Unibertsitatea uzteko arrazoi nagusiak dira, hurrenez hurren, aurrez orientazio profesional txarra jasotzea, aukeratutako karrerarekin gustura ez egotea, zailtasun ekonomikoak izatea eta maila akademikoari ez eustea.
Espainiako Estatuko unibertsitate publiko eta pribatu guztiak kontuan hartuta Jakintza eta Garapen Fundazioak emandako datuak dira, 2023-2024 ikasturtekoak. Azterketaren arabera, ikasleen %22,1ek lehenengo urtean uzten du karrera: %13k unibertsitate mundua lagatzen du eta %9 beste karrera batera aldatzen da. Unibertsitate publikoan, ohikoagoa da karrera uztea: %17,6k egiten du, eta pribatuetan aldiz, %15ek.
Espainiako Unibertsitateen Ministerioak 2022an argitaratu zuen ikerketaren arabera, ikasleen espektatibak frustratzen dituen orientazio profesional txarra jaso izana argudiatu zuen ikasleen gehiengoak karrera uzteko. Hautaturiko karrerak ez asebetetzea –batez ere ez denean lehenengo aukera izan–, giro unibertsitariora ez egokitzea, ekonomikoki gastuei aurre egin ezin izatea eta errendimendu akademikoagatik abandonatzea ere badaude arrazoien artean.
Lehenengo urtean abandonu-tasa txikiena duten karrerak dira Medikuntza, Albaitaritza eta Haur Hezkuntza. Aldiz, lehenengo urtean gehien uzten diren ikasketak dira Informatika, Ingeniaritza, Industria eta Eraikuntza.
"Ordaintzen baduzu, hezkuntza kalitatezkoagoa ordaintzen ari zarela, diskurtso hori hedatu da eta intuitiboki hala dugu barneratuta"
Autonomia falta?
Txostenak nabarmentzen du, besteak beste, unibertsitate pribatuek tutoretza pertsonalizatuetan jartzen dutela indarra, batez ere lehenengo urtean, karrera uztea ohikoagoa den urte horretan, ikasleei autonomoak izatea gero eta gehiago kostatzen zaiela iritzita. Batxilergoan lagunduago daude irakasleengandik, eta gero gehiago kostatzen zaie egokitzea.
Beste puntu bat ere azpimarratzen du txostenak: unibertsitate pribatuek duten rol gero eta handiagoa. ARGIAn ere luze heldu genion gai horri, Euskal Herrian ere urteekin handitu egin baita unibertsitate pribaturako joera. Artikuluan genioen moduan, elitera ailegatu nahi izatea, lanpostu bat lortzeko enpresa pribatuekin unibertsitate pribatuek duten harreman sarea baliatzea edota publikoan sartzeko aukerarik izan ez eta pribatura jotzea –horretarako diru eta baliabideak dituenak, jakina– izan daitezke unibertsitate pribatua hautatzeko arrazoiak.
Dena den, sakonean gizartean errotuta dagoen sinesmen bati ere erantzuten diola uste du Juan Karlos Lopez-Mugartza irakasleak: “Ordaintzen baduzu, hezkuntza kalitatezkoagoa ordaintzen ari zarela, diskurtso hori hedatu da eta intuitiboki hala dugu barneratuta; pribatua izate hutsagatik izen ona eta prestigioa bermatua du, eta pena da, batzuek nahiago dutelako 7.000 euro ordaindu ez-dakit-nongo unibertsitatean online ikasteko, aurrez aurreko ikasketak unibertsitatean jaso ordez. Gurpil bat ere bada: dirua dutenak beren ghettoetan elkartzen dira, eta ghetto horretan sartzen bazara dirudun horien abantailez gozatuko duzu, horren bila zoaz”.
ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.