Espazio publikoan belo integrala janztea debekatu nahi du Espainiako eskuinak, “emakumeen duintasunaren” eta “segurtasunaren” izenean

  • Espainiako Estatuan, espazio publikoan belo integrala (burka edo nikaba) debekatzeko Voxek egindako proposamena babestu egingo du Alderdi Popularrak, ez ordea Juntsek, nahiz eta neurriok babesten dituen. "Espazio publikoan emakumeen duintasuna eta herritarren segurtasuna babesteko Lege Organikoa" du izena, ofizialki, asteartean Kongresuko osoko bilkuran bozkatuko duten legeak.


2026ko otsailaren 17an - 08:59
Azken eguneraketa: 10:56
Helena Olcina
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Espainia da Europako zibilizazioa eratu duten nazio historiko handietako bat", dio lege proposamenaren lehenbiziko pasarteak: "Zibilizazio hori, zeina oinarritua dagoen tradizio kristauaren eta kultura grekoerromatarraren zutabeen gainean, askatasunak, justiziak, legearen inperioak edota guztion ongiaren babesak gidatutako bizimodua ahalbidetu du. Mendebaldean baino ezin daiteke esan, benetako irmotasunez, pertsonaren eskubideekin errespetuzkoa den gizarte bat dagoela, non gizon eta emakumeek berdintasunez balia ditzaketen eskubide horiek, betebeharrei eustearekin bat". Bada fenomeno bat, ordea, ondasun eta eskubide horiek guztiak mehatxatzen dituena, Voxek dioenez: "Beste kontinenteetatik masiboki heltzen ari diren migratzaileak". Fenomeno horren ondorioz, alderdi ultraeskuindarraren hitzetan, "Mendebaldeko gizarteetan berezkoak ez diren ohiturak eta jokabideak inportatu dira". Are, ohitura eta jokabideok Mendebaldeko gizarteetakoen "erabat aurkakoak" izan daitezke.

Hurrengo esaldian bertan, Voxek afera lotzen du "eragin islamista handia" duten herrialdeetako migratzaileekin, "pertsona horietako batzuek ohitura islamistak inposatu nahi dituztelako, baita espazio publikoan ere". Eta, hori, "gure zibilizazioko bizimoduarekin bateragarria ez izateaz gain, herritarren segurtasunerako arriskutsua da".

Kanporatzeak eta 20.000 euro arteko isunak

Frantzian, Belgikan, Austrian, Danimarkan, Herbehereetan eta Suitzan indarrean jarritako neurriak aipatu ditu Voxek, proposamena aurkezteko arrazoien artean.

Testuaren arabera, debekaturik izango da emakumeek burka edo nikaba "euren borondatez edo behartuta" janztea, nahiz eta ez duen bi kasuen artean bereizketarik egiten, Aitor Riveiro kazetariak azaldu duen moduan Eldiario.es-en plazaratutako analisian. Soilik esaten du, jantzion erabilera zigortu ahal izateaz gain, emakumeak horiek janztera behartzea ere zigortuko dutela, "guraso eta tutoreak" aipatuta. Mozal Legearen araberako zigorrak jaso ditu testuak, 20.000 eurora arteko isunak eta herrialdetik kanporatzeak tartean.

Ekimen propioa aurkeztu du Juntsek

Zalantzan zegoen Junts alderdiak Voxen proposamea babestuko ote zuen, nahiz eta hainbatetan agertu den debekuaren alde. Bada, astearte goizean jakinarazi du ez duela Voxen proposamena babestuko (zazpi bozka ditu), baina ekimen propioa aurkeztuko duela, Europako legedia errespetatzen duena, Miriam Nogueras bozeramailearen hitzetan. Azaldu du debekuaren alde daudela burkak "zapalkuntza" esan nahi duelako, eta "askatasuna eta segurtasuna ezin daitezkeelako negoziatu". Aldiz, Voxek aurkeztutako proposamena ez dute babestuko, haren feminismoa "ez delako sinesgarria", besteak beste.

Arrazoi desberdinak medio, Sumar alderdiak ere iragarri du proposamenaren aurka bozkatuko dutela, "atzerakoia" delako.

 

 


Migrazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.