Carlos Garaikoetxea hil da, frankismoaren osteko EAEko lehen lehendakaria

  • 87 urte zituela hil da Carlos Garaikoetxea, frankismoaren osteko lehenengo lehendakaria, bihotzekoak jota. Diktaduraren ondoren euskal erakundeak martxan jartzen buru-belarri aritu zuen politikari nafarra. 1980tik 1985era gidatu zuen Jaurlaritza. Eusko Alkartasunaren sortzailea ere izan zen. Bere ondare politikoa instituzioen berreskurapenari eta autogobernuaren indartzeari lotuta geratuko da, trantsizio demokratikoaren funtsezko urteetan.

Carlos Garaikoetxea, 2011ko argazki batean. Josu Santesteban / ARGIA (CC BY-SA)

2026ko maiatzaren 4an - 17:19
Azken eguneraketa: 19:53
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Carlos Garaikoetxea Iruñean jaio zen 1938an, nekazaritzan lan egiten zuen migrante familia batean. Iruñeko Eskolapiotan ikasi zuen lehenengo eta, gero, Zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean, eta Londres eta Parisen segitu, Wikipedian jaso dutenez. Euskara ama hizkuntza ez bazuen ere, ikasi egin zuen.

Etxera itzuli zenean, sektore pribatuan egin zuen lan eta zuzendari karguak izan zituen Nafarroako zenbait enpresatan. Nafarroako Komertzio eta Industria Ganberako buru izatera iritsi zen eta, erakunde horren ordezkari, Nafarroako Foru Batzordeko kide izan zen.

1975ean EAJko kide egin zen eta 1977an alderdi horretako buru nagusi izendatu zuten: Euskadi Buru Batzarreko lehendakari. 1978an Euskadiko Autonomia Estatutua moldatu zuen batzordeko kide izendatu zuten eta Nafarroako parlamentuko kide aukeratu zuten 1979ko apirileko hauteskundeetan. Urte bereko uztailean aritu zen, Espainiako gobernuburu Adolfo Suárezekin estatutuaren aldeko negoziazioetan. 1980 eta 1984ko legegintzaldietan Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakari hautatua izan ondoren, orduan bere alderdi EAJrekin liskar larriak izan eta alderdia zein lehendakaritza utzi zituen 1986an; urte berean, Eusko Alkartasuna alderdia sortu zuen.

Garaikoetxea 1980an. ARGIA / ARGIA (CC BY-SA)

Lehendakari izan zen bitartean, gobernua eta autonomiako erakunde gehienak eraikitzen joan ziren eta Euskadiko 1979ko Autonomia Estatutua ere orduan garatu zen. Gernikako Estatutuaren onarpenaren ondoren, 1980an, Euskal Gobernuaren lehendakari aukeratu zuten, eta 1984an, berriro, 32 parlamentarirekin. Urtebete geroago, alderdiko zuzendaritzarekin sortutako desadostasunak medio, Jose Antonio Ardanzak hartu zuen haren lekua.

Garai hartan hartutako konpetentzien arabera, 1981ean Osakidetza sortu zen, 1982an, Ertzaintza eta, urte hartako abenduaren 27an, EiTBk lehen emisioa egin zuen. 1981ean, Kontzertu Ekonomikoa ere lotu zen. Beste gertakizun ezagunen artean, hurrengoak daude: Joan Paulo II.aren bisita, 1983ko uholdeak, 1980ko Ortuellako leherketa eta 1985eko Oiz mendiko hegazkin istripua, besteren artean.

Carlos Garaikoetxea, 1996ko argazki batean. Alberto Elosegi / ARGIA (CC BY-SA)

Arzalluzekin ika-mika eta haustura

1975ean sartu zen EAJn, Franco hilko zen urtean. “Une horretan, EAJ gehiago zen mugimendu bat alderdi bat baino”, leitu ahal zaio 2011an. “Diktadura batean ez daukazu gobernu ardurarik, eta gobernu ardurarik gabe nekez erantzungo diezu gizartearen arazoei; hori hala, mugimendu berean tendentzia oso ezberdineko jendea pilatu daiteke (...) Baina gobernatzen hastean, gizartearen arazoen irtenbide bila abiatzean, berehala sortu ziren lehenengo kriki-krakak”. Zein gatazka? Besteak beste, elkarrizketa horretan, Lemoizko zentral nuklearraren auziaz ari zitzaion Sustrai Colinari: “Nik erreferenduma eskatzen nuen, baina nire alderdiak ez ninduen babesten, nik txintik ere jakin gabe Iberduerorekin [zentralaren atzean zegoen enpresa, gerora Iberdrola] akordioak zituelako”. Eta gauza bertsua NATOrekin.

