Israelen “apartheid agenda” bultzatzen duela argudiatuta, CAFeko zuzendaritzaren “balizko erantzukizun penala” ikertzeko eta Auzitegi Nazionalera eramateko eskatu diote Fiskaltzari. Gogorarazi dute nazioarteko legediak eta Espainiako Estatukoak berak ere estatuak derrigortzen dituztela neurriak hartzera.
Joan den otsailaren 18an, Espainiako Estatuko sei gizarte mugimenduren koalizio batek salaketa aurkeztu zuen Espainiako Fiskaltzan CAFen eta sei filialetako zuzendarien aurka. Euskal enpresa Jerusalemen egiten ari den tren arina, JLR, du muinean salaketak; eraikuntza hark “zuzenean” eragiten baitio “Israelek Ekialdeko Jerusalem okupatuan dituen kokagune ilegalen sareari”. Ekintza hori nazioarteko legediaren aurkakoa dela eta estatuek esku-hartze derrigorrezkoa dutela argudiatuta, salatutakoak ikertu ditzala eta Auzitegi Nazionalera eraman ditzala eskatu dio koalizioak Fiskaltzari, eta hori egin ezean, beste lege-bide batzuetara joko duela jakinarazi du. Koalizioak azaldu duenez, Fiskaltzak salaketa jaso duela jakinarazi die, baina momentuz ez die erantzunik eman.
2019tik du esku artean Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak Jerusalemgo tren arinaren proiektua: Shapir enpresa israeldarrarekin bazkidetuta, bi linea eraikitzen ari da, 1.800 milioi euroko kontratu batekin. Lizitazioa irabazi zuenetik bertatik, ugariak izan dira enpresaren aurkako salaketa publikoak, aipatu trenbideak Mendebaldeko Jerusalem batzen baitu Ekialdeko Jerusalemeko kolonia ilegalekin; palestinarrei lapurtutako lurrekin. Ekintza hori bere horretan, legez kontrakoa dela aurpegiratu izan diote sarri enpresari, nazioarteko legedia ugarik, tartean Genevako Laugarren Hitzarmenak debekatzen baitu okupazio ilegala; eta CAFen trenak horien arteko konexioa areagotu duela salatu dute. Orain arte, ordea, neurriak ez du zigor ondoriorik izan. Enegarren salaketa publikoaren ondoren heldu da salaketa judiziala: Kataluniako NOVACT, ODESCA, SUDS eta Comunitat Palestina de Catalunya; Asturiaseko Comité de Solidaridad con la Causa Árabe, eta Euskal Herrian egoitza duen Bakea eta Duintasuna dira sei erakunde salatzaileak, Guernica 37 Zentroak ordezkatu dituenak.
Apartheida, zelan?
Gaiaren inguruan galdetuta, eta urteroko txostenetan jaso duenaren arabera, CAFek ukatu egin ditu salaketak, giza eskubideen alde dagoela baieztatu du eta ziurtatu du beren erabiltzaile eta langileen artean parekideak direla israeldarren eta palestinarren kopuruak. Baieztapen horien kontrako argudioak kaleratu ditu sei eragileen koalizioak: azaldu du euskal enpresa eraikitzen ari den bi lineetan gutxiengoa direla palestinarren lurraldeetan dauden geltokiak –Linea Gorriko 33 geltokitik 6 dira palestinarren auzoetakoak; berdean 33tik 2–, gurutzatzen duten eremu gehientsuena, ordea, palestinarren lurraldeetan eraikitako legez kanpoko kokalekuetatik pasatzen da –%83 eta %94, hurrenez hurren–.
