Joan den ostegunean hasi ziren blokeoak, Frantziako lizeoetako ikas-baldintza eskasak salatzeko eta bestelako austeritate neurri batzuei aurre egiteko. Paris inguruan hasitako mugimenduak Ipar Euskal Herrian ere izan du jarraipena, aldarrikapen batzuk desberdinak badira ere.
Klaseak gainezka daudela, irakasle eskasia dagoela edota eraikinen egoera txarra dira salatzen dituzten gabezia nagusiak. Baina Ipar Euskal Herriari dagokionez, beste salaketa batzuk ere batu dizkiete ikasleek. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladak hainbat puntu nabarmendu ditu, astelehen honetan ateratako komunikatuan: irakasle postuak urtero arriskuan direla edota baxoa frantsesez pasa behar dutela, besteak beste.
Mugimendua hasi zenetik, estatuaren errepresioa handia izan da, Poliziak milaka atxiloketa burutu ditu eta bortizkeria handiz esku hartu du. Baionan, hamarnaka ikasle atxilotu ditu Poliziak ostegun eta astelehen artean, baita negar gasak edo flashball armak erabili ere. Edouard Geffray Hezkuntza ministroak erran duenez, Frantzian dauden 3.700 lizeoetatik 400 eta 500 artean hetsirik daude.
Asteartean mobilizazioak
Astearterako mobilizazio orokorrera deitu du Frantziako ikasle mugimenduak, eta honi batu zaizkie hainbat sindikatu ere. Izan ere, ikas-baldintzetaz haratago, gobernuaren politikak oro har jarri dituzte zentroan: esaterako, gobernuaren murrizketak arlo kultural eta sozialean, edo inbertsio handiak, aldiz, gastu militarrean. Astearte honetan 17:30tan abiatuko da manifestaldia Baionatik.