Boikot gabe, baina aldarrikapenekin: Irlandako futbol selekzioaren eta Israelen arteko partidak zeresana eman du

  • Gatazka eta Palestinarekin elkartasuna izan dira nagusi Irlandako eta Israelgo futbol selekzioen arteko norgehiagokan, igandean jokatutako Nazioen Ligako bigarren jardunaldian, Irlandako zazpi jokalarik partida jokatzearen aurka bozkatu bazuten ere, partida jokatu egin zuten eta Irlanda 0-3 gailendu zitzaien israeldarrei. Israelgo ereserkia jarri zutenean Irlandako jokalariek burua makurtu zuten, eta goletako batean Jack Moyland golegileak besoko beltz bati musu eman zion.


2026ko irailaren 28an - 12:07
Azken eguneraketa: 14:23
Zelaia hutsik eta Irlandako jokalariak burumakur Israelgo ereserkia entzun bitartean. Bernadett Szabo / Reuters
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Norgehiagokari ekin aurretik ere, gatazka piztuta zegoen dagoeneko: etxeko talde gisa jokatzen bazuten ere, norgehiagoka Hungariako Debrecen hirian izatea erabaki zuen Irlandako Futbol Federazioak, herrialdetik 2.000 kilometro baino gehiagora. Irlandar zaleek, #StopTheGame leloarekin abiatutako kanpainaren bitartez, federazioari behin eta berriz eskatu diote partida jokatzeari uko egiteko, Israelek kirola "palestinarren aurkako genodizioa zuritzeko" tresna gisa erabiltzen duela argudiatuta.

Zaleek eginiko presioa dela eta, jokalariek partida jokatzearen alde edo kontra bozkatu zuten: Irlandako Futbol Federazioaren buru David Courellen esanetan, zazpik bozkatu zuten aurka. Horietako bat, hain zuzen, Gavin Bazunu Ingalaterrako Bolton Wanderers taldeko atezaina izan zen. "Sinesmen sendoko pertsona naiz, eta, ahal dudan heinean, printzipioak dituena izaten saiatzen naiz", adierazi zuen.

Partida jokatzearen aldeko botoak gailendu ziren arren, deialditik atera eta israeldarren aurka lehiatzeari uko egin zion Bazunuk. "Pertsona errugabeak hiltzea gaizki dago, baina nire erabakia ez doa herri israeldarraren zein komunitate judutarraren aurka, eremu horretan egiten ari diren sarraskien aurka baizik".

Burumakur eta besoko beltzarekin

Norgehiagokan zehar zenbait keinu egin zituzten Irlandako jokalariek: esaterako, protokoloa jarraituz partidari ekin aurretik zelaian Israelgo ereserkia jarri zutenean, irlandarrek burua makurtu zuten, eta hala egon ziren ereserkia amaitu arte. Bi selekzioetako kapitainen arteko zozketan, berriz, Dara O'Shea Irlandako kapitainak ez zion eskua eman Israelgo kapitain Manor Salomoni.

Irlandako jokalariek, besoko beltzarekin jokatu zuten norgehiagoka, Israelek Gazan hildako palestinarrekiko elkartasunez. Israeldarrei sartutako hirugarren gola besoko hori musukatuz ospatu zuen Jack Moylan golegileak. 

Israeldarren erreakzioak

Irlandako Futbol Federazioak hitzeman zuen ez zela partida ikusteko sarrerarik salduko; zenbait zale israeldar bertan izan ziren, ordea. Gainera, Adam Idah eta James Abankwah jokalari irlandarrek irain arrazistak oihukatu zizkietela salatu zuten.

Salomon kapitain israeldarrak, berriz, partida ostean eginiko adierazpenetan, adierazi zuen Irlandaren inguruan duen iritzia esanez gero, zenbait partida jokatzeko debekuarekin zigortuko luketela: "Gure herrialdea haiena baino hamar aldiz hobea da. Gure herrialdeaz eta soldaduez harro gaude". Israelgo Futbol Federazioak "ezjakintasuna, itxurakeria eta ergelkeria" leporatu zizkion Heimir Hallgrimsson Irlandako selekzioko entrenatzaileari; Hallgrimsonek partidaren aurretik esan zuen ez dutela "genozidioarekin jokatzen, haren aurka" baizik.


2026ko irailaren 30
Hipokresia

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.