argia.eus
INPRIMATU
Bostgarren kolegioa sortzeko helburuarekin ospatuko dute aurten Herri Urrats
  • COVID-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, 2020ko Herri Urrats bertan behera utzi behar izan zuen Seaskak. Aurten, "ahal den neurrian, baimenen arabera" ospatuko dute maiatzaren 9an, Boga lemapean.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 27a
@herriurrats

Erabaki zaila izan zen aurreko urtean Seaskak hartu beharrekoa, izan ere, koronabirusaren pandemiak eragindako egoeraren harira, Herri Urrats-en 37. edizioa bertan behera utzi behar izan zutelako. Aurrera begiratu, eta aurtengo edizioaren antolakuntza martxan da dagoeneko: "Ahal den neurrian, baimenen arabera, maiatzaren 9an Herri Urrats ospatuko da", antolakuntzakoek segurtatu dutenez. Aurtengo abestia Xiberoots Zuberoako taldeak sortuko du.

Bostgarren kolegioa sortzeko helburuarekin ospatuko dute, "Boga" lelopean. Ikastolen aldeko festa arraun kirolari parekatu nahi izan dute, baikortasunetik ere begiratuz egoera gogorrari: "Badator ekaitz ondoko barea!". Euskaltzaleek laguntza bideratu ahal izateko "Boga kanpaina" abiatu dute ere. Kolegio berria Azkaine eta Senpere aldean edo Hazparne inguruan eraikitzeko asmoa du Seaskak.

Boga kanpaina, 300.000 euro helburu

Seaskako ordezkariek ikastoletan inbertitzen jarraitzeko dagoen beharra azpimarratu dute aurtengo Herri Urrats ekimenaren berri emateko antolatu prentsaurrekoan. Gauzak honela, ikastola berria eraikitzen lagundu nahi duen orok teila bat (20 euro), leiho bat (30 euro), ate bat (50 euro), berogailu bat (100 euro) eta beste hainbat atal erosteko aukera izango du boga.herriurrats.eus atariaren bitartez. Gutxienez 300.000 euro biltzeko helburua ezarri dute antolatzaileek.

Iazko irailetik Ipar Euskal Herriko lau kolegikoetan mila ikasleren langa gainditu dela ohartarazi du Seaskako lehendakariak, datozen bost urteetan kolegioetako ikasleen kopurua %30 igoko dela aurreratuz.