BRICS: zeremonia aintzatsua Indian, apustu garrantzitsua Brasilen

  • Urriaren 4an Brasilen egingo diren hauteskunde orokorren lehen itzulirako hiru aste besterik geratzen ez direnean, ohiko aintzarekin ospatu da Indian BRICSen 2026ko goi-bilera, gero eta ilara gehiago eta luzeagoak behar dituen familia-argazkiekin.


2026ko irailaren 15ean - 12:36
Irailaren 12an egindako BRICSen goi-bileran bildutako goi ordezkariak. BRICS
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Bazkide osoak diren hamarrak gainerako begiraleen aurretik direla beti, Modi aurtengo antolatzailea erdian, iazkoa eta datorren urtekoa haren alboan. Bai zeremoniatsua protokoloa.

Zeremonia bat delako BRICSen goi-bilera, bertaratzen diren agintari gorenen aintzarako. Lana, egingarria zena, aurretiaz egingo zuten sherpek, eta kanpo-harremanetako ministroek; eta asmo onez gainezka etortzen den azken adierazpenak jasotzen ditu (140 puntu aurtengoan) haien nekeak. Nagusiak, konbentzimenduz edo oportunismoz, zeremoniara agertzen dira agintari gorenen diplomazia deitu ohi denaren eredu den horretara.

Bada, hara non, aurtengoan kale egin du akronimoaren lehen hizkia jartzen duen herrialdeko estatuburuak: Lula da Silva Brasilgo presidentea ez da bertaratu. Kale egin duen agintari goren bakarra izan da jatorrizko bost herrialde sortzaileen artean. Inork ez dio fitsik aurpegiratu. Jakina da osasunez onenean ez dagoela, eta gainera hauteskunde-kanpaina betean. Baina ez da hori ulerpenaren argibide nagusia: New Delhin bildu direnek ondotxo zekiten mesedegarriagoa zatekeela Lularentzat –eta, batez ere, BRICSentzat– fitsik ez esatea.

Hauteskunde-inkestek aurreratzen dutenez, nahiko argi dago lehen itzulian Lulak irabaziko duela, baina gehiengo osorik gabe eta bozketa hurbildu ahala laburragoa den aldearekin. Eta bigarren itzulian Flávio Bolsonarok –Jair Bolsonaro presidente ohiaren semeak– irabaztea gero eta gertagarriagoa dela. BRICSetan parte hartzeko hautua apenas mahairatu den hauteskunde-kanpainan; baina aspaldikoa da bolsonarotarrek antolakundeari dioten herra. Eta ez da aparteko imajinazioa behar aurreikusteko AEBekin itsuki lerrokatutako hautagai liberalak agintea lortzen badu, lehenbailehen erabakiko duela handik kanporatzea. Hala eskatzen diotelako senak eta Washingtonek.

Hasierako B hori galtzea ez litzateke erabakigarria izango BRICSentzat, baina bai mingarria. Asia eta Afrikako herrialde handi eta ez horren handien topagune bihurtzen ari da erakundea, gero eta argiago, Mendebaldearen hegemonia-aldiko nazioarteko antolakunde-ereduei uko eginez. Baina horrexegatik beragatik du garrantzia Hego Amerikako erraldoia ere bertan izateak: Mendebaldearen kontrakoa ez dela frogatzen duelako.

Garbi dago, ordea, bestela ikusi nahi dela harremana Mendebaldetik. Eta New Delhiko goi-bilera bera ere botila erdi hutsa bezala ikusteko ahalegin kartsua egin dela. Baita oso bestelako gogoeta eskatzen dutenetan ere, Masoud Pezeshkian Irango presidentearen eta Mohamed bin Zayed Arabiar Emirerri Batuetako presidentearen aurrez aurrekoaren kasuan, demagun.

Deigarria da, tenore bertsuan, azken adierazpeneko 13. puntuak dioenari eskaini zaion arreta eskasa: “Berresten dute Brasilek eta Indiak NBEn, baita haren Segurtasun Kontseiluan ere, betekizun handiagoak izateko dituzten asmoen alde daudela”. Alferrikakoa izango da, baina...


Irakurri gehiago: Nazioartea India Asia Brasil Amerika
Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.