ARGIAk plazaraturiko ikerketak CCOOren "benetako aurpegia" argiratu izana azpimarratu du EHEk: "Guztiaren gainetik, euskara gorroto dute". Sindikatuaz gain, Euskara Denontzat elkartearen eta zehazki, Sabin Zubiri Reyren jokaerak ere salatu ditu euskalgintzako eragileak.
Euskararen aldeko "maskara" jarri arren, CCOO sindikatuaren "benetako aurpegia" argi utzi du EHEk asteazken honetan plazaratu agirian: "CCOO itxurakerietan dabil, lan-eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajarriz eta dikotomia faltsu horren atzean ezkutatuz. Baina argi geratu da: guztiaren gainetik, euskara gorroto dute".
Estrategia horretan Euskara Denontzat elkartearen ekarpena ere salatu du EHEk: "Euskararen aurka egiteko, baliabide ekonomiko nahiz pertsonalak jartzen dihardu, gutxiagotutako hizkuntza eta hiztunak oraindik eta gehiago zapalduz". Euskararen kontrako oldarraldian Sabin Zubiri Reyk duen erantzukizuna ere salatu du EHEk.
Iraganeko zenbait ekintzetan egin izan duen gisara, CCOOren jarrera euskarafoboa salatuta, "euskararen etsaitzat" jo du sindikatua EHEk.