Hondamendiak ez dira amaitzen albistegietatik desagertzen direnean. Hiru aste igaro dira La Guairako lurrikarek Venezuela astindu zutenetik, eta nazioarteko hedabideek arreta bertze nonbaitera eraman dute jada. Hondamendiak milaka herritarrengan utzi dituen ondorioez eta herrialdeak bizi duen tentsio politikoaz mintzatu da Mikel Moreno, 2012tik Venezuelan bizi den 44 urteko bilbotarra.
Nola bizi izan zenituen lurrikarak, eta orain, hiru aste igaro direlarik, nola zaudete zu eta zure ingurukoak?
Lurrikaren egunean La Guairan geunden, Naiguatá deitzen den herri batean sanjoanak ospatzen. Herri horretan lurrikara ez zen hain gogorra izan, nahiz eta etxe batzuk erorita ikusi genituen. Caracasera bueltako bidaia izan zen gogorrena, hondamendi handiena egon zen zonaldea zeharkatu behar izan genuelako. Caraballeda bezalako herri txikietan eraikin gehienak erori dira, eta bertan egon dira hildako gehienak ere. Gertukoak ondo gaude orokorrean. Lagun baten emaztea hil zen Caracasen, eraikina gainera erori zitzaiolako. Gure eraikinak baditu bere pitzadurak eta gasik gabe gaude, baina orokorrean gure egoera ez da larria.
Venezuela jada foku mediatikotik pixka bat aldendu da, baina 4.900 hildakotik goiti daude, eta 20.000 pertsona inguru etxerik gabe gelditu dira. Nolakoa da egoera gaur egun zure auzoan?
Caracas zentroan bizi naiz ni, eta gure zonaldean egoera nolabaiteko normaltasun batera bueltatzen ari da, nahiz eta eraikin guztiek berrikuspen sakona eta konponketak beharko dituzten. Misión Viviendako [Hugo Chávez presidente ohiak 2011n sortutako eta Nicolás Maduroren gobernuak jarraitutako programa soziala, baliabide gutxiko familiei etxeak dohain emateko] jendea pare bat astetan kalean edo aterpeetan egon da, inspekzioak egin arte ez zaielako etxean sartzea baimendu. Baita beldurragatik ere; jendeak etxera bueltatzeko beldurra zeukan, pitzadurak ikusten zituztelako eta arriskutsua zela uste zutelako. Baina orain inspekzioak egin ahala beraien etxeetara bueltatzen ari dira.
"Jende asko geratu da etxerik gabe eta lanik gabe, eta ume asko geratu dira familia sostengatzen zuen pertsonarik gabe"
Nola antolatu dira herritarrak eta zu zertan ari zara laguntzen?
Lehenengo momentuan, jendea eraikinak erorita zeuden tokietara joan zen, hondakinen artean jendea bilatzeko. Gure laguna hondakinen azpian zegoen eraikinera joan ginen gu, eta jada babes zibila, suhiltzaileak eta bizilagunak lanean zeuden. Bestalde, herritarrak etxerik gabe zegoen jendeari beharrezko gauzak emateko ere aktibatu zen: janaria, edaria eta arropak, besteak beste.
Azken egun hauetan, alde batetik, gure eraikinean hondakinak ateratzen eta garbiketa lanak egiten egon gara; eta, bestetik, dirua biltzen. Euskal Herriko lagun askok esan zidaten dirua pasako zidatela nire inguruan laguntza behar zuen jendeari gauzak erosteko edo zuzenean dirua helarazteko. Zaila izan da, Venezuelak Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren isunekin jarraitzen duelako, eta blokeo horrek zaildu egiten duelako kanpoan bildu den dirua hona bidaltzea; esaterako, ezin da transferentzia bat egin. Ez naiz arazo hau eduki duen bakarra izan, eta suposatzen dut gobernuz kanpoko erakundeak ere arazo hauek pairatzen ari direla.
Halako egoeretan beti izaten dira elkartasun keinuak, baina baita gehiegikeriak ere. Zuen inguruan egoeraz baliatzen denik ikusi al duzu?
