CAFek Tel Avivera bidaltzeko egindako tranbiak hondatu dituzte ekintzaileek Ziordian

  • Errepide ondoko biltegi batean zeuden hainbat tranbiari pintura gorria bota eta kristalak eta karrozeria kaltetu dizkiete aurpegia estalita zeramaten hainbat ekintzailek. "CAF konplize" eta "Israel suntsitu" dioten pintaketak ere egin dizkiete. Ekainaren 13an, tren konpainiaren akziodunen batzarra dela-eta, Palestinarekin Elkartasunak mobilizazioa egingo du Beasainen (Gipuzkoa), eta BDZk "ekintza aste globala" deitu du.

Hainbat tranbia pintura gorriz margotuta

2026ko ekainaren 3an - 09:44
Azken eguneraketa: 2026-06-04 10:17
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

CAFen lantegietan egindako eta, dirudienez, Israelera eramatekoak ziren hainbat tranbia kaltetu dituzte aurpegia estalita zeramaten ezezagunek. ARGIAri igorritako bideoan ikus daitekeenez, errepide ondoan dauden tranbiei pintura gorria bota diete, kristalak eta karrozeria ere kaltetu dizkiete eta pintaketak egin dituzte, "CAF konplize" eta "Israel suntsitu" aldarriekin.

Ohar bidez azaldu dute ekintza: "Ikusi dugu non gordetzen dituzten Tel Avivera doazen CAFen tranbiak, hebreeraz baitzeuden, eta horren aurrean ez gara pasibotasunean gelditu". Gaineratu dute, trenak Euskal Herritik kanpo egiten direla "askotan entzun" arren, "azken hilabeteetan gutxienez, hemengo errepide, portu eta biltegietan" dabiltzala. Hala, Gazako sarraskiaren eta Palestinaren kontrako genozidioaren aurrean ekintzara pasatzeko beharra berretsi dute: "Inpotentzia sentiarazi nahi diguten garaiotan, ekiteko beharra sentitu dugu". 

Guaixek argitaratu duenez, Vicuña Logistics enpresak Ziordiko industrialdean logistikara bideratutako pabiloiak eta zelaia ditu eta han daude CAFen egindako tren eta tranbia hauek. 

"Ikusi dugu non gordetzen dituzten Tel Avivera doazen CAFen tranbiak, hebreeraz baitzeuden, eta horren aurrean ez gara pasibotasunean gelditu"

Ekintza horren bidez, enpresa, instituzio eta alderdi "konplizeen" gaineko presioa mantentzeko beharra ere mahai-gaineratu nahi izan dute, eta ekainaren 13an "kaleak hartzeko" deia luzatu dute.

Ekainaren 13an, manifestazioa Beasainen

CAFen urteroko akziodunen batzarra egingo dute ekainaren 13an, eta hori dela-eta, Palestinarekin Elkartasunak manifestazioa antolatu du Beasainen, "Eusko Jaurlaritzaren negozio kriminalak salatzeko, bertan banatuko duten dirua palestinarren odolez zikinduta dagoela ikustarazteko eta Israel garaitzera bidean, harreman konplize ororen aurka borrokatu behar dugula aldarrikatzeko",  plataforma horretako kideek asteartean prentsa aurrean azaldu dutenez.

Beasainen CAFeko egoitza aurrean egindako prentsaurrekoan. Palestinarekin Elkartasuna

CAFen eta Shapir enpresa israeldarraren arteko "negozioak" eta Tel Aviveko eta Jerusalemeko tranbiak eraikitzeko "kontratu milioidunak" azpimarratu dituzte, eta salatu dute "CAFek estatu genozidaren kolonizazio proiektua egonkortzen laguntzen" duela. 

Palestinarekin Elkartasuna: "Urtez urte gora doazen etekin kriminalak akziodunen artean banatuko dituzte, eta enpresaren proiektuak eta kontuak ontzat emango dituzte"

Prentsaren aurrean Palestinarekin Elkartasunako kideek gogorarazi dute, hain zuzen horregatik sartu duela NBEk CAF Palestinako lurraldeen okupazioa lagundu eta hortik etekina ateratzen duten enpresen zerrendan, eta konpainiaren zuzendaritza zein zuzendaria bera, Andres Arizkorreta, auzitegian salatuak izan direla nabarmendu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritza "CAFen kontu kriminalen erantzulea" ere badela esan dute.

Bestalde, ekainaren 6tik 13ra CAFen egoitzen inguruan hainbat mobilizazio antolatu ditu BDZ mugimenduak. Hala, Zornotzako AIC ikerketa-gunean elkarretaratuko dira ostegun honetan eta ekainaren 12an; ekainaren 6an Irunen (Gipuzkoa) egingo dute protesta; eta ekainaren 10ean Castejonen (Nafarroa), CAFen filiala den Trenasa lantegiaren aurrean.

Beasainen Palestinarekin Elkartasunak ekainaren 13an deituriko manifestazioa, berriz, eguerdiko 12:00etan abiatuko da herriko plazatik, eta horrekin amaiera emango diote "ekintza aste globala" deiturikoari.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.