Bularreko minbizi metastasikoa ikusarazi eta ikerketa publiko gehiago eskatu ditu Iñurri elkarteak

  • Urriaren 19an, elkarretaratzeak egingo dituzte Donostian eta Bilbon. "Minbizia ez da jolas bat" lelopean, kanpaina abiatu dute infantilizazioari eta erromantizazioari aurre egiteko.

Ezkerrean, Ana Jimenez. Duela hiru urte, bularreko minbizi metastasikoa zuela esan zioten.

2026ko urriaren 16a - 05:28
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

“Aita, ama, zenbat urterekin gaixotuko naiz, gaztea naiz eta ez dakit: 46, 40, 36, 22, 21, 3”, diote kantuan Iñurriko zenbait kidek, sare sozialetan igo duten bideo batean. “Hiru” esan, eta soka besterik ez da entzuten. “Minbizia ez da jolas bat, 50 urtetik beherakoengan minbizi kasuak %79 igo dira. Iñurrin urriaren 19ko kontzentrazioan ikerketa, prebentzioa eta protokolo eraginkorrak aldarrikatuko ditugu. Etor zaitez!”, dio off-eko ahots batek. Iñurri elkarteak minbizia ikusarazteko egindako kanpainaren bideoetako bat da. Bideoan emandako datua mundu mailakoa da. Urriaren 19an, 19:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Donostiako Boulevardean eta Bilboko Arriaga antzokian. Bularreko minbizi metastasikoa ikusarazi, ikerketa publiko gehiago, kalitatezko arreta publikoa eta minbiziaren osteko arreta indartzea eskatzen dute.

Ana Jimenezi, Iñurriko elkarteko kideari, 35 urterekin diagnostikatu zioten bularreko minbizia. Bi urtera, bularreko minbizi metastasikoa zuela esan zioten. Duela hiru urte izan zen hori. Azaldu du “nazkatuta” daudela: “Dena arrosaz tindatzen duten eta infantilizatzen eta erromantizatzen jarraitzen gaituzten hilabetean, Iñurrik konpromisoa nahi du. Hau da, benetako ikerketak, prebentzioa, eta baliabideak eta zaintza indartzea. Kanpaina honekin buelta eman nahi izan diogu, eta errealitate gordin bat kontatu. Jolasaren iruditeria erabili dugu saltzen digutena delako. Ez da urte txar bat. Bereziki emakumeoi eragiten digun gaixotasun bat ez balitz, desberdina izanen zen. Egunero hemezortzi emakume eramaten ditu bularreko minbiziak Espainiako Estatuan”.

Hamar eta hamabi urteko bi alaba ditu, eta bere bikotekidearekin batera hasieratik erabaki dute amaren egoeraz mintzatzea. Beti haurren hiztegira egokituta

Beste datu batzuk ere eman ditu elkarteak: Minbiziaren Erregistroen Espainiako Sarearen arabera, 2050. urterako minbiziaren intzidentzia %60 igoko da. Horrez gain, 2025etik 2026ra %1,95 igo da minbiziaren intzidentzia eta %5,01 jaitsi da ikerketarako inbertsioa. “Inbertsio publikoa oso urria da. Horregatik daude horrenbeste kanpaina dohaintzak eskatzeko. Ikerketak publikoak izan beharko lirateke, pertsonen elkartasunaren menpe egon ordez”, esan du.

Jimenezek deus gutxi zekien bularreko minbizi metastasikoa diagnostikatu aurretik: “Ez nekien ezer, soilik heriotza epai bat zela. Ez nuen kontsultatik irten nahi pentsatzen nuelako bihar hilko nintzela”. Hasieran oso informazio gutxi zuen, baina gehiago jakin ahala, hobeto ulertu zuen dena: “Nahiz eta biziraupen eskasa izan, gaur egun ere bizitza daukagu diagnostikoarekin”.

Bularreko minbizi metastasikoa gertatzen da bularrean sortutako jatorrizko tumoreko zelula batzuk gorputzeko beste atal batzuetara hedatzen direnean. Jimenezen kasuan, hezurretara. Gaur egun, sendaezina da, eta bizi itxaropena lau edo bost urtekoa da. Iñurrik emandako datuen arabera, bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarrak jasotzen dituzten emakumeen %30ak metastasia garatuko du. Hala ere, Jimenezek azaldu duenez, “gutxien” ikertzen dena da.

