“Ceuta migrazioari bizkarra emanda bizi da”

  • Dozenaka hildako zenbatu dituzte Ceutan (Espainia), pasa den osteguneko migratzaile oldetik. Espainiako eta Marokoko gobernuek akordioa sinatu eta muga gurutzatutako 72.000 migratzaileetatik 70.000 itzularazi ondoren, hiri autonomoan egoera ez da oraindik baretu: hondartzetan dauden ehunka migratzaileek elikagaiak falta dituzte, eta zenbait erakundek salatu dute asilo eskatzaileak ere itzularazten ari direla. Elkarte horietako bat da Elin, ostegunetik egoerari bertatik bertara jarraipena ematen ari dena. María Jimenez-Castro (Ceuta, Espainia, 1997) bertako kide boluntarioarekin hitz egin du ARGIAk. 


2026ko abuztuaren 4an - 13:11
Azken eguneraketa: 2026-08-05 12:42
María Jimenez-Castro María Jimenez-Castrok utzia.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Badirudi egoera apur bat lasaitu dela, dozena milaka migratzaileen itzulerarekin. Zein da egoera egun?

Momentu honetan duela egun batzuk sartu ziren pertsona gehien-gehienak jada ez daude hirian: batzuk beren ekimenez itzuli dira, baina kasu askotan, nolabait, derrigortu egin dituzte Marokora itzultzera. Beraz, hiru eremu nagusitan daude orain migratzaileak: hiriko periferian jende asko dago ezkutatuta, Marokoko eta Aljeriakoak ia denak, itzularaziko dituzten beldur direlako; Tarajal-go pabilioietan, muga alboan daudenetan, batez ere adin txikikoak eta umeak daude, ziurgabetasun egoeran, ez baitakite zer gertatuko zaien; eta foku Nagusia CETIaren –migratzaileentzako behin-behineko zentroaren– inguruan dago, errepidean eta hondartzan. Kopururik ezin dut esan baina, gure estimazioen arabera, 1.000 eta 2.000 pertsona artean daude gutxienez asilo eskatzaile soslaiarekin: Sudan, Yemen, Txad, Senegal, Mali eta Palestinako jendea.

Elinen zein esku-hartze ari zarete egiten momentu honetan?

Elin elkarte oso txiki bat da, kide gehienak boluntarioak gara. Ez gara erakunde handi bat finantza iturri handiekin, ezin dugu heldu nahiko genukeen leku guztietara heldu. Horregatik, ez gara laguntza materiala ematen ari, ez baita gure lana eta ez baitugu baliabiderik hori duinki egiteko. Gure lana da egoeraren jarraipena egitea, uneoro han egotea eta akonpainamendua eta zaintza ematea. Hori egiten dugu esku-hartu ahal izateko han dauden pertsonen eskubideak errespetatzen ez direnean. Egunotan ikusi dugu umeak, asiloa eskatu nahi dutenak itzularazi nahi izan dituztela, eta gure jarraipenaren bidez hori salatzeko mekanismoak jarri ditugu martxan: sare sozialen, ezagutzen ditugun hedabideen bidez, gure lanarekiko sentsibilitatea izan dezaketen politikariekin… Gure lana administrazioekin kontaktua izatea eta presioa eragitea da, ditugun eskaerak helarazteko: alegia, jendea itzularazteari utzi diezaiotela; jatekoa, edaria eta ahal den neurrian jendeari aterpe ematea; eta informazioa eta lege-aholkularitza jaso dezatela asilo eskaerei dagokienez.

"Gobernuaren immobilismo hori nahita egindakoa da, estrategia politiko bat da jende hori fisikoki eta psikologikoki nekatzeko, jendearen etorrera geldiarazteko"

Berriki salatu duzue bost egun jatekorik gabe eman dituztela migratzaileek, gobernuak hondartzetako dutxetako ura ere moztu zuela salatu duzue. Zein izan da Ceutako Gobernuaren erantzuna?

Alde batetik ura dago: orain arte hondartzako dutxetakoa eta militarrek ekarritako kamioi zisterna batekoa baino ez dute izan. Atzo momentu batean moztu egin zuten ura, ur edangarria ez zela argudiatuta; baina hiriko ur bera da. Handik ordu batzuetara, albistea sare sozialetatik eta hedabideetatik zabaldu ostean, berriz jarri zuten ura.

