British Petroliumen kontraturik gabe, Sestaoko Vicinay lantokiak “beharrezko neurriak” iragarri ditu 200 langileentzat

  • Enpresak kontratu handi bat espero zuen baina azkenean Txinako multinazional batek eraman du eta urri amaieran amaituko zaie lana. Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientea abiaraziko dute enpresa batzordeko langileen ordezkariek.


2026ko irailaren 23an - 09:46
Azken eguneraketa: 11:12
Sestaon itsas-plataformentzako kate erraldoiak ekoizten dituzte, besteak beste. Vicinay Sestao
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

British Petroliumen zeuzkan itxaropen guztiak jarrita Sestaoko Vicinay Marine enpresako zuzendaritzak, kontratu handi bat baitzuen esku artean petrolio konpainia erraldoiarekin, baina azkenean Txinako Asian Star Chain multinazionalak irabazi dio lehia, eskaintza merkeagoa eginda, eta zaputzaldia etorri da ondoren.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako sailburuak Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan onartu du enpresak "eskari oso garrantzitsu bat" galdu duela. Jaurlaritzak, Ekarpen funtsarekin batera (Kutxabank, Mondragon eta aldundiak) 7,5 milioi euroko dirulaguntza eman zion Velora Taldeari Sestaoko lantokia erosteko.

Astearte honetan, UGT, CCOO eta LABek osatutako enpresa batzordeari Vicinayko zuzendaritzak jakinarazi dio "beharrezko neurriak" hartuko dituela hemendik aurrera, urri amaieran lan-eskaria amaituko baitzaio, eta ez da espero martxora arte lan gehiago izatea.

Metalgintzako enpresa historiko baten oinordekoa –Otxandioko Cecilio Viçinayk sorturiko burdinolatik datorkio izena–, Vicinay Marine amarratze-sistemetan espezializaturik dagoen lantokia da, eta besteak beste itsas-plataformentzako –petrolio findegiak zein eolikoak– kate erraldoiak eta ainguratze sistemak egiten ditu; Europan gutxi dira halakoak. Denera 200 langile inguru ari dira gaur egun.

Neurri horiek zein izango liratekeen ez du aurreratu zuzendaritzak, baina esan du "langileengan ahalik eta eragin txikiena" izango duten hainbat aukera ari direla aztertzen. Aldiz, enpresa batzordeak uste dut Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientea (ABEE) zabal diezaiekeela langileei azarotik aurrera.

Lantokiak gorabehera handiak izan ditu azkenaldian, desagertzear ere izan zen, eta 2025etik hartzekodunen aurrekonkurtsoan dago. Langileek estualdiak pasa dituzte azken urteetan, enpresak ez dizkielako soldatak erregularki ordaindu eta hainbatetan ireki dietelako ABEEa. Oraingoan, ordea, luzerako zerbait izan liteke.

 


Ekonomia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.