Gaur egun, zenbait tratamendu eskaintzen dizkiete probatzen joateko eta denbora irabazteko, baina mugatuak dira. Europan medikamentu onkologiko bat onartzen denetik Espainiako Gobernuaren ardurapean dagoen osasun sistema publikora iristen den arte, batez beste, 627 egun pasatzen dira. Alemanian, aldiz, 258 egun. Legalki prozesuak ez luke sei hilabete baino gehiago iraun beharko. “Bularreko minbizi metastasikoaren kasuan, egun horiek zama handia dira. Egun horiek bizitzeko behar ditugu, ez tratamendu baten zain egoteko”, salatu du Jimenezek.

Tratamenduak, orokorrean, oso bortitzak izaten dira, eta horrek ondorio asko sortzen ditu. Horregatik, kalitatezko bizitza izateko baliabideak indartu behar direla uste du: “Nik beti esaten dut hizki larriz bizi nahi dudala. Badakit mugak ditudala, baina ahal den neurrian etxetik atera, alabekin jolastu, bikotekidearekin egon eta lagunekin barre egin ahal izatea ahalbidetzen didan bizitza nahi dut”.

Minbizia orokorrean tabua bada, bularreko minbizi metastasikoa “are tabuago” dela uste du Jimenezek. Lehenengo diagnostikoa jaso zuenean elkartasun handia sentitu zuen, eta jendea animatzen saiatzen zen. Orain, aldiz, sentitzen du jendeak ez dakiela nola hurbildu: “Sozialki metastasia heriotza da. Ez gaude prest ikusteko pertsona bat horren gaztea heriotzari aurrez aurre begiratzen. Egunero bizi naiz jakinda bizitza finitua dela denentzat, eta beste batzuk baino lehenago joango naizela. Orduan, osotasunez bizi naiz. Horren atzean, noski, izugarrizko lanketa emozionala dago”.

"Abizen onkologikoa duten gauza guztiak askoz garestiagoak dira. Negozio hutsa dira. Zergatik egon behar du nire bizi kalitateak posta-kodearen edo diru sarreren menpe?"

Baliabide publikoak indartzeko premia

Jimenezek osasun publikoa eta unibertsala defendatzen du, baina psikologo pribatura doa lanketa emozionala “oso garrantzitsua” den arren, zerbitzu publikoa “oso urria” delako. Horrez gain, haurrekin minbiziaz hitz egiteko baliabide gutxi daudela dio. Hamar eta hamabi urteko bi alaba ditu, eta bere bikotekidearekin batera hasieratik erabaki dute amaren egoeraz mintzatzea. Beti haurren hiztegira egokituta. Uste du horrek eta Iñurriko tribuaren parte izateak lagundu egin diela: “Emakume asko ezagutu dituzte, baina bereziki emakume horien alaben lagunak egin dira. Ikusi dute guk elkarri eusten diogula, eta euren artean ere egiten dute”.

Bularreko minbizia ez da bukatzen kirurgia, kimioterapia edo erradioterapia saioak amaitzen direnean. Horren ostean, ondorio fisiko eta emozionalei aurre egin behar izaten diete; hala nola neke kronikoa, insomnioa, artikulazioetako mina, osteoporosia, bihotzeko arazoak, buruko lainoa, menopausia goiztiarra, minbizia berriz itzultzeak eragiten duen beldurra, lehortasun baginala eta libidoa jaistea. “Behin pasata sistema publikotik zein sozialetik ahaztuta zaude. Esaten digute ‘urtetxo txar bat’ dela, baina ez da horrela”, kontatu du.

Azkenik, azpimarratu du sistema publikoa indartu behar dela eta arreta ezin dela izan bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren arabera. Izan ere, albo ondorioei aurre egiteko lagungarriak diren baliabide “asko” sistema publikotik kanpo geratzen dira. Adibidez, arreta psikologikoa, ariketa fisiko egokitua, elikadurari loturiko gauzak: “Abizen onkologikoa duten gauza guztiak askoz garestiagoak dira. Negozio hutsa dira. Zergatik egon behar du nire bizi kalitateak posta-kodearen edo diru sarreren menpe? Zer gertatzen da askotan hemen sare txikiagoa duten pertsona migratuekin?”. Jimenezek lehenengo diagnostikoa jaso zuenean 2.000 eurotik gora irabazten zituen, baja hartu zuenean 700 euro jasotzen zituen. Autonomoa da. “Balantzan jarri behar izan genuen lanean jarraitu edo ez. Azkenean, bi haur ditugu, hipoteka ordaindu behar da. Erabaki gogorrak dira”, esan du. Horregatik, osasunaren, gizarte zerbitzuen eta lan sistemaren arteko benetako koordinazioa exijitzen dute.


Irakurri gehiago: Minbizia Gizartea Osasuna
Minbizia kanalean gehiago
2024ko abuztuaren 28
Olatz Mercader, Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktima
"Euskal kulturaren mundua erabat isilik gelditu da"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.