argia.eus
INPRIMATU
Bullying kasuak erdira jaitsi dira KiVa programa martxan duten ikastoletan
  • Biktima eta lekukoak ahalduntzen dituen KiVa metodo finlandiarra lantzen hasi ziren 53 ikastolen lehenengo ebaluazioa egin dute: eskola-jazarpena %47,3 jaistea lortu dute. Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da metodoaren oinarria.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko apirilaren 17a

Zuhurtziaz mintzo dira ikastolak: batetik, oraindik %10 ingurukoa delako jazarpena; bestetik, datu gehiago etorriko direlako ikasturte honen amaieran: 53 ikastetxe horiei iaz gehitu zitzaizkien hamarren emaitzak ere hartuko dituzte kontuan, guztira 63 ikastetxe eta 22.000 ikasle.

Begirada aldatu duten ikasle-irakasleak

Abiapuntua oso ona da eta aldaketa nabaritzen dutela diote ikastolek. “Irakasleok, alde batetik, beste betaurreko batzuekin ikusten dugu gaia, formazioa jaso dugulako. Bestetik, ikasleen artean ere aldaketa handia ematen ari da. Hainbat kasutan lortzen ari gara eurak etortzea gatazka bat dagoenean, zuzenean irakasleengana, tutoreengana edo KiVa Taldekoengana, edo posta elektroniko bidez gatazkaren berri emanez. Hori da lortu nahi duguna, ikasleak aldatzea, eurek laguntzea eta ezin badute laguntza bila etortzea”. Izan ere, ikasleak nolabait ahaldundu egin dira eskola-jazarpenaren aurka.

Prebentzioa eta esku-hartzea dira gako nagusiak, eta gertatzen denaren lekuko direnengan edota barre egiten dutenengan eragitea. Sarri, “isiltasunaren legeak” edo erasotzailearenganako konplizitate horrek ahalbidetzen baitu jazarpena. Lekukoen jarrera aldatzea da asmoa, taldeak duen indarraz jabetzea, eta biktimarekin enpatizatuz, hura lagunduz eta defendatuz, erasotzaileari aurre egitea.

Gurasoen esku-hartzea da orain garatu nahi duten puntu nagusietakoa.

Harreman arazo ala bullying?

“Zailtasuna dago batzuetan noiz den harreman arazo bat eta noiz dagoen bullyinga. Kasu batzuk oso argiak dira, baina beste batzuk lausoak. Hala ere, zalantzaren aurrean, esku hartu egiten da. Esku-hartzea konpromiso bat hartzea delako”, diote.

KiVa DBHn ere… eta Haur Hezkuntzan?

Lehen Hezkuntzatik DBHra salto egitea da hurrengo erronka. Aurten 30 ikastolatan esperimentatzen aritu dira DBH1en. Datorren ikasturtean, ikastola guztietan egingo da DBH1en, eta 2019rako prest izango dituzte DBH2 eta DBH3rako materialak. “Akaso, Haur Hezkuntzan ere planteatu beharko dugun erronka da, KiVaren jazarpena”, azaldu dute.

Gaiaz gehiago:

Johanna Alanen: "Bullyinga denen ardura dela ulertzen dute ikasleek"