Edozelan ere, koalizioak argi utzi du apartheida errazten duen edo ez duen eztabaida ezin dela oinarritu geltoki kopurua zeinen lurraldean erortzen den kalkulatzean, ezta palestinarren geltoki kopurua ugaritzean ere: “Marko diskiminatzailea ezin da soilik geltokien kokapenera mugatu, eta palestinar eremuetan geltoki gehiago gehitzeak ez luke hondoko diskriminazio estrukturala konponduko”. Izan ere, hori alde batera utzita, trenaren eragina argia dela diote: israeldarrek legez kontra okupatutako lurraldeari erraztasunak, jarraikortasuna eta zerbitzuak eskaintzen dizkiote; palestinarra, aldiz, zatikatu eta isolatu. Eta horrek eragina izango du, ezinbestean, demografian ere, “kanporatze eta erakarpen faktoreak” baitaude praktikan: “Eredu horrek bizi-baldintza jasanezinak sortzen eta palestinarrak kanporatzen ditu; kolono juduei emandako onurek eta pizgarriek, berriz, erakarpen-faktore gisa jokatzen dute”. Eta horretan trenak zuzen-zuzenean eragiten duela argi dute.
Erantzukizun judiziala
Inplikazio judiziala da, beraz, oraingo honetan gakoa. Izan ere, salaketa aurkeztu duten eragileek azpimarratu dute Espainiako Fiskaltzak esku-hartu behar duela, CAFen egoitza Espainiako Estatuan dagoen heinean horretarako eskumenaz gain betebeharra duelako. Horixe agintzen du nazioarteko zuzenbide humanitarioak, estatuek eskubiderik ez bortxatzeaz gain, ardura baitute beren “jurisdikziopeko eragileen bortxaketak prebenitzeko eta haiei aurre egiteko”. Bereziki dago azpimarratuta apartheida, arraza segregazioa eta lurraldeen okupazioa, koalizioak azpimarratu duenez, eta hiruak betetzen ditu CAFek, euren berbetan, zera leporatzen baitiote: “Israelek Ekialdeko Jerusalem legez kanpo anexionatu izana sendotzea; Palestinako lurralde okupatuetan legez kanpoko kokalekuak mantendu eta zabaltzea; eta Israelek palestinarren aurkako jarduera diskriminatzaile eta ankerrak egiten jarraitzea”.
Zuzenbide humanitarioaz gain, beste zenbait erakundek ere aitortzen dute betebehar hori, tartean Espainiako Zigor Kodeak berak; hiru artikulutan azpimarratzen du delitu direla lurraldeen okupazioa, arraza segregazioa eta Genevako Laugarren Hitzarmenaren aurkako egintzak. Hori guztia argudiatuta, CAFeko eta bere filialetako Administrazio Kontseiluak ikertu ditzan eskatu diote gizarte eragileek.
Inbutua, estutzen
Berriki egin da publiko CAFek Serbian lortu duen kontratu publikoa, eta inoizko lan zorrorik handiena duela; baina era berean, salaketa publikoen oihartzuna areagotzen ari da. Iazko uztailean kaleratu zuen Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak txostena, eta bertan jaso zuen CAF, beste askoren artean, “genozidioaren ekonomiarekin” aberasten ari dela. Zerrenda horretan egoteak eragina izan dezake jasotako kontratazio publikoetan, eta hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuan eztabaidagai dute zerrenda horretako enpresei betoa jartzea. Eusko Legebiltzarrean uko egin zioten mota horretako lege proposamenak eztabaidatzeari, baina Albaneseren aipatu txostenaren ondoren, Imanol Pradales Eusko Jaurlarizako lehendakariak "gogoeta etikoa" eskatu zion CAFi, lehen aldiz tonua zertxobait gogortuta.
Sei eragileen koalizioak erregistratu berri duen salaketari lotuta, Amnesty Internationalek gutuna bidali dio fiskalari martxoaren 17an, salaketa ikertzeko eskatzen. Momentuz ez du erantzunik jaso, baina koalizioak jakinarazi du ikerketa baztertuz gero, beste lege bide batzuk agortuko dituztela: “Alegia, kontu ematea bermatzeko prozedura judizialei ekitea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta Espainiako zuzenbide penalaren aplikazio eraginkorra eskatzea”.