argia.eus
INPRIMATU
Cesare Battisti iheslari eta idazlea gose greban sartu eta zaintza medikuei uko egin die
  • Asteartean 13. eguna bete du gose greban Cesare Battisti idazleak, Italiako Kalabriako Rossano espetxean. 1980ko hamarkadatik Italiatik herbesteratutako militanteen artean ezagunena, 40 urte egin ditu Battistik atzerrian, Frantzian lehenik, Brasilen gero eta Bolivian azkena, herrialde honetan Evo Moralesek Italiako gobernuari entregatu zion arte 2019ko urtarrilean. Italian AS2 espetxe erregimen oso gogorra ezarrita, hau kendu arte amore ez duela emango adierazi du Battistik, despedida tonuan familiari eta lagunei igorritako gutunean.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 15a
Cesare Battisti. (Argazkia: AFP)

Lundi Matin agerkari frantsesak zabaldu du Cesare Battistik gose grebari ekin eta zaintza medikuei uko egiten diela azalduz espetxetik bidalitako gutuna:

"Hona nire hitzak seme-alaba maiteei, bidaietako nire bikotekideari, anai-arrebei, ilobei, lagunei eta burkideei, lankideei eta hainbeste maitatu eta biotzez sostengatu nauzuen guztioi.

Azken ahalegin bat eskatzen dizuet denoi, ulertzea zein diren arrazoiak preso guztien eta denon duintasun eskubidearen izenean azken ondorioetaraino borrokatzera pusatzen nautenak. Nork bere erantzukizunei aurre egiteko duintasuna norbera izaten jarraituz.

Erradikala da nire hautua, hautu deitu badaiteke, izatez hori geratu denean bitarteko bakarra defenditzeko norberaren amodioa, orain arte nirekin partekatu dituzuen giza balioak eta justiziazkoak, oroimen historikoa eta oroimen afektiboa zaintzeko.

2021eko ekainaren 2an ekin diot gose grebari ondo jabetuta ez dudala atzera egingo eta, beraz, zuei min handia eragingo dizuedala jakitun. Baina aldi berean, ziur dakidala denborak arinduko duenean minaren haginkada nirekin ados egongo zaretela hau zela egin nezakeen ekintzarik duinena saihesteko belauniko hiltzea, botereak zukutua eta helburu lotsagarri guztietarako erabilia izan ostean.

Hori litzateke traizio egitea deriba armatua arte sinetsi ditudan iraganeko balioei. Sekula ez nuen nire burua kriminal sentitu orduan, ez dut sentitzen hala naizenik gaur, tronpatu nintzela jabetzen naizen arren. Beste hainbestek bezala, jarraitzen nien pertsonen eskubide oinarrizkoenen balioei, ez diot nire buruari baimenduko haiei traizio egitea helmugara iristean.

Horra zergatik eskatzen didazuen azkeneko aldiz ni-neu izaten jarraitzeko laguntza eta barka nazazuela eragiten dizuedan oinazeagatik.

Nahi dut oso argi gera dadila nire borroka protesta borroka dela, eskubide ukaezinen aldarrikapena.

Ene erabakiak ez du zerikusirik psilokogia mailako nahasketekin. Eskari objektiboki zehatzak egin ditut, dagozkien agintariei gardenki formulatuak. Beraz, ez da gertatuko inolako zuritzerik, ez ustekabeko jokabiderik, ez aitzakia psikiatrikorik. Hala behar bada, gose grebari eutsiko diot azken arnasa arte.

Ez naiz ergela, biziaren alde ari naiz borrokan.

Pertsona zoragarriak zarete, defenda itzazue beti libertatea eta errespetoa.

Beti biziko naiz zuekin.

Rossano, 2021eko ekainaren 9an

Cesare Battisti"

Cesare Battisti (1954) Komunismoaren Aldeko Proletario Armatuak taldeko kide izan zen 1970ean. Italiako epaileek bizitarako espetxera kondenatu zuten, erakunde haren lau hilketarekin eta beste zenbait ekintzarekin lotuta.

François Mitterrandek babestu zituen ehunka militante italiarretako bat izan zen Battisti. 2004an egin zuen Brasilerako jauzia, Jacques Chirackek Italiara estraditatuko zuen beldurrez, ondoren Boliviara pasatzeko Bolsonaro ultraeskuindarrari ihesi. 2019ko urtarrilean Evo Moralesen gobernuak atxilotu eta estraditatu zuen Italara, Carlos Romero Barne ministroaren esanetan iheslariak ez zuelako babes eskari formalik egin.

Denetara 40 urtetik gora egin ditu atzerrian, Italiara bortxaz itzularazita Rossano espetxean sartu duten arte. AS2 izeneko espetxe erregimen gogorrenean daukate isolatuta. Antzeko egoeran daude beste hainbat militante-ohi gaur egun, horietako azkenak joan den apirilean Frantziak atxilotutako bederatzi italiarrak, denak ere 60 urtetik gorako jendeak Hexagonoan ageriko bizimodu normalizatua zeramatenak.

Battistik urteotan dozena bat eleberritik gora argitaratu ditu, azkena 2020an "Indio" daramana izenburu, eta elkartasun handia bildu du ezkerreko milintanteez gain idazleen artean ere. 2007an, Brasilen zeukanean aterpea, Cesare Battistiren bizitza eta egoerari buruzko artikulua idatzi zuen Koldo Izagirrek Bazka webgunean.