Euskal Herriko Gazte Feministek 'Hemendik' bide-orria aurkeztu dute larunbatean, azken urteetako antolakuntzaren bilakaera jaso eta borroka feminista “gaztetasunetik” indartzeko gakoak jasotzen dituen tresna. Mugimenduko kide Uma Ulaziarekin mintzatu da ARGIA, gazte feministen "heldulekua" izango den dokumentuaren atzean dagoen hausnarketa eta proiektu politikoa ezagutzeko.
Desesperantza garaiak bizi ditugun honetan, “inoiz baino gehiago” militantzia feministan berresten diren 200 gazte feministatik gora elkartu ziren Hernanin (Gipuzkoa) larunbatean, Euskal Herriko Gazte Feministek (EHGF) landutako bide-orriaren aurkezpenean. Dokumentua ez da hausnarketa teoriko hutsa, “herriz herri eta auzoz auzo egindako lan militantearen emaitza da, eta eraldaketak iraunkor bilakatu nahi ditu”, azaldu du Uma Ulaziak EHGFko kideak. Mugimenduaren jarduna modu transbertsalean irakurtzeko eta nondik datozen aztertuta aurrera begiratzeko aukera ematen duela gaineratu du.
Neska* Gazteak izatetik Gazte Feministak izatera
Bide-orriak azken urteetako antolakuntzaren bilakaera jasotzen du, horren mugarrietako bat 2023ko Usurbilgo Baterajotzea izanik. Han Euskal Herriko Neska* Gazteak izatetik Euskal Herriko Gazte Feministak izatera igaro ziren. Subjektu politikoaren aldaketa ez zen izen-aldaketa hutsa izan. "Neska* subjektu bezala erabiltzea problematizatu genuen. Subjektu aldaketa horretan, neska* izatetik neska eta sexu-genero disidente subjektura igaro gara. Ez da izen-aldaketa izan, transfeminismoak ematen dizkigun tresnez baliatuta abiatu dugun prozesu bat baizik", azaldu du Ulaziak.
Prozesuak hainbat ondorio izan dituela adierazi du: sexu-genero disidenteek lehen lerroa hartu dute, diskurtsoa erradikalizatu da eta borroka-moldeak eraldatu dira. “Sarea momentu horretan hasi zen transfeminismoz bustitzen, baina horren ondorioz ere praktika transfeministak biderkatu egin dira”. Horregatik, transfeminismoa sarearen lan-ildo zentral gisa kokatzea ezinbestekoa iruditu zaie.
Hiru zapalkuntza sistema, borroka politikoaren ardatz
Euskal Herritik begiratzen diote munduari gazte feministek: estaturik gabeko herri batetik, baita Europatik eta Ipar Globaletik ere. Posizio horretatik, hiru zapalkuntza-sistema identifikatu dituzte: zisheteropatriarkatua, kapitalismoa eta kolonialismoa. Horien arteko artikulazioa politizatzea funtsezkoa da, Ulaziaren hitzetan, feminismoaren borroka eratorri gisa gera ez dadin. Izan ere, “badaude ezkerreko tendentzia politikoak kapitalismoa soilik izendatzen dutenak, eta bestelako zapalkuntzak haren eratorritzat kokatzen dituztenak. Horrek borrokarako tresnak lapurtzen dizkigu”. Horregatik, zapalkuntza-sistema bakoitzak bere mekanismoak dituela eta elkarren artean nola lotzen diren identifikatzea proposatzen dute, estrategia zehatzak eta eraginkorrak garatzeko.
Marko horretatik ulertzen dute feminismoaren autonomia. Patriarkatua zapalkuntza-sistema autonomoa den heinean, haren aurkako borrokak mugimendu autonomoa behar duela defendatzen dute. Horrek ez du beste borroketatik isolatzea esan nahi. “Autonomia gure borroka propioa indartzea da, baina aldi berean beste subjektu eta borroka batzuekin aliantzak eraikitzea”.
Espazio autonomo eta ez-mistoek borroka feminista zentralizatzeko eta espazio mistoek eskaintzen ez dituzten tresnak garatzeko aukera ematen dietela azaldu du Ulaziak. Baina batasunak eraikitzearen beharra ere azpimarratu dute, borroka feminista periferiko bihur ez dadin. “Borroka politikoan beti egongo dira pribilegioak eta zapalkuntzak; gakoa da horiek nola kudeatu”.
