Joan de ostiralean hildako 17 urteko Sara Jímenezen senideek gutun batean azaldu dute gazteak ziber-jazarpena jasaten zuela duela bost urtetatik, eta horrelako kasuetarako “baliabide eta prestaketa gehiago” eskatu dute. Cintruenigoko (Nafarroa) Udalak elkarretaratzera deitu du astelehenerako.
Cintruenigon otsailaren 27an hildako Sara Jímenezen kasuak harrabotsa sortu du, beste behin agerian utzi duelako bullyingari aurre egiteko dauden tresnak eta baliabideak ez direla nahikoak. Hiletako unean senideetako batek irakurritako gutunean azaldu du gazteak bost urte zeramatzala ziber-jazarpena jasaten eta bere heriotza ez dela izan “gaixotasun baten edo patuaren ondoriozko zerbait”.
Guraso, ikastetxe eta erakundeei ardura hartzeko eskatu diete senideek. Begirada hildakoarengan jarri beharrean nahi izan dute jendartean dagoen eskola- eta ziber-jazarpenaren arazoaren larritasuna bistarazi.
Izan ere, zerbitzu sozialek eta profesional pribatuek artatua izan arren, eta Nafarroako Gobernuak esan arren halako kasuen aurrean dauden protokoloak bete dituztela, sistemak ezin izan zuen Cintruenigoko gaztearen heriotza eragotzi. “Jazarpena ikasgelan eta ikasgelatik kanpo gertatzen da. Ze erraza den pantaila baten atzetik min egitea, ze erraza mugikor batetik idaztea, zure hitzen ondorioak neurtu gabe”, esan du senideak gutunean.
Cintruenigoko alkate Óscar Beak udalaren eta herritarren “atsekabea” helarazi dio familiari. Gaiaz mintzatzerakoan esan du ziber-jazarpena hazten ari den zerbait dela eta auzitan jarri du adingabeak zenbait sare sozialetan sarbidea izatea. Hala, sare horietan kontua irekitzerakoan anonimotasunarekin amaitzeko lege baten beharra ere azpimarratu du.
Corellako (Nafarroa) Udalak ere oharra kaleratu du –familia bertakoa da– eta senideei babesa emateaz gain ziber-jazarpenarekin amaitzeko dauden zailtasunak aipatu ditu: “Bere heriotza egoera askoren ondorioz izan da, berak ezin izan du jasan, baina okerrena dena, sistemak ezin izan du atzeman eta ezin izan dio irtenbiderik bilatu”.
Astelehen honetan, martxoak 9, Cintruenigon elkarretaratze isila egingo dute Eskola jazarpenak hiltzen du lelopean eta hildako gaztearen oroimenez.