Burujabetza indar harremana da


2026ko maiatzaren 25ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Burujabetza hitza ezkerraren programa gehienetan ageri da, Espainiako Estatu osoan. Eta Europar Batasuna ere burujabetzaz hitz egiten hasi da. Gaur, guztiok burujabetzaren aldekoak gara, eta sarritan, horrek esan nahi du esanahiz hustu dela. 

Hori ez da beti horrela izan. Euskal Herritik kanpo, esaterako, Procés urteetan, ezker independentista katalanak mahai gainean jarri zuen momentu hartan zaila zen galdera bat: independentzia, baina zertarako zehazki? Independentzia bere horretan eskatzen zuen Fronte patriotikoari erantzuteko bidea zen galdera, eta burujabetza eduki materialez bete nahi izan genuen: burujabetza erreproduktiboa, hau da, energetikoa, elikadura arlokoa, bizitokiari dagokiona, kulturala edo sanitarioa, besteak beste, izan behar zuten independentziaren jomuga. Dena aldatzeko independentzia zen leloa.

Azken batean, kapital pribatuaren eta merkatu globalen esku zeuden erabakiak herriaren esku jartzeko proposamen politiko bat zen. Horretarako, bizitzaren erreprodukzio osoa (zaintzak, etxebizitza, energia, elikadura, baita industria ere…) ekonomiaren erdigunean kokatu beharko zen, eta aldatu beharrekoak zehazten ziren independentziari lotuta: ekoizpenaren orientazioa, jabetza harremanak eta bizitzaren zaintzaren antolaketa, bereziki.

Ondorengo urteetan, proiektu independentistaren porrota eta alderdi gehienen erretreta ostean, burujabetza esanahiz hustu da, eta egun, bere burua burujabetzat duten alderdi gehienek ez dute ez beren programetan ez agenda politikoan kapitalaren boterea zalantzan jartzeko estrategiarik garatzen.

Atzerriko kapitalak gero eta akzio gehiago eskuratzen ari dira gurean, bereziki teknologia gako duten enpresetan, eta horren ondorioz, erabaki estrategiko asko hartzen dira Euskal Herritik kanpo dauden administrazio kontseiluetan

Euskal Herria ez da Katalunia, hori gertatzeko arriskua ere badago. Autogobernua arrakastatsutzat aurkezten da, bai EAEn, bai Nafarroan: errenta adierazleak, industria oinarria edo aurrekontuen egonkortasuna aipatzen dira horretarako. Baina "arrakasta" horren atzean dagoen egiturazko menpekotasuna estaltzen da: atzerriko kapitalak gero eta akzio gehiago eskuratzen ari dira gurean, bereziki teknologia gako duten enpresetan, eta horren ondorioz, erabaki estrategiko asko hartzen dira Euskal Herritik kanpo dauden administrazio kontseiluetan; zerga eta finantza politikak Espainiako eta Europako arauen menpe daude, eta euskal egitura sektorialaren ezaugarriengatik, nazioarteko egoerek eragin handiagoa izan dezakete. Horrek guztiak oso ahul uzten gaitu (bereziki trantsizio ekologikoaren aurrean), eta baldintzatzen du zer ekoitz dezakegun, zein baliabiderekin eta noski, norentzat.

Errealitate horren aurrean, EAEko eta Nafarroako politika ekonomikoak eta industrialak ez dute behar adinako tresnarik, ezta daudenak erabiltzeko borondaterik ere: ez zaie eskatzen enpresei laguntza publikoen truke enpleguaren egonkortasuna, tokiko inbertsioa, herrian jarraitzeko konpromisoa edo trantsizio ekologikoa bermatzerik, eta, ondorioz, sektore pribatuak hartzen ditu Euskal Herriko etorkizuna baldintzatzen duten erabaki gehienak, politika publikoak haiek babestera mugatzen direlarik. 

Ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan, baita udalerrien mailan ere, esperientzia eta adibide oso baliotsuak badauden arren, egungo euskal eredua urrun dago burujabetzatik. Eta orain, EAEn estatus politiko berria eta Nafarroan Foru Hobekuntza eztabaidatzen ari diren honetan, aukera egokia dugu noren esku eta nola erabaki behar den, eta zer eta norentzat ekoizten dugun eztabaidatzeko. Izan ere, une honetan ez dugu hori erabakitzeko aukerarik ez langile klaseak, ez gizarteak, ezta erakunde publikoek ere: Euskal Herritik kanpo kokatutako enpresa handien menpe gaude, gure politika industrialak babestuta, errentagarritasun irizpideen izenean.

Txalapartak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratutako Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak liburuan, hainbat pertsona saiatu gara eztabaida honetan parte hartzen, eta nik planteatu dut burujabetzaren auzia lantzeko ezinbestean kapitalaren boterean jarri behar dela arreta, enpresen errentagarritasunak ekonomiaren orientazio produktiboaren erdigunea izateari utz diezaiola, eta bizitzaren erreprodukzioa izan dadin irizpide nagusi bakarra; hori guztia, balizko estatutu berriaren bidez landu beharreko auzia da.

Datozen hilabeteetan autogobernuaz hitz egingo da. Baina autogobernua burujabetzarik gabe ez da autogobernua, eta burujabetza ezin da neutrala izan. Ez badago egungo indar harremanak aldatzeko borondaterik eta ez badira kontrajartzen boteredunen interesak gehiengoenekin, ez dago burujabetza proiekturik.

Roser Espelt Alba, ELAko Azterketa Bulegoko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.