Bolsonaro AEBetan ezkutatu da, porrotaren ostean

  • Pasaportea entregatzeko Alexandre de Moraes epaileak emandako epea asteartean amaitu zen, baina Bolsonarok ez zuen agindua bete. Horrek ihes egin izanaren zurrumurruak zabaldu zituen, eta asteazkenean Argentinako Migrazioen Zuzendaritza Nazionalak baieztatu du handik AEBetara bidaiatu zuela.


2026ko urriaren 28a - 10:41
Azken eguneraketa: 12:37
Flavio Bolsonaro hauteskundeak galdu eta gero
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Flavio Bolsonarok Brasildik ihes egin du hauteskundeak galdu eta gero. Alexandre de Moraes Brasilgo Auzitegi Goreneko (STF) epaileak 24 orduko epea eman zion astelehenean Bolsonarori pasaportea entregatzeko, apustu digitalen bidez dirua zuritzeko ustezko sare batean parte hartu izana leporatuta. Epaile berak ezarri zion Flavioren aitari, Jair Bolsonarori, 27 urteko kartzela zigorra 2025ean, Lularen aurkako estatu kolpea ematea egotzita. 

Ultraeskuindarrak ziurtatu zuen arren ez zuela ihes egingo eta oposizioaren buru izango zela, Brasil utzi du. O Globo egunkariaren arabera, asteazkenean Miamira (AEB) iritsi zen, baina haren azken helmuga ez dago ofizialki baieztatuta. Argentinako Migrazioen Zuzendaritza Nazionalak (DNM) ohar batean baieztatu du presidentetzarako hautagaia eta bere familia Misiones probintzia argentinarretik igaro zirela mugaz bestaldera. Hasieran, Iguazutik hegazkin pribatu bat hartuko zutela zabaldu zen, baina hegazkina ez zen aireratu. Brasildik irteteko zer ibilbide egin zuen oraindik argi ez dagoen arren, AEBetako Estatu Departamentuak aurrez iragarri zuen Bolsonarori eta haren familiari bisak emango zizkiela eta herrialdean sartzeko baimena emango ziela.

Luiz Inacio Lula da Silva presidentea Bolsonarok ihes egin izanaren aurka mintzatu da: “Brasilen gera zitekeen, haren aurkako salaketak faltsuak direla frogatzeko”, adierazi du. Ultrak Donald Trumpekin duen harremanari buruz ironiaz mintzatu da Lula, “Brasil da haren bigarren etxea; lehenengoa, AEBak dira”.

Hauteskundeen emaitzak

Urriaren 4an egindako lehenengo itzulian garaile atera zen Bolsonaro semea. Hain ziur zegoen presidentetzara iritsiko zela, etorkizuneko gobernuari eta lehen neurriei buruzko xehetasunak ere aurreratu zituela. Igandean egindako bigarren itzulian, berriz, ezkerraren eredu den Lula nagusitu zitzaion Bolsonarori, botoen %52 lortuta. Hasieran, Bolsonarok ez zituen emaitzak onartu, eta horiek baliogabetzea eskatzeko xedea zuen. Hala ere, astelehenean PL Alderdi Liberaleko Valdemar Costa Netok emaitzak onartu zituen, gutun bidez. 

Lulak “gezurraren eta negazionismoaren aurkako garaipena” izan dela adierazi zuen São Paulon emandako hitzaldian. Haren garaipena zabalagoa izan zitekeen, bolsonarismoak gobernatutako zenbait hiritan garraio publikoan izandako “arazoengatik” izan ez balitz. Hala ere, Lulak hauteslekuak bi ordu beranduago ixtea lortu zuen Auzitegi Gorenari egindako eskari baten bidez.


Irakurri gehiago: Brasil Nazioartea Amerika
Brasil kanalean gehiago
2026ko urriaren 28
Goizean argi
Segi, ba

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.