EAJko eta EH Bilduko berrehun hautetsi baino gehiago elkartu dira Bergaran bi efemeride gogoratzeko: Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkate Mugimenduaren 50. urteurrena. Orduan bezala, euskal herritarrek beren etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu, eta burujabetza ezinbertzeko tresna dela berretsi dute.
Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkate Mugimenduaren 50. urteurrena oroitzeko, Euskal Herri osoko berrehun hautetsi baino gehiago elkartu dira igande honetan Bergarako Usondo parkean (Gipuzkoa). Hain justu, duela mende erdi Bergaran elkartu ziren Euskal Herriko 70 alkate. 1976ko uztailaren 21ean, Franco diktadorea hil berritan, Foruen abolizioaren mendeurrena gogoratu zuten, eta baita autogobernuaren aldeko aldarria berritu ere. 50 urte geroago, autogobernua berritzeko eta erabakitzeko konpromisoa berretsi dute EAJ eta EH Bilduko ordezkariek.
Ekitaldi instituzionala desfile batekin hasi da, 1976an egin zuten bezala. Herri bakoitzeko bi ordezkari joan dira: alkateek euren aginte ikurrak eduki dituzte eskuan –zumitzak eta makilak–, eta udal bakoitzeko oposizioko ordezkariek herri bakoitzeko banderak. Segiziora batu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Aldundietako, Eusko eta Nafarroako legebiltzarretako, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak. Gibeletik joan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Bergarako alkate Gorka Artola, hitzorduaren antolatzaileak.
Mendozak adierazi du buru-belarri segituko dutela lanean “euskal herritarren etxe komuna” eraikitzen: “Foruen abolizioarekin gure herriak jasandako injustizia gogoratzearekin bat, aldarrikatu nahi dugu euskal lurraldeoi dagokigula gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori berritzeko eta garatzeko eskubidea”.
Duela 50 urte Alkate Mugimenduaren sorreran giltzarri izan ziren alkateei omenaldia ere egin diete. Bergaran izan dira, hain zuzen, horietako bortz: Jose Luis Elkoro orduko Bergarako alkatea eta 1976ko ekitaldia deitu zuena, Luis Mari Ajuriaguerra (Otxandio), Jose Antonio Altuna (Arrasate), Javier Errazti (Eskoriatza) eta Ramon Lopetegi (Belauntza).
Mendozak alkate ohiei aitortu die herri eskubideen alde egiteko “katebegi sendoa” izan zirela arras momentu konplexu batean. Gipuzkoako diputatu nagusiak erran du herri erakundeen egitekoa dela “indartzea” eta “euskal lurraldeen autogobernua zabaltzea”. Horretarako, ezinbertzekotzat jo du memoria historikoa gorde, zaindu, eta belaunaldi berriei transmititzea.
Artolak, berriz, adierazi du bi urteurren horiek “autogobernuari, erakunde propioei eta herri batek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubideari” buruz hausnartzeko aukera direla. Bergarako alkatearen erranetan, autogobernua ez da helburu bat bere horretan, “herritarren ongizatea eta askatasuna bermatzeko tresna” baizik. Horregatik, euskal autogobernua indartzea eta eguneratzea defendatu du, herritarren borondate demokratikoan oinarrituta.
Artolak bertaratutakoen batasuna azpimarratu du, “kolore politiko ezberdinetatik” etorri arren. Ildo horretatik, EAJk eta EH Bilduk elkarrekin adierazpen bat argitaratu dute ortziral honetan, Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman politiko berri bat eskatzeko. "Elkarrekiko errespetuan oinarritutako" zein "bi subjektu politikoren arteko aitortzan oinarritutako harremana" aldarrikatu dute.
Kontrara, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Antonio Asensiok larunbat honetan alderdi nazionalistei leporatu die "gizartea zatitzea" eta "gizarte nazionalista hutsa" eraiki nahi izatea.