Egon dira arpilatze kasuak, eta ikusi ditugu poliziak hondatutako eraikinen artean dirua lapurtzen saiatzen. Ez dago sorpresarik, badakigu polizia berdina dela herrialde guztietan. Beti dago egoeraz aprobetxatzen den jendea. Venezuelan urtetan politika sozialak egin dira etxebizitza publikoak dohainik emateko herritarrei, eta orain pertsona batzuk kanpamentuetan eta etxerik gabe gelditu den jendearen artean sartu dira, ea etxe bat oparitzen dieten. Hala ere, orokorrean portaera onak izan dira, eta elkartasuna izan da nagusi.
Kanpotik kaosaren irudia zabaldu da. Nazioarteko zenbait mediok Venezuela “porrot egindako estatua” dela errepikatu dute. Irudi hori errealitatearekin bat dator? Nola baloratzen duzu gobernuaren erantzuna?
Gobernuaren erantzuna ez da izan porrot egindako estatu batena; hasieratik azkarra izan da. Ez dago estaturik munduan horrelako hondamendi batean ehuneko ehunean erantzun ona emango lukeenik, baina hasierako momentutik suhiltzaileak, babes zibila, hainbat segurtasun indar, armada eta guardia aktibatuta egon dira, hondakinak kentzeko eta eraikinetan jendea bilatzeko. Noski, erantzuna beste bat izan zitekeen, baina azken urtetan sufritu dugun gerra ekonomikoak Venezuelako Estatua ahultzea lortu du. Hipokrita da isun eta blokeo horiek ospatzen eta bultzatzen egon diren komunikabide horiek orain porrot egindako estatu bati buruz hitz egitea, beraien nahia hori izan baita beti.
"Venezuelak AEBen eta EBren isunekin jarraitzen du, eta blokeo horrek zaildu egiten du kanpoan bildu den dirua hona bidaltzea"
Lurrikarak AEBek Maduro presidentea bahitu osteko agertokian gertatu dira. Zenbait gobernu ultra eskuindarrek —AEBek, Argentinak edo El Salvadorrek, erraterako— laguntza eskaini dute. Beldur zarete hondamendia herrialdean haien eragina handitzeko baliatuko duten?
Ez da beldur bat, ziurtasun bat da estatu horien intentzioa hori dela. Ikusiko dugu lortzen duten edo ez, baina benetan nazkagarria da herrialde hau desegiten saiatu diren, eta blokeoak, isunak eta mertzenarioak bultzatu dituzten herrialde eta indar guztiak –AEB, El Salvador, Europar Batasuna eta Euskal Herrian EAJ eta PSOE, adibidez– orain laguntza humanitarioa eskaintzen egotea. Nik uste dut Venezuelak edozein laguntza onartu behar duela, beharrezkoa delako. Hala ere, laguntza horiekin kontuz ibili behar da, eragin hori handitzea, eta herrialde hau beste bide batetik kontrolatzea delako beraien helburua. Blokeoa eta isunak erabili zituztenek orain ez dute lotsarik izango laguntza humanitarioa erabiltzeko herrialdean sartu eta hemen geratzeko.
Zein dira une honetako kezka nagusiak, eta zein erronkak etorkizunera begira?
Alde batetik, oraindik badago itxaropena jendea eraikinen azpian bizirik topatzeko, orduan, momentu honetan garrantzitsuena da lan horiekin jarraitzea. Etorkizunari begira, erronka izango da jendeari bizimodua errekuperatzeko aukerak ematea. Jende asko geratu da etxerik gabe eta lanik gabe, eta ume asko geratu dira familia sostengatzen zuen pertsonarik gabe. Garai batean horrelako hondamendietan Venezuelako Estatuak protagonismo handia zuen. Misión Viviendaren bitartez, adibidez, etxeak galdu zituzten milaka pertsonei etxeak dohainik eman zizkieten. Gaur egun egoera politikoa aldatu da, eta Venezuelako politikak AEBen tutoretzapean egiten dira. Orduan ikusiko dugu ea zer aukera eta autonomia daukan estatu honek kaltetutako pertsona horiei guztiei laguntzeko.