argia.eus
INPRIMATU
Burujabetza eta alderdi politikoak
IƱaki Landazabal 2024ko urriaren 28a

Bizi garen gizartea erabat oinarrituta dago menpekotasunean. Mendeetan zehar gure bizitza horren arabera eratu da, eta poliki-poliki erabakitzeko eskumena, askatasuna eta burujabe izatea murriztuz joan dira. Batzuetan bortizki kendu dizkigute; besteetan, ordea, geuk eman ditugu alaiki, edo ohartu gabe, giza ingeniaritza den lanketa luze eta sakon baten bitartez.

Gaur egun egoera oso larri eta arriskutsua da, izaki askeak egiten gaituen sustraia galzorian baitago: elikaduran, janzkeran, osasungintzan, irakaskuntzan, lanean... Erabakitzeko ahalmena oso txikia da, dena dagoelako ezarrita bakar batzuen interesen mesedeetara. Bizitza zeharo artifiziala bilakatu dute eta horrek ez du etorkizun onik. Esate baterako, ezinbestekoa dugun ura, etxeetara iristen zaigun ura kutsaturik dago (nola uler daiteke edan ahal izateko, urak kimikoak behar dituela?), arnasten dugun airea orokorrean kutsaturik dago, merkatuan saltzen diren elikagaiak kutsaturik daude. Ondorioak? Gero eta gaixo gehiago daude, gero eta gaixotasun gehiago, gorputzekoak zein burukoak, hiztegiari dagokion aberastasuna etengabe galtzen ari den hizkuntzetan (euskara barne), bitxia da zenbat izen berri asmatzen diren osasuna edo, hobe esanda, gaitzen inguruan.

Menpekotasuna jaun eta jabe den antolakuntza honetan, alderdi politikoek funtsezko papera betetzen dute, enparantzara irten zirenetik. Esan genezake nahita sortu zituztela, jauntxoek bilatzen zituzten helburuak hobeto betearazteko, hain zuzen ere. Benetako boterearen zutabe dira, sistema zital eta zapaltzaile horretan esku hartzearen truke erosita izatea onartu ondoren. Gizakiaren askatasuna ordezkatzen edo ebasten dute, egitura hierarkizatuak dira, balizko ideologiez janzten dira herritarron artean bereizketak eragiteko, eta beharrezkoa zaizkigun talde harremanak mimetismo hutsa bihurtu dituzte, besteak beste. Euskal Herrian, behintzat, oso nabaria da joera hori. Gure artean, behin eta berriz aipatzen dute erabakitzeko eskubidea, baina herri txikienean ere ez dute boterea uzten herritarren eskuetan, batzarren bidez edo beste era batera.

Noraezean doan Euskal Herri honen aurrean, burujabetza berreskuratu behar dugu, premia larriz, etorkizun sendo eta argia eduki ahal izateko. Horretarako, alderdi politikoak desagerrarazi behar ditugu

Benetan anitza den munduan, non gau-egun guztien ezaugarriak ezberdinak diren, lore guzti guztiek euren ñabardurak dituzten, eta gizakiok bakarrak garen, lotsagarria da ikustea nola haiek udaletan eta gainerako tokietan eskuak batera altxatzen dituzten, gai guztietan, goitik heltzen zaizkien aginduak otzan-otzan betetzen. Artalde bezala funtzionatzen dute eta artalde nahi gaituzte. Beste adibide bat jartzearren, azkenaldi honetan, baten batek jo omen du turuta Palestinaren alde mobilizatzeko, baina ez dago turutarik Venezuelaren alde. Giza eskubideetan ba al dago mugarik, torturak, erailketak... onak ala txarrak dira ideologia baten arabera, herriaren hitza lapur daiteke agintean dagoena “sozialista” baldin bada? Ni, jakina, zapalkuntza guztien aurka nago eta, kasu honetan, gainera, askoz euskaldun gehiago daude Venezuelan, non utzi dituzten lanaren emaitzak oso agerikoak diren.

Esan bezala, gizakiok ez dugu arau bakar bat, lege bakar bat proposatzen, eztabaidatzen eta are gutxiago erabakitzen. Baina gizakiak bere burua bakarrik ordezka dezake; beste inork ezin du hori lapurtu. Beraz, noraezean doan Euskal Herri honen aurrean, burujabetza berreskuratu behar dugu, premia larriz, etorkizun sendo eta argia eduki ahal izateko. Horretarako, alderdi politikoak desagerrarazi behar ditugu eta gure bizitzari dagozkion erabaki den denak geuk hartu eskuetan, behetik hasita: gizakia –auzoa–, herria –leinua–, mundua. Lurrak herriarenak dira eta babestu behar ditugu. Ez dago gugandik at erabakitzen den “interes orokorrik”, auzokide guztion artean eta berdintasunean adosten dena baizik. Ez dugu behar Foru Aldundirik, Eusko Jaurlaritzarik, Akitaniako Gobernurik han-hemenka Guggenheim berria, AHT, errauskailuak, makroeolikoak edota etxeko espetxeratzeak ezartzeko.

Bizitza norberarengandik hasten da, eta bere garapenerako beharko diren egitasmoak eta abar auzoetan gauzatu behar dira. Hortik aurrera, herriek erabakiko dute zer nolako egituraketa behar duten, eta ez alderantziz.

Alderdi politikoak eta burujabetza olioa eta ura bezalakoak dira: nahastezinak.

Iñaki Landazabal