Bihar nazioarteko kongresuan ARGIA Yazmin Novelorengana gerturatu da. Bera maia da, Yucatangoa hain zuzen, eta bertako hizkuntza indigena hitz egiteaz gain, hizkuntzaren aktibista ere bada, U Péekbal Waye' egitasmoaren bueltan. Gaur egun maia izateaz, eta euren borrokez aritu gara.
Zenbat hiztun zarete?
Gure hizkuntza Yucatango maia da, eta lurralde guztian bost edo sei milioi garen arren, hiztunak milioi bat inguru izango gara. Beste hizkuntza indigenekin alderatuta, asko. Adituen arabera, hogei edo hogeita bi talde kultural gara “maia” deitzen diogunaren barruan, eta bost herrialdetan bizi gara –Mexiko, Guatemala, Belize, Honduras eta El Salvador–. Hitz konpartituak baditugu ere, hizkuntza ezberdinak ditugu, eta ez gara elkar ulertzen. Lurralde bakoitzean ohitura eta kultur adierazpen ezberdinak garatu dira. Oso ezberdinak gara gure artean, baina antzinako historia komuna partekatzen dugu.
Historia loriatsuko inperioarekin lotzen dugu maia kultura, baina nolakoa da maia izatea gaur egun?
Bi alor horiek adiskidetzean datza: gure arbasoena eta garaikidea. Badugu handitasunaren iraganeko errealitatea: jakinduria, astronomia, matematika, arkitektura… baina askotan errealitate bakar gisa aurkezten da, eta gaur egungoa ezkutatzen da. Bizirik gaude, eta gu ere mundu globalizatuan bizi gara. Iraganak ez gaitu mugatzen, ezta esentzializatzen ere. Gaur egungo maiek telebista ikusten dugu, eskolara goaz eta parranda egiten dugu.
Zein esparrutan hitz egiten duzue zuen hizkuntzan?
Eskolan, administrazioan, medikuarenean… ez dugu aukerarik. Hor gabiltza lanean. Produkzio kultural gutxi batzuk baditugu, eta gehiago eragiten saiatzen gara. Gaur egun maia gisa hainbat esparrutan bizi gara, adibidez, familiarekin kozinatzen ari garenean eta hizkuntza erabiltzen dugunean. Momentu horretan ari gara maia izaten, eta gure kosmologia horrekin guztiarekin harremantzen. Gu komunikazioan ari gara lanean U Péekbal Waye' hizkuntza biziberritzeko egitasmoan, eta sare sozialetan erabiltzen dugu hizkuntza. Ideiak sortzen ditugu maia pentsamendutik abiatuta.
Erresistentzian bizi zarete?
Bai, gure kulturan eta gure hizkuntzan bizitzea bada erresistentzia ariketa bat egitea ere, eskubide hori kendu zigutelako. Askotan entzuten dugu: “Maia izan zaitezke, baina egokitu behar zara”. Borroka horretan gaude. Baina erresistentzia izateaz gain, maia izatea bada harrotasuna ere.
Egon da hizkuntzaren gaineko narratiba aldaketarik?
Egon da narratiba aldaketa bat nortasunaren gaian. Zeren maia izatea esperantza izatea da. Egia da, ezin dugu leku guztietan maia gisa bizi, egitura ekonomiko-politiko global uniformizatzaileak gurutzatzen gaituelako. Badirudi denok hitz egin behar dugula ingelesa eta jeans-ak jantzi. Eraikitzen dugun horretatik ari gara lanean, ez falta dugunetik.
Kongresutik ateratako irakaspen bat?
Uste dut borroka linguistikoa ez dela soilik hizkuntzari buruz hitz egitea, baizik eta mundu berri bat imajinatzea. Zapatistek dioten moduan, “mundu asko kabitzen diren mundu berri bat”. Linguistikoki erresistentzia egiteak eramaten gaitu beste borrokak besarkatzera: lurraren defentsa, uraren defentsa… eta uste dut hori dela euskaldunak eta maiak lotzen gaituena. Ez gabiltza soilik linguistikoki homogeneizatzea bilatzen duen gizarte baten aurka, baizik eta giza eskubideen alde. Nire hizkuntza hitz egiteko eskubidea dut, baina nire hizkuntza biziberritzeko egunero jan behar dut, etxe batean bizi behar naiz...
Bestalde, kanpotik begiratuta ematen du zuek oso mendebaldar eginda zaudetela, baina elementu askotan antzeman daiteke zuen kosmobisioa eta espiritualtasuna. Lurrari oso lotutako mundu ikuspegia duzue.
Gomendio kultural maia bat?
Socorro Loeza Flores aktore eta antzerki-zuzendariaren edozer.