Asteazken eta ostegun gauean gertatu dira istiluak. Tentsioa nabari da hirian, herritarrak kexu agertu dira migratzaileek "hiria eta egunerokotasuna lapurtu" dietela salatuta. Istiluetan aldarri arrazistak entzun dira, hala nola migratzaileak "inbaditzaileak" direla.
Ostegun arratsaldean, ehunka bizilagun, Espainiako eta Ceutako banderak eskuan, migratzaileak dauden hondartzetara bertaratu dira eta txabolak erre dizkiete, "Ceuta ez dago salgai" leloa ahotan, eta gertatutakoa "inbasioa" izan dela oihukatzearekin batera. Bien bitartean, migratzaileak kai muturrean eszenari begira geratu dira, hilabetean hala moduz eraikitako bizitza kiskaltzen ikusi bitartean. Uztailaren 30etik daude egoera horretan, eta hondartzan egiten izan dute lo. Manifestariek Benítez hondartzan istiluak eragin ostean, Trampolín hondartzara joan eta, beste puntuetatik iritsitako bizilagunekin elkartuta, eserialdia egin dute Gurutze Gorria hondartzan sartzea oztopatzeko, eta hala, ez iristeko boluntarioen janari banaketa migratzaileengana. Gurutze Gorriko kamioiek buelta eman behar izan dute, manifestariak ez baitira altxa.
Azken asteetan tentsioa areagotu egin da Ceutako bizilagunen artean. Osteguneko istiluak ez dira bakarrak; asteazken gauean milaka bizilagunek protesta egin baitzuten Ceutako Gobernuaren egoitzaren aurrean, istiluak sortzeraino: ehunka pertsonak hondartzan zeuden migratzaileen jabetzak hondatu eta migratzaileak jazarri zituzten.
Manifestariek salatu dute hilabeteren ostean, "abandonatuta" eta "nekatuta" sentitzen direla, eta migratzaileen presentziarengatik ezin dutela "bizitza normala" egin, segurtasun falta dagoela argudiatuta; "normaltasunera" itzultzea aldarrikatu dute. Ordea, asteazken gauean bestelako aldarria entzun zen kalean, "Inbaditzaileak, kanpora" eta "Haiengana goaz" gisako leloak.
Ultraeskuinaren manipulazioa
Espainiako eskuin muturra elikatu besterik ez du egin orain hilabete 70.000 migratzailek Marokotik Espainiara gurutzatu izanak; izan sareetan, izan aurrez aurre. Ceutako presidente Juan Vivasek azken orduetako migratzaileen aurkako indarkeriazko gertakariak gaitzetsi baditu ere, eskuineko beste politikari batzuek asteak daramatzate txinparta piztu nahian. Espainiako Kongresuko PPko ordezkari Ester Muñozek, adibidez, sareen bitartez istiluen errua "Sanchezen gobernu arduragabe eta aldenduari" bota dio.
Azken egunetako istilu arrazista eta xenofoboetan jendetza bildu bada ere, Ceutako beste bizilagun askok salatu izan dute ultraeskuina egoera "instrumentalizatzen" ari dela eta behin baino gehiagotan irten dira kalera hori gelditzeko. Adibidez, abuztu hasieran Alvise Perez ultraeskuindar probokatzailea eta Nucleo Nacional talde nazia hirira joan zirenean, bizilagunek erresistentzia egin eta geldiarazi egin zituzten.