Ane Elordi Korrikako arduradunak asteazken goiz honetan Euskadi Irratian jakinarazi duenez, CCOO sindikatuak ez du egingo aldez aurretik aurreikusita zuten kilometroa. AEKk dio ez dela bateragarria euren jardunbidea eta Korrikaren mezua. PSE-EEk jakinarazi du "CCOOri jarri zaion betoagatik" ez duela parte hartuko.
Ostegun honetan aterako da Korrika Atharratzetik eta horren karietara egin diote elkarrizketa Euskadi Irratian. Galdetu diote Errenteriako Udalaren LEPean izandako helegitearen auzia dela eta –ARGIAk azaleratu duena–, sareetan eskatu dela CCOOk ez parte hartzea Korrikan.
Kazetariak galdetu dio ea horrek kezkatzen duen eta gaiaz zer iritzi duen: “Guretzat Errenteriako Udalaren oposizioarena mugarri bat izan da. Orain arte izan ditugu harremanak eta lan ildoak berak izan ez arren, momentu batzuetan bidean elkar topo egin dugu, eta Korrikan parte hartu izan dute, lekukoa eraman dute. Kezkaz bizi dugun gaia da, beraiekin bildu gara eta adierazi diegu ez dugula bateragarria ikusten euren jardunbidea eta Euskara gara aterkipean egingo dugun Korrikaren edizio hau, eta lekukorik ez dute hartuko”.
Ea hori Korrikaren erabakia izan den galdetuta, Elordik zera erantzun du: “Haiekin hitz eginda hartu da erabakia, bateraezina dela adierazi diegu, eta haiek onartu dute ez parte-hartzea”. Izan ere, gero kaleratutako prentsa oharrean, AEKk jakinarazi du astelehenean bildu zela CCOO sindikatuarekin, eta ARGIAk kaleratutako informazioa egiazkotzat jotzen dutela helarazi zion sindikatuari, eta jardunbide hori Korrikaren mezuaren eta AEKren jardunaren aurkakoa dela ondorioztatu du AEKk: "Jardunbide antolatu eta sistematiko hori badoa euskararen ezagutza unibertsalaren kontra, euskara alor guztietan etabiltzeko nahi orokorraren kontra eta, finean, euskaldunon hizkuntza-eskubideen kontra". Horrela, 24 orduko epea eman zion AEKk CCOri bere jarrera adierazi dezan: eta asteartean CCOO berak onartu zuen ez duela "bere burua 24. Korrikan ikusten".
PSE-EEk jakinarazi du ez duela parte hartuko Korrikaren aurtengo edizioan, "CCOOri jarritako betoagatik". Alderdi sozialistak zera salatu du: "Euskararen ikaskuntzari eta erabilerari buruz kontzientziazioaren eta hizkuntzaren inguruan adostasunak sortzen lagundu beharrean, sustatzen duen aniztasunetik oso urrun dagoen eremu batean kokatzen du ekimena".