Auzitegi Konstituzionalak diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua amnistiatzeko eskatu du, eta Puigdemonten aurkako atxiloketa kentzeko agindua handik gutxira eman du Auzitegi Gorenak.
Bederatzi urte pasatu dira Kataluniako Generalitateko presidente ohia eta bere hurbilekoak erbesteratu zirenetik, 2017ko independentziaren aldeko procés-a hasi zenetik, alegia. Erreferenduma antolatu zuten Katalunian, baina Espainiako Estatuaren errepresioaren aurrean buruzagi gehienek kanpora ihes egin behar izan zuten.
Haien itzulerak sekula baino posibleago dirudi, ordea. Auzitegi Konstituzionalak Generalitateko Lan kontseilari ohi Dolors Brassa amnistiatzeko eskatu du, egotzia zitzaion diru publikoaren erabilera bidegabea baliogabetzat jota. Handik denbora gutxira eman du Gorenak sententziaren berri, Puigdemonten aurkako atxilotze agindua kentzen zuena. Bertan behera utzi ditu baita Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohien aurkako atxilotze aginduak ere. Hirurak Bruselan bizi ziren 2017az geroztik.
Hala ere, sententzia "behin-behinekoa" dela azpimarratu du Auzitegi Goreneko Pablo Llarena presidenteak, eta Puigdemontek Auzitegi Konstituzionalaren aurrean pausatutako helegitea aztertzeko denboran bakarrik balioko zuela. Gaineratu du azken sententzia eman aurretik atxiloketa agindua ez kentzeak "kalteak" eragin zitzakeela. Hain zuzen, Konstituzionalaren sententziak Gorenaren jokabidea kritikatu ere egin du, Espainiako Kongresuak 2024an bozkatutako amnistia legea osoki kondutan ez hartzeagatik: batez ere legearen helburuari ez kasu egitea, hau da, "elkarbizitza eta kohesio soziala hobetzea", eta "sentsibilitate politiko askotarikoak integratzea".
Konstituzionalak diru publikoaren erabilera bidegabea amnistiatzeko eskatu dio Gorenari hemendik aurrera, eta baliteke hori izatea Puigdemonten aurkako atxilotze agindua kentzeko arrazoietariko bat. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ere bere oniritzia eman zuen amnistia legeari begira, eta Auzitegi Gorena zen orai arte oztopo handienak ematen zituena.