Heart of the beast “biziraupen eta maitasun” istorioa aurkeztera heldu da Donostiara aktorea, esperotakoa baino hiru egun lehenago. Jendetzak egin dio ongi etorria, eta prentsa areto bete bati egin dizkio adierazpenak: zinema komertziala egitea oso garestia da ekoizleentzako, horrelaxe defendatu du, eta gehitu zinema independenteak edo aurrekontu handikoak errazago betetzen dituztela aurreikuspen ekonomikoak.
Nekez bilduko du 74. Zinemaldiko edozein gonbidatuk Brad Pittek asteazkenean beste jende. Aurtengo edizioko izar distiratsuena izan da estatubatuarra ezbairik gabe, alfonbra gorrian begi eta flash kliska andana izan ditu, baita prentsaurrekoan ere: ordu eta erdiko ilara izan da Kursaaleko auditoriora sartzeko. Heart of the beast pelikula aurkeztera heldu da aktore eta produktorea, Sail Ofizialean emango dutena, lehiaketatik kanpo. Igandetik dago hirian, eta orduan ere harrera beroa jaso zuen; asteazken iluntzeko pasean izango da aktorea, alfonbra gorritik pasatuta.
James Belmont du izena Brad Pitten pertsonaiak, eta berak ditu pelikulako ia esaldi guztiak; ez da zaila, kontuan hartuta berak beste pantaila minutu biltzen dituen gainontzeko aktoreak zaunka baino egiten ez duela. Odin txakurra eta James dira, beraz, bi protagonista nagusiak, AEBetako armadako bi beterano, jada erretiroa hartuta bidaia abiatu dutenak. Hegazkin istripua izango dute, ordea, eta orduan hasiko da “biziraupen istorioa”. Horrela definitu du Pittek pelikula, baina hortik harago doala azpimarratu du: “Biziraupen istorioa da, baina oinarrian maitasun istorioa da”.
Izan ere, pelikularen muinean Hollywoodek horrek gustuko dituen abenturazko istorio bat badago ere, Pittek, David Ayer zuzendariak moduan, azpimarratu dute pelikulak sakon lantzen dituela harremanak. “Abentura da, baina bihotzetik asko du. Oso sinplea da, baina guztiei heltzeko moduko emozioak ditu”, azaldu du Olivia Hamilton ekoizleak ere. Emozio horien artean nabarmena da traumarena, bi protagonistek iragan militarra baitute, eta trauma osteko estresaren zantzuak dituzte.
Umeak eta animaliak omen dira filmaketetan elementurik zaharrenak; bada, Pitten pelikulak animalia ugari ditu, eta hori gutxi ez eta animalia protagonistak ditu. Aktoreak azpimarratu du aditu talde batek lagundu duela grabaketa, batez ere txakurrarekiko harremana zelan landu irakasteko. Harreman estua egin dutela dio, neurri batean lanketak eskatzen baitzuen txakurrarentzat dibertigarria izatea. Horrela, bada, aktoreak azaldu du ahalik eta denbora gehien pasatu dutela jolasgunean, elkar dibertitzen.
Zinemaren errentagarritasuna, zaila
Kamerek maite dute Pitt, bere aurpegiak bete ditu Gipuzkoako hiriburuko markesinak, aktore sobera ezaguna baita. Baina bere jarduna ez da horretan mugatu, kamera atzean egotea ere egokitu zaio, ekoizletzara egin baitu salto, 2014an Oscar saria ere irabazi zuen 12 Years a Slave pelikulako ekoizpen lanengatik. Eta hain zuzen ere, horrexegatik beragatik galdetu diote ea ekoizpenean izandako aldaketak zelakoak izan diren. Eta espero bezala, streaming berbak ez du huts egin bere hizketaldian. Eta bai, streaming plataformek lagundu dute talentua –aktoreena, idazleena, zuzendariena, taldearena oro har– zabaltzen, hori nabarmendu du estatubatuarrak: “Istorio eta talentu oso interesgarriak ditugu panoraman orain”.
Espero zitekeen bigarren berba izan da Covid-a, eta hura ere aipatu du. Nabarmendu du pandemiaz geroztik, filmen industriak beherakada nabarmena izan zuela, eta ordutik sei urtera errekuperatzen hasi bada ere, nolabaiteko arrakala zabaldu dela aitortu du: aurrekontu altuko pelikulek ez dute arazorik egindako inbertsioa txarteldegian bueltan jasotzeko, ezta zine independente txikiak ere; baina erdian dagoen zineak, 40 eta 60 milioi euroko aurrekontua duenak, ez du dirua erraz jasotzen bueltan. Edonola ere, baikor agertu da Pitt, tresna berriek prezio eskuragarriagoak ekarriko dituztela argudiatuta.
Aurrekontu baxuko pelikulak aipatuta, zinema independentearen egoeraz ere galdetu diete partaideei, eta eremu horren egoera “indartsu” dagoela azpimarratu dute; “1990eko hamarkadan baino indartsuago”, gehitu du Pittek.