Pasa den ostiralean Etxepare lizeoko ikasleek Baxoko froga euskaraz erantzun zuten, azterketak zuzenduak ez izatearen arriskua hartu zuten, jakitun ziren zero bat ateratzeko arriskuan zeudela, baina beraien hizkuntzarekiko atxikimendua erakutsi dute, baita mugiezina zirudiena mugitu ere.
Haien gurasoek haurrak ikastoletan eman zituzten duela 15 bat urte, jakinda ere ikasketa amaierako mugarrian trabak izanen zituztela, eta euskaraz ikastearen ekarpena notaz haratago doan zerbait dela erakutsiz.
Asko izan dira eta dira euskaraz jakin ez eta beraien alaba eta semeak murgiltze ereduan ematen dituzten gurasoak, jakinda beraien hautuak zailtasunak ekarriko dizkiela, adibidez, haurra ikasketa prozesuan laguntzeko.
Euskaraz ikasteko hautua egin dute ere beraien herritik kilometro asko egin behar dituzten familiak, jakinda zein esfortzu, denbora eta baliabide ekonomiko dakarren hautu honek.
Etxeparen ikusi genituen ostiralean beraien ikasleak txalotzen ari ziren irakasle eta gurasoak, zero bat arriskatu arren, duintasunaren txalo zaparrada, eta ikasleen hitzak entzun genituen, irmo, haien hizkuntzaren defentsan.
Badira, euskarafobiak jota, A ereduan beraien haurrak matrikulatu nahi dituzten gurasoak, eta legeak egin behar dira haur horien eskubideak babesteko
Etorkizuna helburu, etxeko geletan zeuden ikastola klandestinoak hautatu zituzten duela 70 urte hainbat guraso ameslarik.
Bost egun beranduago, asteartean, ikusi genituen, USaP frogan, euskaran zero bat atera duten ikasleak, haserre, beraien irakasle eta gurasoak bezala, beraien etorkizuna zalantzan ematen dituen notak berrikusteko eskatuz.
Haien gurasoak, duela 15 urte, euskaraz ahalik eta harreman gutxien zeukan ereduan eman zituzten, A ereduan alegia. Arestian aipatutakoak bezala hautu kontziente eta politiko bat egin zuten, baina kasu honetan euskararen aurkakoa. A ereduak ez du euskalduntzen, telebistan ikusi dugu ikasle horien euskara maila. Zenbait komunikabidek arreta berezia eskaintzen die ikasle hauei, “ez da onargarria” diote.
Gure haurren hezkuntzaz ari garenean politika linguistikoa egiten ari gara, minuskulaz, gure ahalen arabera, baina maiuskulazko politika linguistikoak aldatu behar dira, ez da posible euskalduntzen ez duten ereduak gaur egun indarrean egotea. Jaurlaritzak bermatu behar du autonomi erkidegoko herritar guztiak euskaraz ongi moldatzea.
Badira, euskarafobiak jota, A ereduan beraien haurrak matrikulatu nahi dituzten gurasoak, eta legeak egin behar dira haur horien eskubideak babesteko.
Larunbatean kontseiluak euskararen berpizkunderako deitu manifestapenean entzun genuen bezala, “guk euskara dugu munduaren alde”, beso zabalik, denon aterpe.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.