Ipar Hegoa fundazioak, EHUko hainbat irakaslerekin lankidetzan, berriki egindako ikerketan ondorioztatu dute bertako lanbide arteko gutxieneko soldata ez edukitzeak 239.535 langile kaltetzen dituela, nagusiki emakume, migrante eta gazteak.
Ipar Hegoa fundazioak, EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin elkarlanean, Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata edukitzeak langileengan dituen ondorioak ikertu ditu. Bost langiletik batek 1.500 euroz azpiko soldata jasotzen du, alegia, 239.535 langileri eragiten dio. Egun Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.184 eurotan dago. Jagoba Zuluetak, Ipar Hegoa fundazioko arduradunak adierazi duenez, soldata jasotzen dutenak kaltetzeaz gain, “langileria osoa zeharka kaltetzen du, soldataren egitura desitxuratu eta debaluatzen baita”. Euskal LGS propioa edukitzeko greba deitua dute martxoaren 17an, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Otsailaren 15ean, Berria-n Imanol Magrok Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea elkarrizketatu du eta arduradun politikoak adierazi du gutxieneko soldataren auziak EAEko langileen %3ari eragiten dionez, bere ustez gehiegi dela horregatik soilik greba orokor bat deitzea.
Ipar Hegoaren ikerketak dio azken 15 urteetan soldaten pisua hiru puntu jaitsi dela Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordinarekiko, Europar Batasunean estatu egiturak dauzkaten nazioetan gorantz egin duen bitartean. Zuluetak azpimarratu du, enpresetan mozkinak igo bitartean, soldatak ez direla maila berean igo. 2024ko abenduko soldatak erreferentziatzat hartuta, antzeman dute enplegatzaile, enpresa pribatu eta administrazio publikoak 461 milioi euroko mozkina eskuratu dutela 1.500 euroko soldatak saihestuta.
Neurriak, nagusiki, emakume, migrante eta gazteei eragiten die. 1.500eko soldataren azpitik dauden hirutik bi emakumeak dira, bitik bat langile migranteak, zehazki 118.999, eta 30 urtetik beherakoen artean 61.896 pertsona dira kaltetuak.