Bizkaiko Foru Aldundiak “irregulartasunak” topatu ditu Durangoko Tabira Berri adinekoen egoitzan

  • Langileak ez zegozkien lanak egiten, haietako bat beharrezko prestakuntzarik gabe; zortzi menu hamahiru egoiliarrentzat; eta kaltegarriak izan daitezkeen materialak egoiliarren eskura. Martxoan abiatu zuen ikuskaritza Gizarte Ekintzako Sailak, egoiliar baten senideak jarritako salaketa batengatik. Txosten zigortzailea ireki diote egoitzari. 


2026ko ekainaren 26an - 11:35
Azken eguneraketa: 13:52
Durangoko Tabira Berri egoiliarren zentroa. ORAIN
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Langileak ez zegozkien lanetan, antolaketa gabeziak eta menu gutxiegi. Frogatuta geratu da Durangoko Tabira Berri adinekoen egoitzako egoiliarren senideek zein langileek orain arte salatutakoa. Martxoaren 27an bertaratu ziren Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Saileko ikuskatzaileak. Hilabeteko epea eman zieten zuzenketak egiteko, baina maiatzaren 27an itzuli zirenean, bere horretan jarraitzen zuten arau hausteek. 

Diputazioak salaketa baten harira egin du ikuskaritza, 2024an egoiliar baten senideak salaketa jarri zuenean, egoitzaren "prekaritatea eta gabezia larriak" salatzeko. Amak egoitzan igarotako bi urteak "amesgaizto bat" izan zirela adierazi zuen. Bi urte geroago, ikusketa abiatu du Gizarte Ekintzako Sailak. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak aurkeztu ditu ateratako ondorioak, Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean. 

Arau hauste ugari

Azaldu duenez, ratioetan ez dute irregulartasunik topatu, nahiz eta arreta zuzena ematen zuen langile bat egon, horretarako formakuntzarik eduki gabe. Bestetik, "hutsuneak" aurkitu dituzte lanaren antolaketan eta langileen funtzioetan, zenbait langile zegozkien lanak egiteaz gain, beste batzuk egiten zituztelako, esaterako, arreta zuzenean ibili beharko luketenek janaria prestatu beharra. Elikaduran ere topatu dute arau haustea: behar baino menu gutxiago eskatzen ziren, zortzi menu hamairu-hamalau egoiliarrentzat. 

Diputatuak segurtasuna ere azpimarratu du. Besteak beste, egoiliarrentzat arriskutsuak izan daitezkeen material eta tresnak haien eskura zeuden, baina ikusketa bukatu baino lehenago konpondu du hori egoitzak. Egoiliarren higieneari eta zaintzari dagokionez, ez dute arau hausterik aurkitu.  

Antxustegik argitu du ez dela "desnutriziorik" izan, baina ezin dela garrantzia kendu horregatik. "Ikusitakoaren arabera, ez da gertatu legeak arau hauste larritzat jotzen duenik, baina horrek ez du esan gura ez denik larria. Kontrakoa: erabiltzaileei eragiten dieten arau hauste guztiak aztertu behar dira, eta neurriak hartu". 

Naiz-ek urte hasieran jaso zituen egoitzako langileen "esplotazio" salaketak, eta martxoan egoitzako zuzendaritzarekin hitz egin zuen, langile zein senideek jarritako salaketen harira. Honek, ordea, ukatu egin zituen akusazioak. Hilabete batzuk geroago egindako ikuskapenak frogatu du senideek salatutakoa. Txosten zigortzailea zabaldu diote egoitzari.

Egoitzen prekaritatea

Antxustegik azpimarratu du "gardentasun ariketa bat" egiteko helburuarekin egin dutela ikuskapena. Elkarrekin Bizkaiko batzarkide Eneritz de Madariagak zalantzan jarri du: "2024tik daramate hau salatzen eta abisatu ez balitz, orduan hauteman zitekeen eta ez orain".

PPko Raquel Gonzalezek gehitu du elikadura "negargarria" dela. Batzarkideak onartu du foru aldundiak zerbait egin duela, baina egindakoak ez duela erantzunik eman. "Diozu entzuten duzuela eta esku hartzen duzuela, eta ez dut zalantzan jartzen, baina ez dituzue arazoak konpontzen". Popularren bozeramaileak adierazi du egoitza batzuentzat errentagarriagoa dela isuna ordaintzea, irregulartasunak konpontzea baino. Horregatik, isunen sistema aldatu beharko litzatekeela iradoki du. 

EH Bilduko Urtzi Ostolazak auzi berari heldu dio. "Familiek dirutza ordaintzen dute, baina, aldi berean, langileen baldintzak eta egoiliarrentzako arreta prekarizatu egiten dira". 

Ostolazak gehitu du egoitzaren jabea Osakidetzako erizaina dela, beste egoitza gehiago kudeatzen dituela eta ea nola irits daitekeen denera. Elkarrekin Bizkaia-ko batzarkideak iradoki du "zentzuzkoena" beste egoitza horietako txostenak aurkeztea litzatekeela, Tabira Berrin salatutakoak beste leku batzuetan gertatzen ez direla "ziurtatzeko".

 


Zaharren egoitzak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.