EAEko irakasleek C2 euskara maila izan behar dutela dio Eskola Kontseiluak aurkeztu duen eta orain batzarrean bozkatu behar duten proposamenak. Eztabaida ez da berria, 2023an onartu zen Hezkuntza Legeak eskaera hori jasotzea ere planteatu zen.
EAEko Hezkuntza Legeak dio euskara eta euskal kultura direla hezkuntza sistemaren ardatz. Hala bada, irakasle guztiek sustatu behar dute gure hizkuntza, eta bide horretan irakasleak formatzea funtsezkoa da, C2 euskara gaitasuna izan behar dute eta hizkuntza aniztasunean aritzeko metodologietan prestakuntza jaso behar dute. Hori da Euskadiko Eskola Kontseiluko Hizkuntza Helburuen Batzordeak zirriborroan jaso duen proposamena, El Correo-k argitara eman duenez. Batzarrak bozkatuko du orain, ea proposamena aurrera ateratzen den.
Gaia, dena den, ez da berria, ARGIAn kontatu genuenez. Hezkuntza Legea onartu aurretik eragile ugarirekin izan ziren bileretan, Kontseiluak berak eskatu zuen irakasleek euskarako C2 maila lortzeko prestakuntza eta euskal kulturaren ezagutza izatea. Azkenean, baina, aurreko mailan utzi zuen langa legeak, C1 euskara eskakizunean, eta gehitu zuen formazioa sustatuko dela irakasleek C2 maila lor dezaten.
Proposamena aurrera atera edo ez, ez da loteslea, ez du eragin legalik eta Hezkuntza Sailak ez du zertan aintzat hartu, baina hezkuntza komunitatearen zati batean dagoen aldarrikapena islatzen du. Irakasleen, gurasoen, ikasleen, ikastetxeetako zuzendaritzen, administrazioaren eta sindikatuen ordezkariak biltzen ditu Kontseiluak, eta bere funtzioen artean dago “administrazioari aholkularitza ematea lege eta arau berrien aurrean”.