Janariari dagokionez, heldu ziren egunetik ez diete inolako jatekorik eman. Guk salatu dugu gobernuaren immobilismo hori nahita egindakoa dela, estrategia politiko bat dela jende hori fisikoki eta psikologikoki nekatzeko, jendearen etorrera geldiarazteko. Baina  itzularazi duten jende asko, Marokora itzulita, ez da beren herrialdera itzuli; are gehiago, itzuli da herrialde batera bere eskubideak eta bizitza arriskuan dituena. Beraz, atzo lortu genuen udal gobernuak Gurutze Gorriarekin akordio bat martxan jartzea, eta elikagaien banaketa hasi zuten arratsaldeko 20:00etan. Badirudi akordio hori mantenduko dela, baina ez dakigu zein maiztasunetan, zein baldintzatan eta soilik elikagaiak ala bestelakoak ere banatuko dituzten.

Heldu den jende asko asilo eskatzaileak izango direla diozue, baina asko itzularazi dituzte. Zein da asilo eskatzaileen egoera?

Orain momentuan egoera da ez direla ari informaziorik ematen asilo eskaerari buruz eta ez direla ari horretarako bideak zabaltzen. Gure aldarrietako bat hori da, ez badago biderik zabalik ezin baita ezer egin; eta oraindik lanean gabiltza egoera horretan dagoen jendea itzularazi ez dezaten. Zenbait pauso atzerago gaude.

Espainiako Estatuaren eta Marokoren arteko muga, Ceuta (Espainiako Estatua) eta Fnideq (Maroko) artekoa, azken horren aldetik aterata. Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC BY-SA

Ceutako Gobernuak larrialdi nazionala deitu zezala eskatu zion Espainiako Gobernuari, baina hark ukatu zuen. Ze iritzi duzue eskaera horren inguruan?

Momentu honetan ez daukagu inolako jarrerarik, beste kontu batzuetan buru-belarri gabiltzalako. Baina lehen egunean prentsa ohar bat atera genuen esanez hau planifikazio faltaren ondorio dela, Ceutan migrazioa oso era inprobisatuan lantzen baita, ez dago inolako baliabiderik, planik, protokolorik honelako gauzak gertatzen direnean aktibatzeko. 2021ean ere gertatu zen, eta orain askoz ere dimentsio handiagoetan gertatu da. Oraingoa horren ondorio da.

"Krisi honek Ceutako biztanleak deseroso ipini ditu, baina ehun pertsona inguru hil dira; beraz, hiriagatik kezkatzen garen moduan aldarrikatu behar dugu giza eskubideen defentsa eta diskurtso arrazista eta xenofoborik ez izatea"

Gobernuak hartutako neurrien artean Poliziaren presentzia biderkatzea dago, segurtasunaren izenean. Ceutako biztanleriaren artean zein da sentsazioa?

Denetarik dago, badago herritarrik elkartasuna adierazi duena eta ura eta elikagaiak banatu dituena; baina, jakina, erantzun horiek ibilbide mugatua dute, eta, noski, ez da herritarren betebeharra. Batez ere lehen egunetan, beldurra, konfusioa, krispazioa, haserrea... nabarmendu dira. Eta horrekin enpatia izan dezakegu, ulergarria da: jende asko sartu da 20 kilometro eta 80.000 biztanle baino ez dituen hiri batean, geografikoki uharte baten gisa funtzionatzen duena, eta gobernu autonomikoaren eta zentralaren erantzun faltak ulergarri egiten du jendearen erantzuna. Guk aldarrikatzen dugu posible dela dualitatea mantentzea: jendea arduratuta egon daiteke lurraldearen subiranotasunagatik eta etorri daitezkeen erantzunengatik, baina era berean uste dugu garrantzitsua dela diskurtso arrazista eta xenofoboetan ez erortzea. Krisi honek Ceutako biztanleak deseroso ipini ditu, baina ehun pertsona inguru hil dira; beraz, hiriagatik kezkatzen garen moduan aldarrikatu behar dugu giza eskubideen defentsa eta diskurtso arrazista eta xenofoborik ez izatea.

