Buddyren begiak, aukera eta oztopo


2026ko abuztuaren 3an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Belfast
Kenneth Branagh (2021)

Zer: Filma
Herrialdea: Irlanda
Iraupena: 128 minutu
Non ikusi: Hegoaldean: Apple Tv, Amazon Prime Video eta Movistar Plus (euskarazko azpitituluekin). Iparraldean: Apple Tv.

-----------------------------------

Bizitzan hiru aldiz irakurri dut Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da: behin, ikastola garaian; beste behin, batxilerrean; eta berriro, unibertsitatean. Ikusten denez, gustuko dudan liburua da. Euskal literaturako liburu ezagunenetakoa da, Euskal Herrian gerra zibilean jazotako gertakariak kontatzen dituena, Kalaportu izeneko herri batean bizi den mutiko baten begiak eta ahotsa erabilita.

Sarrionandiaren ordez Kenneth Branagh zuzendaria jartzen badugu, eta, paperaren eta hitzen zuri-beltzaren ordez, 35 milimetroko filmarena, 2021ean estreinatutako Belfast drama izango genuke. Buddy (Jude Hill) gaztea da protagonista, Irlandan jazotako The troubles (Ipar Irlandako gatazka) deritzen gertakarien garaia kontatzen diguna.

Lan honetan ez da bereziki sakontzen gatazkaren gorabehera politikoetan: biolentzia eta jazarpen erlijiosoa argi ikusten dira, baina betiere azaletik. Hori, noski, baliabide edo aukeraketa estilistikoa da, Buddyk, umea izanik, mundu ikuskera mugatua baitu gatazka politikoa ulertzeko orduan. Nire iritziz, pixka bat galtzen du pelikulak arlo horretan, eta, ondorioz, gehiago kostatu zait harekin konektatzea. Informazio edo “dokumentaltasun” gehixeago izango balu, interes handiagoa piztuko zidakeen lanak, nire ustez.

Baina, bestalde, dokumentatzeari denbora eskaintzen ez badio ere, familiaren eta Buddyren heltze prozesuko gorabeherak erakusten asmatzen du, bai horixe. Eszena bat edo beste bikainak dira, aktoreei esker, batez ere. Adibidez, apaizaren elizako sermoi beldurgarri eta bortitzak, Buddyren amesgaizto bihurtuta, bere umetasuna bikain azpimarratzen du. Edota Buddyren lehengusina Moirak (Lara McDonall) bere klubera gonbidatzeak amaieran istorioa ezin hobeto biribiltzen du.

Hala ere, bisualki ez zait lan izugarria iruditu. Eszenografia egokia dela uste dut, baina ez paregabea (familia bizi den kalekoa izan ezik), eta plano bereziki interesgarririk ere ez zait begitandu. Gainera, ez dut uste filmaren hasieran gaur egungo Belfast koloretan eta garai batekoa zuri-beltzean erakusteak lortu nahi zuen efektua lortzen duenik. Baina txikikeriak izan daitezke horiek, nori galdetzen diozun.

Ni guztiz harrapatu ez banau ere, ziur nago irlandar asko hunkituko zituen filma izan zela Belfast bere garaian, Kolosala izango da liburuak euskaldun asko hunkitu zituen gisan.


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...