argia.eus
INPRIMATU
Carles Riera: “Estatuak indarkeriaz jokatzen badu, desobedientzia zibilarekin eta mobilizazio jendetsuarekin erantzungo dugu”
IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 20a
Carles Riera CUPeko diputatua. Argazkia: Kaos en la red

Abenduaren 21a tranpa bat al da?

Abenduaren 21a Espainiako Gobernuaren probokazioa eta erasoa da. Erronka bat da guretzat tranpa ez bihurtzea. Estatuari egoera bere aurka itzuliz gero ez dago arazorik, baina tranpa bihurtzea saihestu behar dugu. Determinazio eta adimen handiz jokatu behar dugu. Justifikaziorik gabeko eta alferrikako larderiazko ekintza bat da. Erantzun sozial handia eragitea erabat logikoa eta naturala da.

Nola irudikatzen duzue ostiraleko eguna? Mossoen edo Espainiako poliziaren kargen, edo indarkeria eragin nahi dutenen beldur zarete?

Indarkeria eragin nahi dutenak Espainia, bere kloakak eta eskuin muturra dira. Segur aski, zeharka estrategia honekin afinak diren polizia talde edo sektoreak egongo dira. Azpimarratu behar da, une honetan indarkeriaren estrategia Espainiari, bere kloakei eta Espainiako hedabideei komeni eta interesatzen zaiela.

Logikoa, demokratikoa eta desiragarria da Ministroen Kontseiluaren bilera bezalako probokazio baten ondorioz, erantzun sozial jendetsua ematea. Estrategia irabazlea indarkeriaren kontakizunean ez erortzea da, beraz, desobedientzia zibil aktibo eta indarkeriarik gabekoa berresten dugu. Beti egin dugun bezala.

Modu irmo, jendetsu eta eraginkorrean erakutsi behar dugu gure gaitzespena. Mugimendu independentistak estatuaren hegemoniari aurre egiteko gaitasuna eta indarra duela erakutsi behar dugu.

Generalitatearen diskurtsoak protestak kriminalizatzen laguntzen al du?

Jakina. Gertatzen da Generalitateak babesten dituenean eskuin muturreko taldeen, ultren, nazien eta xenofoboen manifestazio eskubidea eta adierazpen askatasuna babesten dituenean, eta bortizki erreprimitzen duenean mugimendu antifaxista.

Gure demokraziaren kontzeptuan, eskuin muturrak, faxismoak eta naziek ez dute tokirik. Gizarte eta giza garapenerako, atzean utzi behar ditugun planteamenduak dira. Oso irmoak izan behar dugu. Horrelako manifestazioak ezin dira baimendu edo kapsulatu egin behar dira.

Horregatik Buch kontseilaria eta Barne Ministerioko kupularen kargugabetzea, eta segurtasun eredu berri bat eskatu ditugu. Generalitateak ezin du Espainiako Mozal legea aplikatu.

Estatuaren aurrean agerian uzten duten botere eza, kemen handiz ordena publikoa mantenduz arintzen saiatzen dira. Oso penagarria da.

Independentismoak bere gain hartu behar du Estatuak indarkeria eragin dezakeela?

Indarkeriarik gabekoa eta modu demokratikoan konpondu daitekeen gatazka izatea gustatuko litzaiguke. Oso argi utzi behar dugu indarkeriarik gabeko bidean gaudela eta armagabeturik goaz.

Espainiako Estatua da armaturik dagoena eta indarkeriarekin mehatxu egiten duena. Estatuak indarkeriaz jokatzen badu, desobedientzia zibila eta mobilizazio jendetsuarekin erantzun beharko dugu.