argia.eus
INPRIMATU
Iturgaiz “sozialista, komunista, sezesionista eta ‘batasuno’-en Fronte Popularrari” aurre egiteko prest
  • Carlos Iturgaiz EAEko PPko lehendakari ohi eta diputatu ohia izango da apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako PPren lehendakaritzaraiko hautagaia, Madrilgo PPko zuzendaritzak Alfonso Alonso postu horretarako erretiratu ondoren.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 24a
Iturgaiz izango da apirilaren 5eko hauteskundeetarako PPren hautagaia.

Alfonso Alonsok berak iragarri zuen albistea igandean, bere Twitter kontuan. Egun horretan Pablo Casado PPko buruzagi nagusiarekin hitz egin zuen telefonoz eta honek jakinarazi zion ez zela PPren hautagaia izango. Genovatik diote bien arteko erabaki  bat izan zela, baina Alonsok argi utzi zuen bere txioan Casadoren erabakia izan zela.

Igande honetan jakin zen, halaber, PPko hautagaia Carlos Iturgaiz izango zela. Erabakiak lurrikara ekarri du EAEko PPra, bai Alonsorekin gertatutakoagatik eta bai bertako zuzendaritzan ez delako ikusten egoki Iturgaiz moduko pertsona bat. Zenbait iturriren arabera, Rosa Diez PSE-EE eta UPyDko buruzagi ohia ere Alonso ordezkatzeko izenen dantzan egon da. UPyD oraindik desagertu ez bada ere, Espainiako iragan hauteskunde orokorretan Diezek PPrentzat eskatu zuen bozka eta bere hauteskunde ekitaldietan ere parte hartu zuen.

Alfonso Alonso eta EAEko PPko zuzendaritza ia gehiena Soraya Saenz de Santamaríaren alde agertu zen PPko primarietan Pablo Casadoren aurka lehiatu zenean . Casadok irabazi zuen eta harrez gero Genova eta euskal PPren arteko desadostasunak handituz joan dira. Horien ondorioz, esate batera, Borja Semper Gipuzkoako PPko buruak politika utzi zuen urtarrilean, iturri ofizialen esanetan "arrazoi pertsonalak" argudiatuta.

PP eta Ciudadanos

Alonso baztertzeko erabakia oso lotuta dago PPk Espainiako Estatuan Ciudadanosekin erabaki duen aliantza politikarekin. Kataluniako eta EAEko hauteskundeetarako zerrenda bateratua bultzatu nahi du, lehenago proposatutako Espainia Sumaren ildotik. Bide batez, epe laburrera, azken hauteskundeetan oso ukitua atera zen C's behingoz fagotizatu nahiko luke. Norabide horretan Casadok eta Alonsok ikuspegi desberdina agertu dute EAEko zerrendak osatzerakoan. EAEko zuzendaritzaren ustez, C's bakarrik aurkeztuko balitz, ez luke ordezkaritzarik lortuko eta horregatik, ez lioke eskainiko ateratzeko moduko posturik, ez behintzat hiru lurraldeetan.

Casadok estatu mailako aliantza lehenesten du, eta horretarako C's-i ordezkariak ateratzeko moduko postuak eskaini dizkio EAEko zerrendetan. Desadostasun horien ondorioz, Alonso ez zen joan ostiralean Madrilen bi indarren artean akordioa sinatzeko ekitaldira. Hori izan da Alonso guztiz baztertzeko leherkaria. Nafarroan Navarra Sumak izandako emaitza ona ere etengabe du buruan Casadok eta foru erkidekoa estatuko ahalik eta toki gehienetan errepikatzeko asmoa du.

Iturgaizen itzulera, baita sareetara

Astelehen goizean Radio Euskadiri emandako adierazpenetan, Carlos Iturgaizek aurreikuspenak bete ditu eta ozen esan du badatorrela Espainia defendatzera, Euskal Herriko leku askotan "bizitza eramangaitza egiten zaielako" hori egiten dutenei. "Aurrez aurrez dugu sozialista, komunista, sezesionista eta batasuno-en Fronte Popularra" adierazi du lehendakarigaiak, "eta honek guztiz kaltetzen du Espainiaren batasuna".

Iturgaizek politika utzi zuen PPk ez zuenean sartu Europako Legebiltzarreko hauteskundeetako azken zerrendetan. EAEko PPko lehendakaria izan zen eta beti nabarmendu izan da abertzaletasunaren aurkako bere diskurtso gogorragatik. Orain Pablo Casadoren eskutik itzuli bada ere, Soraya Sáenz de Santa Mariaren alde agertu zen PPko primarietan.

Sare sozialetan oihartzun handia izan du gaiak, besteak beste Iturgaiz beti izan delako oso polemikoa bere jarrera eta adierazpen publikoekin.