Bretxako Arrandegi eraikina, ‘espacio de oportunidad’ zeinentzat?

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Donostiako Udalak adarra jo digu berriz ere. Gutxietsiak eta mespretxatuak, horrela sentitzen gara Parte Zaharreko bizilagunak. Eta urak gainezka egiteko falta zen tanta Bretxako Arrandegi eraikineko lehen solairua ostalaritza proiektu (jatetxe-eskola) batera bideratzeko udal gobernuaren erabakia izan da.

Bi urte dira Donostiako Udalak Bretxako gunearen kudeaketa publikoa bere gain hartu zuela. Hilabete gutxi batzuk lehenago Osasun Zentro berria ireki zen eta handik gutxira kirol instalazio bat, biak Arrandegi eraikinean. Lehenengo pisuko 900 metro karratuak zertara bideratuko ziren jakitea falta zen.

Gure auzoaren behar historikoei behingoz erantzun ematen hasteko benetako aukera zegoela ulertuta, 2025eko ekainean esparru eta jarduera desberdinetako hainbat elkartek udal arduradunekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu genuen, irtenbiderik onena bilatze aldera. Eta horretan aritu gara ia urtebetez, udal ordezkariekin biltzen eta erabilgarri dauden eraikin eta espazioen aukerak aztertzen.

Bada, ikusitakoak ikusita, gaur ziurtatu dezakegu han-hemenka eduki gaituztela, entretenituta, espazio libre horiek auzoaren beharrekin zerikusirik ez duten interesei esleitzen zitzaizkien bitartean. Azkena, aipatu Arrandegi eraikineko lehen solairua izan da: “un espacio con restaurante escuela y programas de inserción laboral”. Auzoaren beharrekin zerikusirik ez duen proiektua da. Ez hori bakarrik, indarrean dagoen araudia ere ez du betetzen. Donostiako Udalak Parte Zaharra ostalaritza-establezimenduen  gune saturatu izendatu zuen 2004an. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketak ostalaritza negozio berriak irekitzea debekatu zuen. 2018an Udala harago joan zen, auzoa “jarduera ekonomiko oroz gainezka dagoen eremu” gisa izendatuz. Bada, 2026an Udalak berak sustatzen ditu ostalaritza-jarduera berriak Parte Zaharrean, eta, gainera, udalaren eskumenekoa den gune batean.

Duela bi urte erabilgarri zeuden espazioak esleitzen ari dira, baina ez auzotarren erabilerarako guneak sortzeko, nahiz eta auzoaren beharrak areagotzen ari diren. Jon Insausti alkateak, ordea, ez du lotsarik esateko hartu berri duten erabakiak “Arrandegi eraikina auzoaren zerbitzura dagoen espazio gisa finkatuko duela”.

* Parte Zaharreko AUZO EKIPAMENDUAK taldea: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Kresala Kultur, Elkartea, Alde-Zaharra Kirol Elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Kale Lagunak Hockey Taldea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kaskariñak dantza taldea, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Kai Harripe Euskal Kultur Elkartea, Jarana Herri Kirol Taldea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Irakurleen gutunak Iritzia
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...