Hain zuzen, eskuin muturreko ekintzaileen bisita izan du hiriak. Beldur zarete hiria eta migratzaileak instrumentalizatzeaz?

Arduratzen gaitu, bai. Bizitzen ari garen momentuotan, emozionalitateak garrantzia handia dauka. Pertsona guztiek azalpenak eta soluzio errazak nahi dituzte, eta errealitatea da Ceutan dagoen migrazio egoera oso konplexua dela maila guztietan, egitura geopolitiko oso konplexu bat du atzean; eta uste dugu, orokorrean, Ceuta migrazio fenomenoari bizkarra emanda bizi den hiria dela. Informazio aldetik horrela da: hedabideek egunerokotasunean migratzaileen eta gorpuen kopuruak eta hirian duten eragina kontatzen dute, baina ez dago politika publikoen aldetik inolako espaziorik, lekurik, mekanismorik gaiaren inguruan sakonago hausnartzen laguntzen digutenik. Inork ez digu galdetzen zergatik dagoen migrazioa, nondik datozen, zein harreman duen nire herrialdeak eurenarekin fenomeno hauek sortu daitezen... Orduan, ulertzen dugu horrelako zerbait gertatzen denean, aipatutako diskurtsoek fenomenoarekiko inolako hurbiltasunik ez duen biztanleria batengana heltzeko erraztasuna izan dezaketela. Horregatik, gure hiru zutabeetako bat da sentsibilizazioa: zenbait institutu eta unibertsitatean, Penintsulatik datozen taldeekin... egiten dugu lan. Eta hor ahalegintzen gara espazioak sortzen heldu diren pertsonen arrazoiak, oinarriak ezagutzen, uste baitugu horri ez zaiola lehentasunik ematen.

Migratzaileen iritsiera masiboaren ondoren, analisi geopolitiko ugarik diote horren arrazoietako bat dela Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia: ezin dela itsaso bidez iritsitako migratzailerik berehala itzularazi. Migratzaile gehienak itzularazteko akordioaren ondoren, Espainiako Gobernuak pneumatikoak jarri ditu itsasoko mugan, beren iritsiera zailtzeko. Elkarte askok salatu duzue giza eskubideak urratzen dituela neurri horrek.

"Itzularazi duten jende asko, Marokora itzulita, ez da beren herrialdera itzuli; are gehiago, itzuli da herrialde batera bere eskubideak eta bizitza arriskuan dituena"

Giza eskubideen beste urraketa bat da hori, batez ere oraindik gorpuak aurkitzen ari diren egunetan, eta beste kontu batzuk askoz lehentasunezkoagoak direnean. Zalantzak ditugu neurri horrek bere helburuak benetan lortuko ote dituen. Baina Auzitegi Gorenaren epaiari dagokionez, duela egun batzuk azaldu genuen gure iritzia prentsa ohar batean, Patuca Hernandez abokatuarekin, eta gezurtatu egin genuen hori denik migratzaileen iritsieraren arrazoia [abokatuak babestu du Marokoko Gobernuak Espainiakoari presio egiteko neurria izan dela, migratzaileak erabili dituela].

Migratzaileak Marokotik Ceutara (Espainia) itsasoz iristen, ostiralean. RTVE

Eta orain, zer? Datozen egunetan zer gertatuko dela ikusten duzue?

Datozen egunak arduraz biziko ditugu, eta bertan egongo gara mekanismo guztiak martxan ipintzeko, berez bete beharko lituzketen neurriak bete ditzaten. Gure aldetik, jarraitzen dugu akordioak betetzen direla zaintzen, Gurutze Gorriaren akordioa mantendu dadin. Hurrengo pausoak dira hondartzan eta CETI inguruan dagoen jendea zentrora sartu dadila, ez dezatela jende gehiago itzularazi eta asilo eskaeren tramiteak hasi daitezela. Ez dakigu zer gertatuko den, baina gure bide orria eta konbentzimendua argiak ditugu.


MIgrazio-nekropolitikak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...