CCOOk onetsi du helegiteak jartzea “beldurra duen langileak eskatuko balu”

  • ARGIAk hizkuntza eskakizunen inguruan egindako ikerketari erantzunez, CCOO sindikatuak prentsaurrekoan salatu du seinalatze kanpaina bat abian dela hainbat elkarteren eta sindikaturen eskutik. Onartu du “beldurra daukan” langile batek sindikatura joz gero, helegitea jartzeko “norbait bilatuko” luketela. Hizkuntza eskakizunen dekretua “sistematikoki” urratzen dela esan du eta euskara eskakizunak errealitate soziolinguistikoaren arabera ezarri behar direla.


2026ko martxoaren 18an - 18:09
Azken eguneraketa: 23:53
CCOOren EAEko zuzendaritza batzordearen prentsaurrekoa Bilbon. CCOO
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Bilbon, martxoaren 18an emandako prentsaurrekoan sindikatuaren EAEko zuzendaritza batzordeko hainbat kidek hartu dute parte. Hitzartzearen hasieran, sindikatuaren hizkuntza politikaren helburuak zein diren azaldu nahi izan dute. Hiritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea “ezinbestekoa” dela aipatu dute, eta horrekin lotuta langileen eskubideak defendatzea. Hirugarrenik, “ezinbestekotzat” jo dute euskara ikasteko erraztasunak bultzatzea. C1 mailara arte euskara ikastea doan izatea aldarrikatu dute eta administrazio publikoarentzat lan egiten duten enpresa pribatu azpikontratatuetako langileak euskara ikasteko liberatzea defendatu dute.

Kazetari batek Errenteriako Udaleko kasuan, atzean talde antolatua zegoen galdetu die Santi Martínez eta Alfonso Ríos hitza hartu duten sindikatuko kideei; ezetz erantzun dute: “Sindikatuko kideak izan daitezke eta talde bateko militanteak ere bai. Beste tokietan egiten dutenaz ez dakigu ezer”. Lanpostuan interesik ez edukita helegitea jartzea baloratzeko eskatuta, sindikatuak egingo lukeela erantzun dute: “Langilea sindikatura etorriko balitz eta esango baligu beldurra daukala, egingo genuke, bilatuko genuke jendea helegitea jartzeko”.

Derrigortasun indizearen garrantzia

Sindikatuak adierazi duenez, euskara eskakizunak “proportzionaltasunez eta progresibitatez” ezarri behar dira eta aplikazio horretarako oinarria derrigortasun indizea da. Indizea lekuan lekuko errealitate soziolinguistikoaren arabera ezarri behar da. CCOOren ustez, “hizkuntza eskakizunen dekretuak argi dio hori”. Adibidea jarri du: ezin dira hizkuntza eskakizun berberak ezarri Azkoitian eta Bastidan, batak eta besteak errealitate soziolinguistiko desberdinak dituztelako. Eusko Jaurlaritzaren dekretua administrazio “asko” ez direla ari betetzen salatu dute, “sistematikoki” urratzen dutela, eta hainbat alditan lanpostu denetan ezarri dituztela hizkuntza eskakizunak. Eta gehitu dute: “Gustatu ala ez, betebehar legal bat da”, errealitate soziolinguistikotik abiatuta derrigortasun indizeak errespetatzea. Prentsaurrekoaren bukaeran, kazetari batek galdetu du ea derrigortasun indizeak ez al duen abiapuntu bat zehazten. CCOO kideak hala erantzun dio: “Herri honetan esaten da gutxienekoa adierazten duela, baina dekretuak dio, izenak berak dio, derrigorrezkoa dela. Administrazio bakoitzak bere egoera soziolinguistikoaren arabera errespetatu behar du. Egia da dekretuak dioela progresiboa izan behar duela eta bilakaera [errealitate soziolinguistikoen bilakaera] analizatu behar dela”.

Sindikatuak jarritako helegiteek derrigortasun indizeak ez betetzeari erantzuten diotela esan dute. Alegia, “bidegabekeria horien ondorioz pertsona batzuk kalean gelditzen dira eta lanpostu horiek babesteko, haien eskubideak defendatzeko, tresnak dira helegiteak”. Jakinarazi dute 2010etik 22 prozesu judizialetan hartu dutela parte, gehienak azken urteotako egonkortze deialdietan.

Hainbat sindikatuk eta elkartek jomugan jarri izana salatu dute

Euskararen alde daudela berretsi dute, haien jarrera “integratzailea” dela azpimarratu dute, “inor atzean uzten ez duena” eta ondorio laboralak kontuan hartzen dituena. Horren aurrean seinalatze kanpaina bat dagoela salatu dute eta sindikatu eta elkarte batzuen jarduna aipatu dute, izenik eman gabe: “Epaitegi aurrean elkartzen dira lanpostuak salbatzen dituzten sententziak errekurritzeko eskatzeko. Hori bai da ohiz kanpokoa herri honetan”. Prentsaurrekoan eman duten dosierrean, CCOOren hainbat egoitzaren aurka egindako pintaketak eta ekintzak jaso dituztela ohartarazi dute; “euskarafobo, supremazista eta eskirol-espainiarrak” deitu dietela. Gehiengoa duten sindikatuen aldetik irainak, gezurrak eta deskalifikazioak jaso dituztela, “edozein talde ultra, xenofobo eta natibistak sinatzeko modukoak”. Azaldu dute “apartheid sozialaren azken kapitulua” Korrikaren erabakia izan dela: “Lehenengo, EITBko aurkezpenera joateko betoa jarri ziguten eta orain zegokigun kilometroa kendu digute. Ulertzen dugu Euskadiko CCOOren zuzendaritzari jarri diotela betoa. Nahiz eta apartheid soziala eragiten saiatu, gure jendeari deitzen diogu Korrikan parte hartu dezan. Korrika egingo dugu gure seme-alabekin, bizilagunekin, auzokoekin...”.

Galderak alderdi politikoei

Ezker Anitzari eskerrak eman dizkiote. EH Bilduri, EAJri eta PSE-EEri hainbat galdera egin dizkiete: “Zein toki izango dute euskaraz hitz egiten ez duten langileek etorkizunean? Zein lanpostutan kokatuko dituzue? Zer egingo duzue euskaraz egiten ez duen %90arekin? Hizkuntza politikan adostasuna bultzatzen ari zarete ala adostasun faltsu bat ari zarete bultzatzen, aniztasunik gabekoa?”.


Oldarraldia ikerketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.