“Gaztetasunetik” feminismoa erradikalizatu
Gazte feministek bi norabidetan kokatu dute beren jarduna: gazte mugimendua feministatzea eta Mugimendu Feminista gaztetzea. Gaztetasunak zapalkuntza espezifikoak dakartza, eta horiek antolakuntzatik politizatzeko beharra aldarrikatzen dute. Indarkeria matxista espazio publikoan bizitzeko moduak, presio estetikoa edo sexu-genero disidentziak praktikatzeak gazteengan duen eragina aipatu ditu Ulaziak, besteak beste.
“Gazteok jasaten ditugun zapalkuntzak ez dira besteen berdinak. Intersekzionalitateak erakutsi digu hainbat bizipen eta faktore zeharkatzen direnean horien emaitza ezberdina dela, eta hala, gazte gisa antolatu ginen feminismoaren barruan”.
Gaztetasunaren ekarpenak ez datza soilik zapalkuntza horiek identifikatzean; erradikaltasuna ere badakar, indarkeria matxistaren aurka autodefentsa feminista aldarrikatzeko modua ere ezberdina da, baita zaintza sistemari dagokionean sortzen dituzten diskurtsoetan ere.
Autodefentsa, transfeminismoa eta dekolonialitatea
Bide-orriak borrokari heltzeko hainbat gako jasotzen ditu, horiek autodefentsa feminista, transfeminismoa eta dekolonialitatea izanik. Autodefentsa ez dute indarkeria matxistaren aurrean erantzun puntualak ematera mugatzen: patriarkatuaren aurkako estrategia politiko gisa ulertzen dute. “Erasoei erantzuteaz gain, espazioak feministatzearen garrantzia azpimarratzen dugu, harremanak eraldatzeko. Gorputza autodefentsarako tresna gisa ere ulertzen dugu, indarkeria askotan gorputzean jasaten dugulako eta gorputzetik egiten diogulako erresistentzia hegemonia erreakzionarioari”.
Transfeminismoa, berriz, lotzen dute subjektu politikoaren eraldaketarekin eta sexu-genero disidenteen lehen lerroko protagonismoarekin. Transbaztertzaileen erasoak salatzeaz gain, sexu-genero disidenteen mugimenduarekin aliantzak indartzeko apustua berresten dute.
Dekolonialitatearen inguruan, Euskal Herriko Gazte Feministak sare mistoa baina gehiengo zuria dela aitortzen dute. Horrek etengabeko birkokatze-prozesua eskatzen duela azaldu du Ulaziak, borroka antolakuntzaren eremu guztietara zeharkakotasunez eramateko.
Mugimendu Feministan motor
Grebaz greba, manifestazioz manifestazio eta asanbladaz asanblada lehen lerroak hartuz, mugimendua gaztetasunetik erradikalizatu eta hauspotu nahi dute. Martxoaren 8a, azaroaren 25a, Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxa eta zaintza-sistema eraldatzea dira horren adibide. "Ez da modu abstraktu edo teorikoan proposatzen dugun zerbait, baizik eta jada dagoen jarduna bide-orrian islatzen saiatu gara. Lekuan leku borroka batek hartuko du zentralitatea, beste batean beste batek. Bide-orriak tokiko borrokak jasotzen ditu, eta lurreratzeko gakoak ematen ditu".
Militantzia feministaren indarra
Bide-orriaren amaieran amorrua eta ilusioa, garaipenak eta plazera aipatzen dituzte. Ulaziaren hitzetan, borroka eta plazera ezin dira bereizi: “Guk uste dugu borrokak egiten gaituela aske, eta askatasun hori da gozatzen duguna”. Militantziak bizitzak bizigarri egiteko aukera ematen duela dio, eta askatasun horretan bizitza bera gozatzeko aukera ere badagoela.
Aurrera begira, “herriz herri eta auzoz auzo” lurreratu nahi dituzte dokumentuan jasotako gakoak, borroka eta egun konkretuetan zein aurkezpenetan. “Militantzia feministan berresteko momentua da inoiz baino gehiago. Erreakzio garaietan gaude, bereziki kolpatuak gara neska* eta sexu-genero disidenteak, eta feminismoa bera ere. Bizitako guztiarengatik, irakaspenak bilduta, berresten gara orain arte lortutako garaipenetatik eta feminismoaren ezinbestekotasun horretan”.
Bide-orriaren sorrera-prozesua indarberritzea izan dela dio Ulaziak, eztabaiden eta egindako lanaren emaitza. “Guk lanean jarraituko dugu. Borrokan jarraituko dugu”.