Botika etxean jasotzea, prebentziorako tresna Arabako landa eremuan

  • Arabako landa eremuetako biztanleen arreta farmazeutikoa hobetzeko helburuz, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Farmazialarien Elkargoak 'Botika etxean eskura' egitasmoa jarri dute martxan. Parte hartzen duen farmazeutiko batekin hitz egin du ARGIAk.

Eusko Jaurlaritza

2026ko uztailaren 17an - 00:01
Azken eguneraketa: 07:24
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ribabellosa Arabako mendebaldeko herria da, Añanako kuadrillan kokatua. Bertako Mosterio farmaziako farmazeutikoa da Marga Mosterio, eta 'Botika etxean eskura' egitasmoan parte hartzen du. Proiektuaren bidez, hamahiru pertsona artatzen ditu etxez etxe botikak eramanez. Egitasmoaren helburua da Añanako eskualdeko eta Arabako mendialdeko herritarren arreta farmazeutikoa hobetzea, batez ere erreferentziazko farmazietatik urrun bizi diren eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonena. Proiektu pilotua duela urtebete abiatu zuten, eta maiatzean beste bi urtez luzatzea erabaki zuten.

Mosterio kontent da egitasmoak ematen duen aukerarekin. Azaldu duenez, lana ez da botikak entregatzera mugatzen: “Jendearekin gaude eta etxeraino sartzen gara. Ikusi dezakegu ea zer-nolako egoeran dauden eta errutinatik ateratzen dira”. Bere ustez, bisita horiek funtsezkoak dira pertsonen egunerokoa eta beharrak hobeto ezagutzeko.

Programa erreferentziazko farmazia dagoen hirigunetik kanpo bizi diren pertsonei zuzenduta dago, baldin eta medikazioarekin laguntza behar badute edo aldi baterako zein modu iraunkorrean mugitzeko eta lekualdatzeko zailtasunak badituzte. Horrez gain, honako irizpide hauetako bat edo batzuk bete behar dituzte: bigarren mailako mendekotasuna edo handiagoa izatea, behar bezala kontrolatu gabeko patologiak izatea edota zaurgarritasun egoeran egotea.

Botikak etxean jasotzen dituzten pertsona askok ez dute gidabaimenik, ez dutelako inoiz atera, eta beste batzuek, adinagatik edo osasun egoeragatik, dagoeneko ezin dute gidatu. Gehienak pertsona zaharrak dira: “Familia duten arren, batzuk bakarrik bizi dira etxe zaharretan. Azkenean haurtzaroko etxea da, eta ez dute hortik joan nahi”. Mosterioren arabera, egitasmoaren xedeetako bat da, ahal den neurrian, pertsonek beren ohiko bizilekuan jarrai dezatela. Hau da, zendu arte norberak bizi nahi duen lekuan bizitzeko aukera izatea.

Pertsona bakoitzaren beharren arabera egokitzen dute arreta, eta batzuetan hilabetean bi edo hiru aldiz joaten da Marga Mosterio farmazeutikoa

Saretuta

Ekimenak tratamenduarekiko atxikidura hobetzea ere du helburu. Beharrezkoa den kasuetan, dosifikazio sistema pertsonalizatuak prestatzen dituzte, sendagaiak behar bezala hartzen dituztela bermatzeko. Era berean, pertsonaren inguruan laguntza sare bat osatzen dute: “Lehen mailako arretako profesionalak, gizarte langilea, familia eta farmazeutikoak; denak harremanetan eta saretuta gaude”. Mosterioren ustez, arreta hurbilago eta pertsonalizatuago horrek prebentzio lanean laguntzen du, arazoak garaiz antzemateko aukera ematen duelako.

Gutxienez hilabetean behin egin beharko litzateke bisita bat, baina farmazeutikoak uste du kasu askotan maiztasun handiagoa behar dela. Pertsona bakoitzaren beharren arabera egokitzen dute arreta, eta batzuetan hilabetean bi edo hiru aldiz joaten da.


Irakurri gehiago: Osasuna Gizartea Prebentzioa
Osasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...