‘Canon français’: apairua, RN botoaren truke

Miarritzeko elkarretaratzea, Canon Français topaketaren kontra. Solidaires 64

2026ko irailaren 29an - 11:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

200 lagun elkartu dira irailaren 21ean Miarritzeko (Lapurdi) Herriko Etxearen aitzinean, herriko kontseiluaren bileraren kari. 30 bat elkarteren deiari erantzunik Canon français: ez hemen ez nehon banderolaren gibelean dira. Lapurdiko hiri horretan iragaitekoa da Canon Français topaketa azaroan eta ezeztatzea galdetzen diote auzapezari. Berez, hitzorduaren printzipioa sinpatikoa da: mahai baten bueltan elkartu eta festa giroan nasaiki jan eta edan. Afera da oinarrian dagoela Pierre-Edouard Stérin ultra-aberats erreakzionarioa, bere dirutza Frantziako eskuin muturraren garapenerako inbertitzen dabilena. 2027ko apirilaren 18ko eta maiatzaren 2ko Frantziako presidentzialak helburutzat jarrita, Pericles izeneko think tank-ean (ofizialki) 150 milioi euro bideraturik ditu, eskuin muturreko ideiak herritarren burumuinetara oharkabean sarrarazteko. Bere kalkuluetan bestaren espazioa bada estrategikoa.

Eskuin muturrari buruzko Mediapart-en iraila hondarreko mahai-inguruan ondokoa zihoen hizlarietariko batek: “Ultraeskuina ez da sekula bakarrik heltzen boterera, laguntza behar du, konplizitateak: politikoak, ekonomikoak, mediatikoak, kulturalak”. Duda gabe festaren esparrua bada emankorra, plazerarekiko konexioak pisu handia duelako gure bizitzetan. Federiko Aramburu errugbilaria neofaxistek hil zuten 2022an eta akusatuen epaiketa iragan berri da Parisen. Epaiketa jarraitu duen Berria-ko kazetariak ondokoa adierazi dio ARGIAri: “Afera honek argi uzten digu eskuin muturra bat eta bakarra dela, eta taktika desberdinak izanik ere, batzuk instituzionalak eta besteak militarragoak edo indarkeriaren aldekoak, finean etengabeko joan-etorriak badirela bien artean, eta elkarrekin funtzionatzen dutela”. 

France Bardella eta Le Pen 2027 pintadak agertu zaizkit etxetik bi kilometrora –ulertu Nafarroa Behereko herri ttipi-ttipi batean–. Ez dira ohikoak horrelako mezuak, edo hobeki erranda, ez da sekula horrelako mezurik zabaldu inguru hauetan. RN Batasun Nazionalaren mezuen bozgorailu, Vincent Bolloré dirudunaren mainstream komunikabideak hasiak dira lanean, eskuin muturra garaile izanen den panorama burumuinetan integratzeko zereginean. Etxetik atera eta pintada horiek ikusita, badaramat gogoan botere eta eragin handia dutela komunikabide horiek, eta indibidualismo eta gaizki-izate garai honetan lortzen dutela nahi duten hori. Baina goibel egon beharrean, nahiago Mediapart-en entzundakoarekin gelditu: “Ezin da amore eman borroka eraman aitzin. Zapalgailu baten pean gara eta noiztenka etsigarria izan daiteke, fatalismoak har dezake lekua. Alta, borroka batzuk esperantza ematen digute, argi utziz ezer ez dela aitzinetik idatzia. Arrazoi: ez dezagun gaurdanik idatzi 2027ko maiatzaren 2ko titularra. 


Eskuin muturra kanalean gehiago
2026ko irailaren 25
Oihana Teyseyre (Berria-ren berriemailea Aramburu Auzian, Parisen)
"Hedabideen lanik gabe ez zen aterako akusatuak eskuin muturrekoak direla"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.