“Arazoaren muinean, herri ikuskera bat zegoen”, zioen Garaikoetxeak. “Lurraldetasuna eta probintzianismoa”. Azken horrekin amaitu behar zela defendatu zuen azkenera arte, nazio gobernuaz hitz egin behar zela, eta “aldundiez gutxiago”. Zera zioen: “Beti proposatu dut Iruñea hiriburutzat, eta Gernikako Estatutuak halakorik ez bazioen ere, Iparraldeko eta Nafarroako herritarrei funtzio publikoan sartzeko atea ireki nien; ordurako, txokeak aurrez aurrekoak ziren, eta bigarren legegintzaldirako zepoa jarri zidaten; eta nik ez nuen segi nahi, oso minduta bainengoen Xabier Arzalluz [EAJko buru] eta konpainiak, nafarrei bizkar emanez, Jaime del Burgorekin [UCD, Espainiako zentro-eskuina] paktatu zutelako”.

Hego Euskal Herria batzearen ideia ere presente izan zuen Garaikoetxeak. Eta gai hori oso aktuala da. Horretan ari da UPN: dagoeneko urte honetan hiru aldiz saiatu da Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra indargabetzen. Izan ere, xedapen horrek zirrikitu bat zabaltzen du Espainiako legedian, inoiz Nafarroa eta EAE batu daitezen. Eta Gernikako Estatutuak ere bai. Garaikoetxeak honela zioen 2002ko Larrun monografiko batean, Pello Zubiriak eta Xabier Letonak eginiko elkarrizketa mamitsuan: “Gernikako Estatutuak badu bere sarreran euskal komunitate berezko baten definizioa, esaten duenean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak badutela komunitate politiko bat osatzeko eskubidea eta beren herritarren erabakiaren mende dagoela”.

EAJko buruzagitzarekin izandako desenkontruak ez ziren gutxi izan. Tentsio betean zeuden Garaikoetxea eta Arzalluz, errealki zalantza zegoelako, besteak beste, sortu berriak ziren Eusko Jaurlaritzan eta aldundietan nori zegokion eskumenak eta baliabide ekonomikoak nola banatu erabakitzea, Jaurlaritzari edo EAJren zuzendaritzari. Eztabaidak lehertu egin zuen 1984ko abenduan, EAJren Batzar Nagusian. Garaikoetxeak lehendakari kargua eta EAJko afiliazioa utzi zituen kolpetik; Jose Antonio Ardanzak ordezkatu zuen. Eta handik bederatzi hilabetetara, Eusko Alkartasuna sortu zuen Garaikoetxeak.

EAren bidea

Eusko Alkartasunaren sorreratik EAko lehendakari izan zen, 1999ra arte. Apurka-apurka goi mailako politikagintza utzi zuen, bai alderdi barruan, baita erakundeetan ere. Izan ere, EAk 1999ko azaroan Iruñean egin zuen kongresuan kargura berriz aurkezteko asmorik ez zuela adierazi zuen, eta Begoña Errazti hautatu zuen EAk haren ordezko. Alderdiaren ardura utzi arren, EAko legebiltzarkide eta alderdiaren talde parlamentarioaren bozeramaile izaten segitu zuen Gasteizko Legebiltzarrean bost legegintzaldi egin zituen legebiltzarkide gisa, baina adierazia zuen 1998an legegintzaldi hura amaitutakoan ez zuela inolako kargu publikorik hartuko, eta 2001ean Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu zirenean berretsi egin zuen ez zela hautagaien zerrendan agertuko.

EAren barne zatiketa testuinguru honetan, egungo zuzendaritzarekin kritiko direnen aldean lerratu izan da Garaikoetxea. Hau da, EAk EH Bildu barnean rol apala jokatzen duela uste dute.

Carlos Garaikoetxea, 1996ko argazki batean. Alberto Elosegi / ARGIA (CC BY-SA)

Politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.