Lan burujabeen eta desiragarrien aldeko deia luzatu du Maiatzaren Lehena kari Olatukoopek. "Herri eta komunitateen kohesioa indartzearen" beharra ere plazaratzen du ekonomia sozial eraldatzailearen garapenaren alde dabilen sareak.
Lan desiragarrien proposamena lantzen eta plazaratzen dabil ESE Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabilen Olatukoop sarea. Lan desiragarriak. Gure lan desiragarriaren bila, dominazioaren eta emantzipazioaren artean liburuan [Olatukoop, 2025 ekaina] jasotzen ditu gogoeta horiek, eta Maiatzaren Lehenaren kari ere berretsi egin du bere irakurketa: "Guk lan burujabeak sortu eta garatu nahi ditugu, ekoizpen baliabideak elkarrekin kudeatzeko, bizitza bizigarriak eta lan desiragarriak denontzat aukera eta errealitate material izan daitezen, eta etorkizun etsigarrien aurrean eguneroko lanak esperantza militante baterako abiapuntu izan daitezen. Langile burujabeak gara, eta lanaren ikuspegi osoago bat zabaldu nahi dugu, herrigintzaren eta zaintzaren esparruko lanek duten balio sozial eta material guztiarekin aitortuko dituena". Hori irakurri daiteke aurtengo langileon borroka egunaren kari ondutako agirian.
Lan baldintza horiek pertsona guztiei zabaltzeko bidean, langileen arteko elkartasuna beharrezkotzat du Olatukoopek: "Ezin da lan eta bizitza hobeak izatea espero elkartasunik gabe, eta horregatik aukerak denontzat zabaltzeko bideak lantzeko deia egiten dugu". Hori horrela, langile prekarizatuei lan burujabeak izateko bidea egiten lagundu beharra nabarmentzen du ESEko sareak, "lan duinetatik abiatuta bizi proiektu osoak eraiki ditzaten". Zentzu horretan, bere baitako kooperatibak eta proiektu komunitarioak moldatzeko engaiamendua ere hartzen du Olatukoopek, langile etorkinentzako "harrera bide eta komunitateetan finkatzeko tresna izateko". Horrela garatuta dago proposamena: "Kapitalaren tresna eta mota guztietako beldur atzerakoien eraikuntzarako aitzakia izatetik, lan eta bizitza desiragarriak eraikitzeko subjektu izango gara langile guztiak". Bide beretik, soldatapeko langileen eskubideen alde egiten duela ere oroitarazten du sareak, besteak beste, gutxieneko soldatak guztien artean eta Euskal Herritik erabakitzeko aldarrikapenarekin bat eginda, eta soldata altuenak mugatzeko proposamena plazaratuta. Hori zergatik? "Lanak sortu, eraldatu, eta elkarbanatzeko gaitasuna langileona delako".
Jarrera atzerakoiak eta faxismo globala indartuz doazen gaur egungo testuinguru soziopolitikoan kokatzen du bere irakurketa Olatukoopek. Hain justu, horregatik ere zaio beharrezkoa herri eta komunitateen kohesioa indartzearena: "Egunerokotik eginez, ideia eta praktika berriak ditugu eskuartean, eta langileon antolaketa gaitasuna izango da denok ikusten dugun herrigintza eta tokiko ekonomiako errelebo; krisiari aurre egiteko modu eraginkorrena". Adibideak ez ditu eskas: komunitatearen eta lurraldearen araberako lan burujabeen sorrerak; landa, auzo eta herrien husteari aurre egiteko tresna kooperatiboen garapena; baliabide materialak kolektiboki jabetu eta kudeatzeko tresnen sorrerak, eta beste.
Begirada mundu mailara zabalduta, gerraren testuinguruan ere txertatzen du bere irakurketa Olatukoopek, testuinguru beltz horri emandako erantzuna ere badelako "esperantzaren eta bizitzaren alde eginez, lana modu militante eta diziplinatuan antolatzearena".
Euskaraz lan egiteko aldarria eta nahia ere erdigunean kokatu ditu Maiatzaren Lehenari begira idatzitako agirian. Azken aldian biderkaturiko jarrera euskarafoboak jomugan hartuta, zera dio Olatukoopek: "Zenbait langileren ustezko eskubideen defentsaren aitzakiarekin kontrako estrategiak legitimatu nahi dituzte, eta horretarako gure lan komunitateak euskaldun izateko oztopoak jarri eta hizkuntza hegemonikoekin bikain moldatzen den kapitalaren aldeko pribilegioak mantentzen dituzte, izaera kontserbadoreko estrategia antolatuekin".