakaria

Istiluak geldiarazteko, tirora aire egin dute Espainiako Poliziako agenteek, eta bi lagun atxilotu dituzte. El País egunkariari eginiko adierazpenetan, Ferreras diputatuak azaldu du manifestariak oihuka hasi direla Borrego Flotillako aktibistari "ETAzalea" izatea leporatuz, hiriaren egoera aztertzeko dagoeneko Ceutan bizpahiru egun igaro baditu ere. Orduan, Borregok Ferreras diputatuari deitu dio, laguntza eske.

Ferreras portura heltzean, aktibista haren kotxean sartu da lekutik alde egiteko. "Nire autoan sartu denean, [manifestariak] arrautzak eta harriak jaurtitzen hasi dira; txikitu egin dute ibilgailua", esan du. Gertakariaren bideoa zabaldu du Ceuta Ya! alderdiko diputatuak bere sare sozialetan. 

Negu Gorriaken prentsaurrekoa

ARGIA Ceutan dauden Negu Gorriak kolektiboko kideekin hitz egiten saiatu da. Ekimenetik adierazi dute gertatuko guztia "ordenatu" nahian dabiltzala, eta agerraldia egingo dutela 17:30tan Iruñeko Errekoleten plazan. Bitartean, ez dute hedabideentzako adierazpenik egingo.


Arrazakeria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.