Cebek patronalak blokeoa baztertzeko exijitu dute grebalariek, baita eros-ahalmena eta lan-baldintza duinak bermatzen dituen lan-hitzarmena ere, azkenekoa 2009-2011 . urtetakoa baita. Urriaren 30eko greba egunean Ertzaintzak langile bat “inolako justifikaziorik gabe” atxilotu izana salatu du intersindikalak.
Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreak antolatutako greba “arrakastatsua” izaten ari da, plataforma sindikalaren arabera. Urriaren 29an izan da lehen greba eguna, eta pikete goiztiar batekin hasi da jardunaldia goizeko 05:30etan Bilboko itsasadarraren eskuinaldean, ondoren 11:30ean Mungian manifestazioa egin dute.
Asteazkenean grebak jarraitu egin du Basaurin, eta aurreko egunaren antzera pikete informatibo batek eman dio hasiera egunari, Biolid SL enpresaren aurrean izan dena. Sindikatuek salatu dute Ertzaintzak “inolako justifikaziorik gabe” langile bat atxilotu izana. “Mobilizazioa inolako gorabeherarik gabe igarotzen ari zenean, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra bortizki sartu da, ez dio greba batzordeari informazioa emateko eskubidea gauzatzen utzi, eta sektoreko langile bat atxilotu du”, zehaztu du LABek. “Neurriz kanpoko jardun ilogikoa” izan dela adierazi eta atxilotutako pertsona kargurik gabe libre uztea galdegin dute. Piketearen ostean manifestazio “jendetsua” egin dute Basauriko kaleetan barrena.
Cebek patronala lan-hitzarmena berritzeko negoziazioak blokeatzen ari delako greba antolatu dute sindikatuek. LAB, ELA, CCOO eta UGTk bost lanuzte egitera deitu dute urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako. Guztira hamabi greba egun izango dira apirilean protestan hasi zirenetik. Abuztuan patronalarekin hiru aldiz bildu baziren ere, ez zen aurrerapausorik eman, baita urriaren 24an egindako azken bileran ere, sindikatuen arteko plataformaren proposamenak baztertu baitzituen Cebek-ek.
Sindikatuek adierazi dutenez, Grafo, Cartisa, Divipa, Arteos eta Garcicuño bezalako enpresa erreferenteen ekoizpena geldiarazi du grebak. Biolid, Comeco eta Erabil enpresetan aldiz lanuztearen eragina “nabarmena izan da”.
Horrela, Cebekek blokeo egoera baztertu eta lan-baldintza duinak eta eros ahalmena bermatzen dituen hitzarmen bat galdegiten dute sindikatuek, azkenengoa 2009-2011 urtetakoa baita.