argia.eus
INPRIMATU
Bizka¡ko Bertsolari Txapelketa: Potoen itzala
  • Zenbaki eta sailkapen zaleak direnentzat: 750 lagun, 6 bertsolari, 6 epaile. Iratxe Ibarra: 540, Fredi Paia 524,5, Ibon Ajuria 508, Jone Uria 504, Oihana Bartra 500 eta Amaia Uribe 426. Saioaz bestelako inpresioa (nirea, inpartziala edo objektiboa, irakurlearen arabera) jaso gura dutenentzat: erregulartasunak ematen dizkio puntuak Ibarrari, eta atzoko saioan beti bezain lineal ibili zen, erregulartasunari umore ateraldiren bat edo beste gehituz.

2008ko azaroaren 25

 

Linealetik genialera salto egin nahi nuke Fredirenera, ezen nabarmen ibili zen algortarra besteen gainetik, ofizioetan zein bakarkako lanean, potoak madarikatu genituen (saio oso-osoa egin arren, potoak eta epaile taldeak ez omen dute barkatzen…). Ibon, saioko joskile, Jone loratzen, Oihana baleko, eta Amaia hasieran laprast eginda aurrerakoan nerbioen ekilibrista lanetan.

 

Oihanak eta Fredik eman zioten hasiera saio puntuagarriari, kartzelatik ateratzen den presoaren eta haren amaren paperean. Fredik, rolean guztiz sartuta, diskurtso sano sinesgarrian alabari berriz manifetan ez ibiltzeko eskatu zion, berriz galdu nahi ez zuela eta. Zortziko nagusiko gainerako bi saioak umorezkoak izan genituen, eta harritu egin ninduen, seguruenik, ohitura falta izango da, beti uzten baitugu umorea txikirako. Ibon eta Jone, ohean alaba ezkondu aurreko gauean beste batekin aurkitzen zuen aita eta alabaren paperean aritu ziren elkar egoki erantzunda. Iratxek iragarki bat jarri zuen ama zaintzeko pertsona baten bila, eta Amaia etorri zitzaion ate joka. Kubatarraren “amorzito” eta euskaldunaren (Iratxeren) “euskal herrian bizi izatea / ya tu ves no es tan fazil” azken puntua heldu ziren gure belarrietara, berbarako.

 

Zortziko txikian Fredi eta Ibon nagusi, gaiari zegokion eliz giroko semantika egokiro ekarriz: gaupasa eginda hamabietako mezan zeuden, eta ondo aipatuak izan ziren abadea, kaliza, aldarea, loreak, auzokoen doinu grabeak…

 

Hamarreko txikiaren txandan Fredi eta Iratxeren saioan aipatzekoa Frediren lehen bertsoa: “Suetean erdiko/ sexuan ohitura / baztertu beharko dogu / dinodan modura / amaitu da lehenauko / pasio abentura / ondo etorri maitasun / gabeko mundura / goizetako naranja / zukua amaitu da” goitik bera josia eta sentsazioak pil-pilean jarri zituena. Iratxek gaueko pelikula pornoak ere bukatu zirela erantzun eta ondoren etorri zen “itzela” (hitz horrekin egin baitzuen poto), Frediri puntuak ostu zizkion laprastada. Nire buruari sarri galdetu diot ea zenbat balio duen potodun bertso batek, sinalefaz josita egindako beste baten aldean, edo lagunari erantzunik ematen ez dion bertso baten aldean.. eta atzo berriz izan nuen ideia hori buruan… baina tira, segi dezadan saioari buruzko inpresioekin..

 

Puntu erantzunetan selekzioaren izena eta kirola izan ziren gaia. Bakarrean hiru bertso botatzeko, ostera, Somalian jarri zituen gai-jartzaileak bertsolariak, non eta petrolio-ontzi batean, pirataz inguratutako marinelak ziren bertsolariak. Gaia oso zehaztuta eman zitzaien aurreko saioetako bakarkako saioekin alderatuz gero. Komentario gehiago egin gabe, hona hemen sailkapenean bigarrenak OPDR-Cadiz petrolio-ontzitik botatakoen artean koadro bat pintatu balu legez gehien gustatu zitzaidana: “Ikusten nozu europar gisa / ni naz marinel lodia / ta zuk eskutan pirata jauna / zure fusil hain goria / niri begira dozu ondino / fusil puntaren hodia / itsas txori bat ta albatro bat / eriotzaren txoria / ezin litike hemen amaitu / marinelon historia / gure etxera zurera legez / iritsi behar da ogia”.